Okupazioak 80 urte

Gaur 80 urte, tropa faxistek Zarautz hartu zuten. Jose Iruretagoyena Solchaga koronela zen tropa haien buru nagusia. Lodosan (Nafarroa) tradizio militarreko etxean 1879an jaioa, Jose Solchaga Zala jeneralaren -Irun eta Donostia hartu zituzten indarren burua- lehengusu propioa zen. 1895ean hasi zuen karrera militarra, eta Marokoko Gerran parte hartu zuen.

Jose Iruretagoyena Solchaga koronelaren agindupeko tropek hartu zuten Zarautz.

Jose Iruretagoyena Solchaga koronela. Bere agindupeko tropek hartu zuten Zarautz 1936ko irailaren 20an.

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Tolosako sektoreko indar guztien agintaria izan zen 1936ko abuztuaren 11tik aurrera, Solchaga lehengusuarekin batera. Andoain okupatu zuen bere tropekin eta Orio, Zarautz, Zumaia, Deba… hartu ondoren, Ondarroaraino heldu zen 1936ko azaroan. Duela 80 urteko estatu kolpean eta kolpearen ondorengo gerran eskainitako zerbitzuen truke, jeneral gradua lortu zuen. Nafarroako seme kuttun izendatu zuten 1939an -iaz kendu zioten izendapena, Nafarroako Memoriaren Legea betez-. Valentziako gobernadore militar, Iruñeko alkate eta Jefe Local eta Espainiako Gorteetako prokuradore ere izan zen -gaur egungo diputatuen eta senatarien parekoa-.

Iruretagoyenaren tropen etorrerarekin hasi zen gerra ofizialki Zarautzen. Ordura arte, izan ere, alarma egoera besterik ez zuten ezarri Espainiako II. Errepublikaren alde eratu ziren egiturek. Matxinoak, berriz, gerra deklarazioa hasieratik beretik eginda zetozen. Burgosen zeukaten behin-behineko aginte guneak, Defentsa Nazionalerako Batzordeak, uztailaren 28an ezarri zuen Justizia Militarraren Kodea bere menpeko lurraldeetan. Gerra egoeretarako legedia indarrean zegoen. Militarrak justizia egile ofizial bakarrak bilakatu ziren.

Zapi zuriekin erantzun zioten zarauztar batzuek haien gerra deklarazioari, Defentsa Batzordeak utzitako zuloa bake giroan bete zezaten eskatzeko edo. Hainbat dendatan aurkitutako guztia hartu eta udaletxe azpiari su eman zioten milizianoak gauean herriari su ematera bueltatuko zirela zabaltzen hasi zen herrian, gainera. “Celestino Albizu bazen hemen elektrizista. Kotxe bat bazuen, kotxe kaskar bat. Kotxea hartu eta joan omen zen Zubigainera edo ez dakit nora, bandera zuria kotxean jarrita”, Bonifacio Mutiozabal Begiristainen esanetan.

Juan Iturria Astiazaranek ere zapi zuriak ditu gogoan: “Etxean abertzaleak ginen, baina azken ordu haietan desordena handia zegoen. Normala ere bazen, zer egin ez zekitelako, ebakuazioa eta beste martxan zeudelako. Hala, erreketeak Aian zeuden, eta gure ama zenak maindireak eman zituen, kotxean jarri eta Aiara erreketeen bila joateko. Eta gu abertzale izan!”.

1936ko irailaren 22ko DIARIO VASCO egunkarian, Zarautz frankisten esku zegoela iragarriz.

1936ko irailaren 22ko LA VOZ DE ESPAÑA egunkaria, Zarautz frankisten esku zegoela iragarriz.

Zarauztik hiru automobil abiatu ziren bandera zuriarekin. Bat Aiara, besteak Oriora, erreketeak hara helduak zirelako eta Zarautz arriskuan omen zegoenez bizkor etortzeko eskatzeko. Aian erantzun zieten hurrengo egunean jaitsiko zirela Zarautzera. Errekete batzuek, ordea, zarauztarrek esandakoa entzunda, etortzea erabaki zuten. Tartean zen Periko Anzoategi Zaragozako falangista ezaguna eta udatiarra, Zarauzko abertzaleei eta Argentinako enbaxadoreari esker ebakuatua. Lapurdira abertzaleen laguntzari esker ihes egin eta falangista uniformea soinean itzuli zen Nafarroara.

