Ihes betea zilegi balitz

Amagoia Gurrutxaga Uranga

1938. Maiatzak 22 ditu. 795 presok ihes egin dute Ezkabako kartzela militarretik (Nafarrroa), frankismoak inoiz ezagutu duen ihesaldirik handienean. Gehienak atxilotu eta asko hil egingo dituzte. Zarauztar bat dago iheslarien artean: Manuel Trula Arrecigor.

Manuel Trula Arrecigor. Gazterik alargundutako eta, ondorioz, seme-alabak miseria gorrian hazi behar izan zituen amaren semea. Haurtzaroko parte bat Mixerikordian emana. Bertan ageri da erroldatuta 1930ean, 14 urte zituela, “asilado” izengoitiarekin.

Manuel Trula Arrecigor. El Día egunkarian, 1934ko abenduaren 25eko zenbakian, albiste bihurtuta:

“Poliziak pertsona hauek atxilotu ditu, agiririk gabe ibiltzeagatik: Mariano Garcia Pinema, 19 urte, ezkongabea, igeltseroa eta Madrilgoa jatorriz; Juan Sanchez Martinez, 18 urte, arotza, ezkongabea, Sevillakoa; Severiano Gonzalez Arias, 19 urte, harakina, Leongoa; Antonio Ortega Lopez, 22 urte, ezkongabea, zapataria, Murtziakoa; eta Manuel Trula Arrecigor, 18 urte, jornaleroa, Zarauzkoa.

Merkantzia tren batean zihoazen guztiak. Altsasun igoak ziren trenera, Irunera iristeko asmoz. Bakarrak ere ez zeukan agiririk. Ezta etxerik ere”.

Manuel Trula Arrecigor Pasaian atxilotu zuteneko albistea, 1934ko abenduaren 24an.

Manuel Trula Arrecigor Pasaian atxilotu zuteneko albistea, 1934ko abenduaren 25ean.

Urriko iraultza pasatu berria zen, eta segurtasun indarrek zelatari lana areagotuta zeukaten ideia aurrerakoiak ardatz hartuta antolatzen hasiak ziren langile guneetan. Eta Trula Pasaian atxilotu zutenerako, Ezkaba mendiko gotorleku militarra kartzela bihurtua zuten, iraultza hartan nabarmendutakoak preso sartzeko. 1934ko azaroaren 21ean bihurtu zuten kartzela Ezkabako gune militarra, hain zuzen ere. Bertan eman zuen azken hatsa Trulak, 23 urte gazterekin, 1940ko azaroaren 29an. Ofizialki, “bihotzaren kolapsoa” izan zen heriotzaren arrazoia. Benetako arrazoiak, ordea, aurreko lau urteetan aurkitu behar dira.

Manuel Trulak, izan ere, Francoren espetxeetan eman zituen bere bizitzako azken 4 urte, 3 hilabete eta 28 egunak. Eta horien erdiak baino gehiago, Ezkabako gotorlekuan. 1936ko uztailaren 31n hartu zuten preso, eta “bizi arteko espetxe zigorra” ezarri zioten epaile militarrek Orensen (Galizia), 1937ko otsailaren 11n, 1298/1936 auziaren barruan.  Arrazoiak: “Matxinada militarra”. Zahatzagoak izate aldera: “Ponferradan [Leon] beste iraultzaile batzuekin kontzentratu zen, Guardia Zibilaren kontra borrokatuz eta zubi bat zartatzeko lanetan parte hartuz”. Epaiaren osatzeko, epaile bihurtutako militar matxinoek testuinguru ezin argigarriagoa idatzi zuten, nazkatu arte errepikatuko zuten gezur mordoa -errepublikaren alde borrokatu zirenak matxino bihurtzeko eta benetako matxinoak legalitatearen berme gisa finkatzeko- lerro bakan batzuetan laburbilduz:

“Que al iniciarse en 17 de julio de 1936 el Movimiento Nacional por el cual el Ejército está rescatando a España de la tiranía del Gobierno denominado del Frente Popular que aliado con organizaciones revolucionarias se proponía implantar la dictadura del proletariado y la destrucción de los fundamentos de la nacionalidad española, contra las autoridades militares, únicas legítimas ya se alzaron en gran parte de la Península grandes contingentes de elementos revolucionarios que dirigidos por jefes militares traidores a España aún hostilizan a la fuerza pública en algunas regiones”.

