Basarriren esklabo bertsoak: “Nork egin du gure galde?”

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Iñaki Eizmendi Basarri bertsolari handia ere langile batailoietan aritu zen esklabo lanetan. Gerra bukatu eta puskatera, 1940ko urrian atxilotu zuten, erbestetik Zarautzera bueltan zetorrela. Atxilotu eta 38. Diziplina Batailoiarekin aritu zen Aiako Harrian esklabo lanetan. Han bizitakoak, gerrako beste asko bezala, bertsoz eman zituen.

38. Diziplina Batailoiko hainbat kide, 1941en, Aiako Harrietan. Bertan aritu zen Basarri bertsolaria ere.

38. Diziplina Batailoiko kide zenbait, 1941ean, Aiako Harrian. Bertan aritu zen Basarri bertsolaria ere. KATTIN TXIKI ELKARTEA

–I–

Nork egin du gure galde?

Aiako Harritan gaude,

baña beti bezin trebe…

lanean gogoz aritzen gera

soldatarik jaso gabe,

berrehun nagusi badaude

gure artaldean jabe…

Guk umore ona halare!

–II–

Hotz-aldi eta goseak

ta barau egun luzeak

guk baditugu paseak;

gorputzari on egiten nunbait!

gailur hontako haizeak

nola baigeran gazteak,

sano dauzkagu hestek,

ez egon arren beteak.

–III–

Goizean ekin lanari,

egunsentian pozgarri,

txoriak guziak kantari;

ezin atera gentzake orain

inoiz adinbat izardi,

erdietan gaude geldi,

ahal degunean exeri…

zertan nekatu gehiegi?

–IV–

Oiartzungo neskatilak,

muxu-gorri biribilak,

izan zaitezte abilak;

zertan maitatzen dituzute

kaleko ume zirtzilak,

Aitxulei’n daude trankilak

saltzeko dauden opilak,

pare gabeko mutilak.

Zekien modurik onenean, bertsotan azaldu zituen Iñaki Eizmendi Basarri-k esklabo lanetan bizi izandakoak. Gerrara gudari joan eta ezagutu zituen beste egoera asko bezalaxe. Basarri abertzalea zen, izan ere,nabarmen utzia zeukan altxamendu aurreko kultur ekitaldietan eta prentsa abertzalean idazten zituenetan.

Basarri ezaguna zen herrian eta herritik kanpo. 1935eko Bertso Guduan txapela jantzi zuenean, are gehiago. Urtarrilaren 20an izan zen. 21 urte zituen eta ahoa bete hortz utzi zituen entzuleak bere jardunarekin Donostiako Kursaalen. Txapeldun egin eta aste batzuetara omenaldia egin zioten Zarauzko batzokian. 1913ko azaroaren 27an Errezilgo Granada baserrian jaioa zena zarauztartua baitzen ordurako.

Basarriri (bigarrena  eskuinetik) omenaldia egin zioten Zarauzko Batzokian, 1935eko otsailaren 27an. Argazkian, ezkerretik hasita, Joxe Zinkunegi medikua, Joseba Ariztimuño 'Aitzol', Nikolas Ormaetxea 'Orixe' eta Joseba Zubimendi ditu lagun.

Basarriri (bigarrena eskuinetik) omenaldia egin zioten Zarauzko Batzokian, 1935eko otsailaren 27an. Argazkian, ezkerretik hasita, Joxe Zinkunegi medikua, Joseba Ariztimuño ‘Aitzol’, Nikolas Ormaetxea ‘Orixe’ eta Joseba Zubimendi ditu lagun.

Matxinoak altxatu zirela jakin bezain pronto, Basarri prest agertu zen armak hartzeko. Loiola batailoian sartu zen, eta Zaraten, Bidanian eta Arraten ibili zen lehenik. Bizkaiko frontean ere bai. Tarteka, Euzkadi eta Eguna egunkarietarako idazten zuen. Bilboko irratian ere bertsoak kantatzen zituen aldian behin, gerrako kontuak eta etsaiaren izugarrikeriak salatu ohi zituen. Horren erakusgarri, Durango (Bizkaia) bonbardatu osteko bertso sorta hau:

Egoki asko joka dezute ene Durango aldean,

meza ematen zeuden apaizak hil dituzuten unean.

Hainbat haurtxo ta emakume on, hamahiru moja tartean.

Etxe ilarak txit apurturik hantxe gorputz, lohi artean.

