Udal agintariak, preso eta diru eske

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Behin frankisten esku erorita, milaka euskal herritar aritu ziren haientzako esklabo lanetan. Faxisten “Gurutzada Saindua” pertsonak, ideiak, erakundeak, herriak… suntsitzen ari zen, eta horretarako dirua behar zuen. Dirua lortzeko, arerio politikoak isun, errekisa eta konfiskazio bidez odolustu zituzten hasteko. Segidan, langile behartu bihurtu zituzten. Zarauztar askok eman zituen urteak halako lanetan. Zarauzko Udalak ere preso esklaboak ekartzeko erabakia hartu zuen 1938ko apirilaren 27an.

Besteak beste, Zarauzko malekoia konpontzeko ekarri nahi zituzten presoak udal agintariek.

Besteak beste, Zarauzko malekoia konpontzeko ekarri nahi zituzten presoak udal agintariek.

Matxinadak ekarritako gerraren eraginez, diruz urri zegoen Zarauzko Udalak ere ez zuen inolako arazorik izan preso politikoak langile behartu gisa erabiltzeko. Horren lekuko dira Zarauzko Udal Artxiboko akta liburuak. 1938ko apirilaren 27an Tiburcio Legorburu alkateak eta Marcelino Manterola, Jose Maria Aristi eta Juan Maria Arruti zinegotziek udaletxean egin zuten batzarraren akta, esaterako, argigarria da.

1938ko apirilaren 27ko udal batzaren bilera akta. Bertan, presoak herri lanak egitera ekartzeko erabakia hartzen da.

1938ko apirilaren 27ko udal batzaren bilera aktako orrialdea. Lehen paragrafoan, presoak herri lanak egitera ekartzeko erabakiaz mintzo dira.

Bilkura hartan, alkateak udal batzako kideei jakinarazi zien herri lanak egiteko presoak ekartzeko ahaleginean ari zela. “Presook mantentzeko, haiei Kasino Etxean ostatu emateko baimena lortzea da aukera”. Javier Arzelus zen Kasinoko jabea. “Bertan jar daitezke lastaira batzuk eta konfiantzako bi emakume ardura daitezke sukaldeaz eta garbiketaz”. Udalbatzako kideek egoki ikusi zuten alkatearen asmoa, gerra presoak -gerra betean zeuden frankistak, eta kartzelak arerio politikoz gainezka zeuzkaten- esklabo lanetarako ekartzea normaltzat jo zuten. Behin atxiloak herrira ekartzea lortuta, Kasinoa okupatzeko baimena eskuratu eta konfiantzako bi emakume aurkitu behar zirela ebatzi zuten.

Maiatzaren 23ko udal bilkuran, Francisco Franco Bahamonde generalisimoari berari eskaera egitea proposatu zuen alkateak, “hogeita hamarren bat preso bidaltzeko eskatzeko”. Zertarako? “Zarauzko bide eta pasealekuak urbanizatzeko eta konpontzeko, malekoi zati bat egiteko eta udaletxe zena eraisteko”. Presooi, ohea, jatorduez gain, pezeta bateko jornala emateko prest zegoen Udala.

Zarauzko kasinoa. Eskulan merkea lortzearren, presoak lanera ekarri eta bertan ostatu ematea pentsatu zuen ZArauzko Udalak 1937an. GIPUZKOAKO ARTXIBOA

Zarauzko kasinoa. Eskulan merkea lortzearren, presoak lanera ekarri eta bertan ostatu ematea pentsatu zuen Zarauzko Udalak 1938an. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Abenduaren 17ko gutun batean, Gipuzkoako Gobernadoren militarrak ezezko erantzuna eman zien eskatzaileei: “Ezin liteke baietzik eman Langile Espezialduen 148. Batailoiko hogeita hamarren bat kide udalerri horretan lan egitera bidaltzeko eskaeraren aurrean, langile horiek guztiak beharrezkoak baitira errepide zerbitzuetan”.

