Gerra esklaboen “lan eskubidea”, Francoren arabera

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Auschwitz. Izena esan eta nazien kontzentrazio eremuak datoz burura. Eta zinismoa, bertako sarreran irakur zitekeen Lanak askatuko zaitu leloa gogoan. Sarrera hura gainditu zuten gehienak ez zituelako lanak askatu, heriotzak baizik. Eta ez da ia inoiz gogoratzen, baina Francok ere erabili zituen bere kontzentrazio eremuak. Bertan pilatu zituen —ez epaiketa eta ez akusazio— gerra preso eta esklabo bihurtutako milaka eta milaka pertsona. Presoen “lanerako eskubide-derrigorra” dekretuz ezarrita. 1937ko maiatzaren 28an.

Lan egitera behartutako gerra presoak, 1941ean. Erronkari eta Bidankoze arteko errepidea egin zuten.

Lan egitera behartutako gerra presoak, 1941ean. Erronkari eta Bidankoze (Nafarroa) arteko errepidea egin zuten.

Bilboko eskolapioak, Lizarra (Nafarroa), Murgia (Araba), Urduña (Bizkaia), San Juan de Mozarrifar (Zaragoza, Espainia), Miranda de Ebro (Burgos, Espainia)… gune beltzak gerra galtzaile askoren memorian, ezezagunak iritzi publikoan. Kontzentrazio eremuak dira. Asko. Dozenaka. 180 guztira, historialarien esanetara. Haietako 104, finkoak gainera. Ofizialki, 1937ko maiatzetik aurrera. Berez, lehenagotik. Hiriak eta gerra presoak hartu ahala presook non sartu arazo bihurtu zitzaiolako faxisten gerra aparatuari . Batzuk epaitu eta hiltzera edo kartzelara bidaltzen zituzten; Beste askoren aurka, ordea, ez zuten kargurik, baina libre utzi nahi ez. Eta Espainia Bakar, Handi eta Librea berreraikitzeko esklabo lanetan erabil zitezkeen. 281. dekretuak bihurtu zuen lege aukera hori, 1937ko apirilaren 28an. Francisco Franco zelako batek sinatu zuen.

preso-dekretu1

1937ko maiatzaren 28ko dekretua, gerra presoak langile behartu bihurtzeko.

1937ko maiatzaren 28ko dekretua, gerra presoak langile behartu bihurtzeko.

Dekretuaren testuak berak argi dio zertara zetorren agindua: “Lurrak birkonkistatu ahala, preso eta kondenatu kopurua gero eta handiagoa da, eta halakoen patua eta tratamendua lehentasunez bideratzea komeni da”. Komenientzia kontua baitzen “inputazio zehatzik gabeko atxilotu soilak” —gerra presoez ari da beti ere— onura ekar zezakeen “lan sistema batera” bideratzea. Kartzeleroaren mesederako lanak egitea “presoaren lan eskubidea” eufemismoarekin bataiatu zuen Francok dekretu hartan, “Estatu Berriak” eskubide hori “preso gorriei” ezin ziela ukatu eskuzabaltasunez erantsita. Presook administrazio publikoarentzako “zama ekonomiko ez bihurtzea” ere aipatu zuen Francok 281. dekretuan. Eta eufemismoa erabat biribiltzeko: “Lan eskubide horrek eskubide-funtzio edo eskubide-betebeharra du abiapuntu, eta, beharrezkoa balitz, eskubide-derrigorra”. Funtzio, bertebehar eta derrigorra zen eskubidea huraxe. Eguneroko mando-lanaren truke 0,5 pezeta jasotzeko, beste eufemismo bati esker; eguneko soldata 2 pezetan ezarri baina horietatik 1,5 presoaren mantenurako gordeko zirela jaso baitzuen arauak.

“Se concede el derecho al trabajo a los prisioneros de guerra y presos por delitos no comunes”.

Ofiziala zen jada. Gerra presoak matxinoen interesen araberako langile militarizatuak bihurtu ziren 281. dekretuari eskerrak.

Arau hura baino lehenagotik ere, ordea, frankistek kontzentratu egiten zituzten gerra presoak. Kargurik gabe, epaiketarik gabe, bizi baldintza oso gogorretan. 1937ko maiatzeko agindu harekin, ofizial egin ziren ordura artekoak eta handik aurrera irekiko zirenak. 1947ra arte erabili zituen Francok esplotazio eta garbiketa ideologikorako eremuok. Guztietan, presoak torturatu, zentzatu, esplotatu egin zituzten. Zergatik eta “anti-Espainia” deitzen zioten zerbaiten alde borrokatu izanagatik.

1938an -gerra presoak langile esklabo bihurtzeko dekretua atera eta urtebetera- Francoren agindupeko lurraldeetan zeuden kontzentrazio eremuak.

Faxistek Kontzentrazio Eremuen Ikuskaritza Nagusia sortu zuten, kontzentrazio eremuak kudeatzeaz eta garatzeaz arduratzeko. 1938an 45 kontzentrazio eremu eta 50 langile batailoi zeuden jada Francoren menpeko lurretan. Zarauzko Udalak ere eskatu zituen halako presoak, 1938ko apirilaren 27an, herrian hainbat lan ahalik eta sos gutxiago gastatuta egin ahal izateko (KLIKATU HEMEN GEHIAGO IRAKURTZEKO). Ez zuten helburua lortu. Beste askok bai. Euskal Herriko hamaika errepide eta gerra azpiegitura egin zituzten frankistek behartutako langile haiekin. Milaka izan ziren (PRESO ESKLABOEK EUSKAL HERRIAN EGINDAKO LANEN MAPA INTERAKTIBOA IKUSTEKO, KLIKATU HEMEN).

Soldadu langileen 38. disziplina batailoiko kide batzuk, Oiartzungo Gurutze auzoan. KATTIN TXIKI ELKARTEA

Soldadu langileen 38. disziplina batailoiko kide batzuk, Oiartzungo Gurutze auzoan. KATTIN TXIKI ELKARTEA

Herrira kanpoko presoak ekarri nahi, eta dozenaka herritar kanpoan esklabo lanetan eduki. Zarauztik ihes egin eta hemendik kanpo preso egin zituzten asko eta asko, izan ere, langile batailoietan aritu ziren lanean. Herriko gerra beteranoek osatutako iheslarien ibilera-zerrendari erreparatzea nahikoa da horretaz jabetzeko (ZERRENDA IKUSTEKO, KLIKATU HEMEN eta HEMEN). Halakoxea izan zen txanpon hura galtzaileentzat: alde guztietan ifrentzu. Inongo epailek ezarri gabeko zigorra bete zuten lanean, behartuta, animalien pare irauten. Patxi Loiola Anzuola zarauztarraren esklabo ibileren testigantza Joxemiel Barandiarani esker jaso dugu (KLIKATU HEMEN TESTIGANTZA IRAKURTZEKO).

Bizipen haiek berreskuratzeko lanean ari dira bateko eta besteko erakunde, elkarte eta norbanakoak. Lan horren erakusle da Oiartzungo Kattin Txiki Elkarteak duela urtebete egin zuen omenaldia (KLIKATU HEMEN IKUSTEKO). Oiartzun inguru haietan esklabo lanetan aritu zirenen artean, bazen zarauztarrik. Marzial Olaizola Iruretagoiena bat. Eta jakin ere egingo ez ditugun beste asko.

Utzi iruzkina