Trula Ezkabara noiz aldatu zuten, ez dugu jakin ahal izan. Jakinekoa da bertan zela Euskal Herrian ezagutu den preso ihesaldirik handiena gertatu zenean, 1938ko maiatzaren 22an. Eta jakinekoa da ihes egin zuten 795 preso haietako bat ere bazela. Jakinekoa da, baita ere, Ezkaban bereziki gogorrak zirela presoen bizi baldintzat. Hamaika testigantza daude atxiloen eguneroko latzaren berri ematen dutenak.

Ezkabako gotorlekua, 2009ko argazkian. NAFARROAKO GOBERNUA

Ezkabako gotorlekua, 2009ko argazkian. NAFARROAKO GOBERNUA

 Jacinto Otxoarena, esaterako, kartzelara sartu berritako gomutak goseaz eta zorriez mintzo: “Hura zikina zen, gaizkile zuloa ematen zuen, hotz handia egiten zuen. Zerbitzu buruak esan zuen: ‘Hauek Leninen semeak dira eta beren ama Pasionaria da’. Ez zegoen ez urik ez janik; eta presoek inoiz ikusi gabeak nituen gose aurpegiak zituzten. Dirua eta zorriak bakarrik ametitzen zizkizuten. Azken horiek ugari ziren oso. Jateko, orduoro ematen ziguten ur salda. (…) Han egin genituen urte guztietan gose latza pasatu genuen gabonero, elurra egiten bazuen ez zutelako gora janaririk igotzen. Oso gaizki ikusten bagintuzten, patata azal egosiak ematen zizkiguten”.

Leopoldo Camara Gonzalezek goizeroko Manterola markako txokolate ontza ikusezina zeukan akorduan: “Ontza hura zen gure gosaria, eta 120 bat gramo ogi ematen zizkiguten egun osorako. Bazkaritarako, dozena erdi txitxirio ale ematen zizkiguten antosin bat uretan. Afaritarako zoparik bazen, azkenik, lupa behar zen ezer aurkitzeko, eta baba handiak baziren ez ziren inondik ageri. Patiora irteten ginenean, zaborra botatzen zuten lekura laisterka joaten zen preso jendea, eta oiloak legez hasten ziren aztarka, zaindariek edo mandazainek —hala deitzen genien presorik pribilegiatuenei— botatako patata edo platano azalen baten bila. (…) Ihesaldia baino lehen penagarria zen jatena. Baba handiak harrez beteak zeuden. Ur zikina eta egurra besterik ez ziguten ematen. Lata hondarrekin egiten genituen guraizeak, bizarra mozteko labanak, orraziak. Bazter guztietan genituen zorriak. Patioan esekitako galtzontziloak mugitzen ikusia naiz ni, hainbeste zorri zituzten”.

Egoera horretan, gaisotzea normalena zen. Garcia San Miguel zen medikua Ezkaban, Otxoak nabarmendu izan zuenez. “Lurrean etzanda zeundela, zer zeneukan galdetzen zizun eta, oinarekin buelta emanarazi ostean, purgantea ematen zizun. Ez dakit zertarako zen purgante hura, ez genuen ia ezer jaten eta”. Honorato Moreno Barreno presoa hagin bat kendu ostean hil zen. Zuloa gaiztotzen-gaiztotzen hasi eta ahoa erabat itxi arte handitu zitzaion zauria. Inongo medikuk begiratu gabe hil zen”. Eta zigor ziegetara sartutako presoak erdi itsu ateratzen ziren, betirako bertan geratzen ez zirenetan.