Kontu ederra daukazute, bai, Jaungoikoaren aurrean…

 

Behin Bilbon finkatuta, ertzain izateko aukeratu zuten Basarri, eta halaxe hasi zen lan haietan, Iñaki Leclerc donostiarra kapitain zuela. 1937ko ekainean, frankistek Bilbo hartu zutenean, Santander aldera ihes egin zuten milaka pertsonen arten zen bertsolaria. Itsasoz, Lapurdira jo zuen.

Iñaki Eizmendi Basarri Saran (Lapurdi), 1937ko urriaren 18an. JESUS ELOSEGI IRAZUSTA

Iñaki Eizmendi Basarri Saran (Lapurdi), erbestean, 1937ko urriaren 18an. JESUS ELOSEGI IRAZUSTA

Baso-mutil lanetan hasi zen Landetako pinudietan. Hiru urte eman zituen han, eta hangoak ere bertsoz azaldu zituen, Landesko piñu artean sortan. sorta horretako bi ale segidan:

 

Euskaldun jaio ginan mundura ta beti euskaldun bizi

onak izan ta hala ere begiz askok ez nahi ikusi.

Pekaturikan baldin badegu lana egitea noski

Españiako odolzaleak nahi ginuzean irentsi

eta Frantzira etorri behar izan genduan igesi.

Halabeharrez sartu ginan behin  Landesko pinu artera

eguneroko ogi xuria irabaziaz jatera

hogei euskaldun bagera baina hau da guzion galdera:

 nere famali edo sendia zer egina ote da?

gorputzez hemen bagaude re gu beti han bizi gera.

 

Gorputzez han baina pentsamenduz hemen beti, azkenean etxera bueltatzea erabaki zuen Basarrik 1940ko urrian, amaren eta lagunen eskaerari erantzunez. Hendaiatik (Lapurdi) barrena Gipuzkoara sartzen ahalegindu zenean, baina, Hendaiako zubian bertan lotu eta Miranda de Ebroko kontzentrazio eremura bidali zuten, langile batailoietan esklabo lanak egitera. Bejarren (Salamanca, Espainia) 1941eko osatutako bertsootan kontatu zuen hura ere:

Mirandatikan Madrida, eta gero Madritik Bejarra,

bagoi zaharretan, txerrien gisan, etzan psio ederra!

Herri hontako gure izakera daukat agertu beharra:

gose askorik ezta pasatzen, baizik beti bat bakarra.

38. Diziplina Batailoiarekin etorri zen Euskal Herrira bueltan Basarri, baina esklabo moduan, Aritxulegiko bidea egitera. 1941 eta 1942 bitartean egon zen hemen. Testu honen hasierako bertso umoretsuak jarri zizkien bertako bizipenei. Eta Euskal Herritik kanpora bidali zuten berriro, Melillako Segangara (Espainiaren Afrika iparraldeko koloniak). Handik idatzi zion 1943ko martxoaren 4an Tomax Uriarteri gutuna: “Ahaztu ezineko Tomax maitea. Hona hemen lorik gabeko gau amaitu ezineko baten ondoren datozkidan burutapenak. Atzo ere euri eguna genuen eta gure aterpean kanpoan bezala egiten duelarik, ez gara gehiegi atsedenduak”. Bertsoak bidali zituen gutun hartan ere, nola ez:

Bihoaz behingoz laino zakarrok, ta betor zeru argia!

Hega bitez euskaldun usoñoak. Aska bedi aberria!

Ene bihotz gaxo zauritua” Mintza zaite gaurkoan.

Adierazi mingotsaldiak zeure hizkuntz goxoan.

Gose, egarri, hotzaldi, bustiak. Dan-danak zuretzat zeuden.

hainbat zigor hartuta eztakit bizirik nola zauden.

Bihotz zauritua handik gutxira gozatu ahal izan zuen Basarrik. San Pelaio festetarako bueltatu zen herrira, zazpi urteko erbestealdia pasatuta. 1943ko ekainaren 26an bakarti etorri omen zen barkuan, bertso kantari, “itsaso haundi hartako katxalote eta arraiak entzule nituela pentsatuta”, Joxe Mari iriondok jasotako hitzen arabera. Bizitzako egunik handienetako bat izan zuen hura Basarrik. Bukatua zitzaion 1937ko maiatzaren 28ko dekretuz Franco diktadoreak (KLIKTU HEMEN IKUSTEKO) legezko egin zituen esklabo lanak.

1 thoughts on “Basarriren esklabo bertsoak: “Nork egin du gure galde?”

  1. Pingback-a: 2015 – NAIARA ARANBURU – Basarri | Batxilergo1eko HISTORIA, EKONOMIA eta PSIKOLOGIA

Utzi iruzkina