Legorburu alkateak ez zituen lortu nahi zituen presoak. Ez zuen lehen aldia ezezkoa jasotzen. Legorburuk berak beste ezezko biribil bat jasoa zuen militarrengandik, izan ere, bi urte lehenago. Legorburu Zarauzko zinegotzi zen garai hartan; Agapito Iurrita alkate.

1936ko irailaren 20an herria hartu orduko esan zuten frankistek Zarautz “bere onera ekartzea” zutela helburu. Beraiek babestutako altxamenduari erantzunez antolatutako errepublikazaleei egotzi zizkieten herrian gertatutako kalte guztiak. Miliziano errepublikazaleek su eman zioten udaletxeari frankistak sartu aurreko azken mementoan, eta udaletxe berria eraikitzea helburu nagusi bihurtu zitzaien udal agintariei. Beste helburu batzuk ere bazituzten, eta dirua behar zuten asmook gauzatzeko. “Hondakin material eta ekonomiko hauen guztien gainean hasi behar dugu Zarauzko udal bizitza berreraikitzen”, zioten faxistek boterea hartu berritan, 1936ko urriaren 4ko udal bilkura aktan. Berehala jo zuten arerio politikoen sos bila. Horren lekukotza ere udal aktetan dago jasota.

1936ko urriaren 18an, esaterako, Iurrita alkatea Juan Pruna Fernandez Florez komandante militarrarengana bidaltzea erabaki zuten, udalbatzaren desioa zein zen jakinarazi ziezaion: “Herrian ezartzen ari diren isunen parte bat eskura dituen bide guztiak erabiliz udaletxe berria eraikitzeko gastuetarako bidera dezala”. Marcelino Manterola, Eduardo Esnal, German Eizagirre eta Modesto Piquer ziren zinegotzi lanetan. Azken horri, gainera, “errekisatutako altzariak gordetzeko lokal bat aurkitzeko ardura eman zitzaion.

1936ko urriaren 18ko udal bilera aktako orrialde bat. Azken paragrafoan, isunen ehuneko bat eskatzeko erabakiaz mintzo dira.

1936ko urriaren 18ko udal bilera aktako orrialde bat. Azken paragrafoan, isunen ehuneko bat eskatzeko erabakiaz mintzo dira.

img460

1936ko urriaren 18ko bilkura akta. Goiko paragrafoan, militarrek ezarritako isunen parte bat eskatzea erabaki dute. Bigarrengoan, errekisatutako altzariak gordetzeko lokala aurkitzea.

Azaroaren 7an, isunen partea lortu gabe zegoen Zarauzko Udala, egun horretako bilkuran batzorde bat sortu baitzuten propio Zarauzko komandante militarrarekin hitz egitera joateko, “Udalari ezarritako isunen ehuneko bat eman diezaion, beste hainbat herritan ematen ari diren bezala”. Batzordeko kide izendatu zituzten Iurrita alkatea eta Modesto Piquer eta Tiburcio Legorburu zinegotziak.

1936ko azaroaren 14ko bilkuraren akta. Bigarren paragrafoan, militarrek ezarritako isunen %50 eskuratu ezinda ageri dira udal agintariak.

1936ko azaroaren 14ko bilkuraren akta. Bigarren paragrafoan, militarrek ezarritako isunen %50 eskuratu ezinda ageri dira udal agintariak.

Astebete geroago, azaroaren 14ko bilkuran, Piquer zinegotziak batzordearen lanen emaitzaren berri eman zuen: Azpeitiara eta Donostiara joan ziren, “isunen %50 eskuratzeko” helburuarekin. Batek eta besteak esan omen zien “ezinezkoa” zela. Irabazien partiketan, militarrek erabakitzen zuten zenbat eta nori. Udal agintariek ez zuten ahaztu behar uniformedunen aginduz eta aginduetara mugitutako zerbitzariak zirela.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s