Hiru autotan heldu ziren herrira, arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera. Beste iheslari eskuindar baten, Candido Arozena industrialaren alabak, Carmenek, bandera gorri-horia zabaldu zuen karmeliten kaperauen etxe parean. Bandera haren azpitik pasatu ziren faxistak, haiei harrera egitera irtendakoek Viva España! eta Vivan los requetés, falangistas y nuestro valeroso ejército! oihukatzen zuten bitartean. Parrokiara joan ziren zuzenean etorri berriak. Han otoitz egin eta segidan udaletxera jo zuten. Hango areto nagusian bandera gorri-horia jarri zuten ¡Viva España!, ¡Viva Navarra!, ¡Viva los requetés y falangistas! eta antzeko oihuekin. Jarraian, eskailera batera igo eta Udaletxean eta Otamendiko fatxadan euskaraz eta erderaz zeuden bi plakak, Errepublika Plaza zenekoarenak, mailukadaka puskatu zituzten. Ignacio Aginaga errepublikazaleak jarri arazi zituen 1932ko urrian; Ignacio Aginagak berehala egin zien harrera okupatzaileei, errepublikazaletasuna bat-batean ahaztu zitzaion. Ez zen bakarra izan herrian berehalako aldaketarako joera erakusten.

Zabalguneko kale baten plaka ere puskatu zuten. Xabier Lizardi (Jose Maria Agirre Egaña) poetaren izena zeraman 1934ko ekainaren 10etik. “Ezin dut ulertu horrelako gorrotoa izatea inori. Hil eta berehalaxe haren omenez jarritako kale izena, Zarauzko gizon eta mutil batzuek plaka bota, txikitu, eta zaldi kakatara bota zuten. Gure anaia eta aita jaio ziren etxeko plaka, berriz, lurrera bota eta txiki-txiki egin zuten. Ez dut konprenitzen. Lau edo bost urte hil zela [1933ko martxoan hil zen]; gorrotoa izan daiteke hain luzea eta gogorra? Gainera, zer zuen hark? Abertzalea izatea. Pertsona ondratua eta ona zen oso”. Mari Karmen Agirre Egañarenak dira hitzak. “Anaia hil zenean [1933an], pena handia hartu nuen. Alarguna lau ume txikirekin geratu zen, eta gorra. Gerra etorri zenean, ordea, pentsatu nuen: Jaungoikoak ederki egiten ditu gauzak! Orduan hil izan ez balitz, haiek hilko zutelako gerran”. Hori dioenak badaki Jose Ariztimuño Aitzol apaiza fusilatu zutela; eta bere anaiak, Xabier Lizardi poeta handiak, Aitzol lagun izan zuela “euskaldungoaren berpizkundea” hauspotzeko lanetan.

Gorrotoa ez zen plaka batzuk txikitzera mugatu, ordea. Irailaren 20 hartako iluntzean, Zigordia kaleko 7. zenbakiko etxetik atera zituzten karlistek aurrez prestatuta zeuzkaten armak. Bi ganbaratan zeuden gordeta: Juliana Plantxadora Amilibiaren sendiarenean eta Jose Linternero Txikia Agirrezabalarenean.

Eskuinean, behekaldean, Zarautzi buruz ari da irailaren 22ko DIARIO VASCO egunkaria.

Eskuinean, behekaldean, Zumaiari eta Zarautzi buruz ari da irailaren 22ko DIARIO VASCO egunkaria.

Nafarroara ihes eginda zeuden zenbait karlista zarauztar, Marcelino Manterola Larrañaga eta Pedro eta Jose Maria Aristi Berazierto tartean, heroi gisa itzuli ziren herrira. Heroi baino, kriminal gisa azaltzen du Manterola, ordea, Beobate baserriko Maria Zulaika Larrañagaren testigantzak:

Frontea etorri aurretik, zarauztarrak aritu ziren gure etxe inguruetan poteei tiroak ematen eta. Gure tabernara etortzen ziren jatera. Bonuak ematen zizkiguten trukean, eta irabazitakoan bueltan etorri eta ordainduko zizkigutela esanez joan ziren. Besteak Aiatik zetozen, eta izara zuria mantalinarekin sartu nuen sabaian. Gure etxeak lau leiho txiki zeuzkan aurrera, eta hantxe jarri genuen. Halaxe etorri ziren. Erdaraz hitz egiten zuten. Joan ziren haiek, eta gure Antonio zena, Sorazuko Juan lagunarekin eta Nekazabalgo Rufinorekin, kamino etxera joan ziren [han egon ohi ziren gudariak eta milizianoak Zarautz ebakuatu artean], kuxkuxera. Graziak, behean egoteko esan zien Rufinok, eta bera gora abiatu zen. Hantxe geratu zen, danba lehertu zelako etxea. Bonba zegoen barruan. Han etorri ziren anaia-eta zer gertatu zen esatera. Nik lehendabiziko lana egin nuen maindire bat estreinatu gabea hartu hura tapatzeko eta hara joatea. Txerria erretakoan nolakoa geratzen den? Halakoxe itxura zeukan Rufino gizarajoak. Manterola Zarauzkoak, maindirea ikustean, esan zidan:

—Zertarako ekarri duzu hori? Ez dago beharrik.

—Tapatzeko —erantzun nik.

—Tapatzeko?

Brodatua zegoen maindirea, eta harekin tapatu eta kamioneta txikian eraman zuten. Negar batean etorri ginen gero. Etxera ailegatu ginenean deiadar moduko batzuk entzun nituen, behetik. Ukuiluko atea zabalik edukitzen genuen egunez, txikia zelako eta ganadu asko zegoelako, eta handik-edo zetozen hotsak. Jaitsi nintzen behera eta, ganadu artean, “señora, por favor… ayúdeme señora, por favor por favor”, Paloma eta Txuri-ren aurrean —oraindik gogoan ditut behi haien izenak—, hiru gizon. Bat hanka moztuta, bestea besoa kenduta, bestea dena-dena zartatuta… Nik lehendabiziko lana egin nuen: altxa gora nire sustoarekin, berotu esnea irekinarazi arte, bota koinaka pixka bat, azukrea ondo eta haiei eramatea. Jaungoikoak pagatuko zidala esaten zidaten…

Eta gero zer da eta haiek handik eraman behar genituela. Etorri zen Manterola hori eta Zarauzko kanposantura. Zaldia karrora lotu eta kanposanturako aldapa hain zen pikea, gurdia altxatu ezin gure zaldiak. Antonio txikia zen, heldu bizkarrarekin geuk karroa, zaldia joaten zen zuzen, eta altxa genuen kanposanturaino. Kanposantura ailegatu ginenean, atean botatzeko esan ziguten. Ezin zitezkeen bota, nik ezin nituen bota. Heldu poliki-poliki eta ahuspez jartzeko. Paretaren kontra jarri zituzten. Botatzeko, frentez botatzeko, bota behar bazuten. “Si tienes cojones, de frente!”, halaxe esan zuten. Eta haiek hantxe, firme! Hala, niri adioska… gu negarrez [negarrari eutsi ezinda kontaketa egitean ere]… Kanposantuko atean hirurak jarri eta denei tiro bana eman zieten. Gero bestea. Eta hirugarren tiroa… Haiek adioska. Besoa falta zuena “gracias señora” esaten ari zitzaidala hartu zituzten tiroak.

Manterolak esan zuen han lagatzeko haiek, beraiek konponduko zirela. Ez dakit zer egin zieten. Guk zaldia eta karroa hartu eta etxera.

Erdaldunak ziren hiru gizon haiek. Ez nituen ezagutzen. Ez ziren ez zahar ez gazte, hogeita hamabost, hogeita hemezortzi, berrogei urte ingurukoak. Gizajoak!”

Zarauztarrek harrera egin zieten lehen salbatzaile haiei eta gaueko hamarrak aldera bi autobusetan jaitsi ziren 50-60 errekete eta falangistei. Jose Cebollero Garces komandantearen agindupean zeuden -Francoren Plana Mayor-eko komandante izango zen denborarekin-, baina biaramuna arte herrira ez jaisteko haren agindua hautsi zuten. Orioko gainean hildako Rufino Larrañagaren galerak ez zien festa zapuztu ez bertakoei ez kanpotik etorri berriei. Miliziano ezezagunen heriotzak, are gutxiago. Jazarpen fisiko, ekonomiko eta sozialean oinarritutako estatu aparatoak berehala hasi ziren lanean, aipatu Marcelino Manterola Zarauzko errepresio makinaren Jefe Local-a eta beste hamaika zarauztar kolaboratzaile prestu zirela. Propaganda faxistak ere halaxe azaldu zuen: konkista terminoetan.

Un36-09-21zarautz

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s