Mojak eta apaizak arduratzen ziren presoen zaintzaz, zaindari militarrekin batera. “Apaiz batek ostikadaka eta zartagailuarekin ateratzen gintuen presoak mezetara joan gintezen. Bazen apaiz jatorrik, hala ere”, Camararen esanetan. Jose Maria Pascual aipatzen zuten Ezkabatik bizirik atera ziren preso ugarik, apaiz jator gisa.

Ezkabako kartzelako barrualdea.

Ezkabako kartzelako barrualdea.

Baldintza horietan bizi ziren atxilotuak, 1938ko maiatzaren 22an, gotorlekuaren jabe egin ziren. Igandea zen, eta arratseko zortziretan hasi zen gutxi batzuek antolatutako ihesaldia. Zaindariei armak kendu zizkieten. Ez zuten tirorik egiteko asmorik, zelatari guztiak hiltzeko aukera izan zuten eta ez zuten baliatu, baina bat oihuka hasi zen, eta hura hil egin zuten, ihesaldia ez zedin zapuztu. “Libre zarete! Frantziara!”, oihukatu zuen norbaitek. Hasiera batean, zalantza izan zuen askok. Zaindari ankerren jolas makabro berriren bat ote zen? Kartzelatik irteten hasi ziren, hala ere. Banaka, dozenaka, ehunka. Oinutsik gehienak eta goseak guztiak.

795 pertsona Ezkaba mendian lasterka, nondik zebiltzan jakin gabe. Ihesaren abisua iheslariek espero baino lehenago jaso zuten frankistek, ordea, eta berehala hasi zen gizon ehiza. Haietako 207, harrapatutako tokian akabatu zituzten. 585, preso hartu zituzten berriz. Azken haien artean zegoen Manuel Trula Arrecigor zarauztarra. Asko eta asko, Ezkabara bueltan eraman zituzten. Jazarpen latza jaso zuten ordainetan. Lurrazpiko zuloetan sartu zituzten. Ia bost hilabete egin zituzten bertan, aire garbia arnasteko aukerarik gabe, goseak eta hotzak akabatzen, jipoiak jasotzen. Janaria eramaten zieten zaindariak ahoa zapiz tapatuta sartzen ziren, hainbesterainokoa zen kiratsa. Mediku batek salbatu zituen, bertako baldintzak onartezinak zirela esanda.

Ezkabako kartzela militarreko pabilioi nagusietarako sarrerako mezua. JPEREIRA

Ezkabako kartzela militarreko pabilioi nagusietarako sarrerako mezua. JPEREIRA

Francoren espetxe sistema akats bistan utzi izana barkatu ezin, eta Ezkabako 14 preso fusilatu zituzten Iruñean, jendaurrean, 1938ko irailaren 8an. Denen zentzagarri. Beste hiruri ere antolaketan parte hartu izana leporatu zieten. Ihes egindako beste 568 presoei buruz idatzi zutena: “Hanka egitera mugatu ziren ihesaldia baliatuz”. Haien artean zen Trula Arrecigor. (KLIKATU HEMEN IHESALDIARI BURUZKO BIDEOA IKUSTEKO)

Ez zuen erabateko ihesa lortu, hala ere. Ezkabako kartzelan hil ziren 290 presoen zerrendan dago idatzita haren izena La fuga de San Cristóbal 1938 (Felix Sierra Hoyos, Pamiela) liburuan. 1940ko azaroaren 29ko datarekin. 23 urte eta “bihotz kolapsoa”. Antsoaingo hilerrian dago lurperatuta, gosez, hotzez eta frankismo gaitzez gotorlekuan hildako beste 19rekin batera.

1945eko uztailaren 6an itxi zuten Ezkabako kartzela. Memoria historikoa berreskuratzeko elkarteen arabera, 1934tik ordura artean beste ehunka pertsonaren hilkutxa bihurtua zen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s