Aita hizkuntza

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Espainiako II. Errepublika urteetan, euskal kulturaren loraldi bat bizi izan zen. Baita Zarautzen ere. Loraldi hark gaztelaniaren aldeko neurriekin egin zuen bat denboran, baina inposaketaren atariko izan zen batez ere. Inposaketaren bizipen zenbait datoz jarraian (*).

Franco ez zen lehendabizikoa izan euskara debekatzen eta zigortzen. Miguel Primo de Rivera izeneko diktadore bat izan zen aurretik, izan ere, eta haren aurretik ere bazen eskola publikoa herritarrak erdalduntzeko tresna gisa erabiltzeko tema. 1900ean jaio zen Agustin Agoues Sarasolak, esate baterako, herriko eskolan ibilitakoek erdaraz egiten zutela zioen, maisua erdalduna zelako. Herriko umeak euskaldunak ziren; erdararik ez zekiten; maisu erdaldun elebakarra etortzea ez zen harrigarria hala ere.

Pakita Agirresarobe 1910ean jaio zen, 12 urte zituela hasi zen lanean baserrian amari laguntzen, eta tarte horretan euskaraz hitz egiten zuena zigortzeko eraztuna ezagutu zuen (KLIKATU HEMEN ENTZUTEKO). Euskaraz hitz egitea puntuak galtzeko arrazoi zen txiki-txikitatik XX. mende hasierako ume askorentzat. Hezurretaraino barneratzen zuten euskara zigorgarria zela, eta erdara jakintza-hizkuntza.

Iñurritza auzoa, XX. mende hasierako postal batean.

Iñurritza auzoa, XX. mende hasierako postal batean.

1931ko apirilaren 12ko hauteskundeen bezperan, Agirresarobek aipagai zuen “anillua” hizpide hartu zuten jeltzaleek Zarauztarra aldizkarian. Primo de Riveraren diktadura garaian udal zinegotzi karlista izan zen Pedro Aristi eta Jose Miguel Abruza Azpiroz -diktadura hura bukatu berritan egin zuten zinegotzi- aipatu zituzten bertan:

“Ese tradicionalista con su secretario tradicionalista por Iñurritza, han sido los encargados de imponer en las escuelas de Iñurritza el empleo del pedagógico Anillo para los niños que hablan el euskera en la escuela y en las calles. Estamos enterados de que recientemente los padres de familia del barrio de Iñurritza en la reunión que celebran anualmente tomaron el acuerdo de pedir a los maestros el empleo del anillo para los niños que hablan el euskera en la escuela y en la calle, hasta en sus casas. Reconocemos que este acuerdo de los iñurritzarras ha sido tomado inconscientemente y por sugestión del candidato tradicionalista por el barrio y del exconcejal primoriverista y actual directivo de los tradicionalistas, para de esta forma hacer el papel de Pilatos”.

Eraztunak eraztun, euskararen eta euskal kulturaren aldeko mugimendua bizkortu egin zen nabarmen Zarautzen eta Zarauztik kanpo Espainiako II. Errepublika garaian. Euskarazko antzerki emanaldiek ikusle andana erakartzen zuten, dantza eta kanta saioek ere bai. Francisco Javier Aranburu Arangurenen esanetan, aldea sumatu zen eskolan errepublika sartu zenean. “Joxe Zinkunegi medikua, Polikarpo Barrena —Gipuzkoa Buru Batzako lehendakaria zen—, Solaberrieta eta horiek Sabin Euskalduna liburua ekarri zuten. Guk heziketa erdaraz egiten bagenuen hara joango ginela, eta ezetz, eskolan euskaraz ikasi behar genuela. Denoi liburua eman ziguten, eta denok hartu genuen. Ez dut gogoan zenbat ordaindu behar zen, baina karlisten famliakoek ez zuten ordaindu. ‘Bizkaitarrista txoro horiek hemen guri hizkuntzak, euskarak eta halakoak sartu! Guk ez genian inon ikasi!’ zioten. Liburu dexentea zen. Leitu handik egiten genuen euskaraz. Eta gero Xabiertxo atera zuten”.

Ixaka Lopez Mendizabalen 'Xabiertxo' liburua.

Ixaka Lopez Mendizabalen ‘Xabiertxo’ liburua.

Xabiertxo, eta Mateo Mujikaren Kristau ikasbidea. Gasteizko gotzain izatera iritsitako hura ez zen jeltzalea, izan ere, baina bai euskaltzalea. Euskal pizkunde garaia zen, Xabier Lizardi poeta, Txomin Arruti Mendi-lauta idazlea eta Basarri bertsolaria eragile ezagunak ziren herrian, eta kultur ekitaldiak Ugari ziren hemen.

Ez zen abertzale kontua bakarrik, gainera. 1934an, adibidez, karlistak nagusi ziren Zarautzen, eta Lizardi poetari omenaldia egin zioten 1934ko ekainaren 10ean —aurreko urtean hila zen—, V. Olerti Egunean. Angel Urriza alkate karlistak “euskaldungoaren berpizkundea” aldarrikatu zuen gaztelania hutsean idatzitako testuan, omenaldiaren harira.

Egun hartan, Lizardiren omenezko plaka bat jarri zuten haren jaiotetxean, Clery ostatua zegoenekoan, eta alkateak hitzaldia eskaini zion. Zabalguneko kale berri bati ere poetaren izena eman zioten. Herriko maisu-maistrek jasoa zuten mezua, Lizardiren omenezko egunerako ikasleak euskarazko lehiaketa “literario” baterako presta zitzaten. Eskola nazionaleko irakasle Cesareo Ruizek ez zuen gonbidapena onartu. “Ezingo dut ekitaldira agertu eta gelako ikaslerik prestatu, ekitaldi horretan ezagutzen ez dudan eskualdeko hizkuntza erabiliko delako”, idatzi zuen. Gaztelania ezin hobean, jakina.

Jose Maria Agirre 'Xabier Lizardi', bigarrena eskuinetik hasita, Nikolas Ormaetxea 'Orixe'  (betaurrkoekin) aldamenean duela.

Jose Maria Agirre ‘Xabier Lizardi’, bigarrena eskuinetik hasita, Nikolas Ormaetxea ‘Orixe’ (betaurrekoekin) aldamenean duela. Zaldibarren (Bizkaia) aterea da argazkia, 1932an. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Rosario Loiola Antzuolak eskolatik kanpo ikasi behar izan zuen euskaraz irakurtzen eta idazten. Tokia ezaguna da: Modelo aretoaren ondoan zegoen, gaur egun arrandegia eta harategia daudeneko horretan. Ondo gogoan du “ikastola” deitzen dion hartan ikasitakoa (KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO).

“Gerra hasi zen eta akabo!”. Esaldi bakarrean ezin argiago azaldu 1936ko udak ekarri zuena. Gauza asko bukatu ziren orduan. Irailaren 20ean, frankistak Zarautzera sartu ziren egun berean, Lizardiren omenezko plaka biak, jaiotetxekoa eta kalekoa, txikitu egin zituzten. Bi urte lehenago txalo artean goratutakoa hauts bihurtu zuten. “Ezin dut ulertu horrelako gorrotoa izatea inori. Hil eta berehalaxe haren omenez jarritako kale izena, Zarauzko gizon eta mutil batzuek hartu, txikitu eta zaldi kakatara bota zuten. Gure anaia eta aita jaio ziren etxeko plaka, berriz, lurrera bota eta txiki-txiki egin zuten. Ez dut konprenitzen. Hiru urte ziren hil zela; gorrotoa izan daiteke hain luzea eta gogorra? Gainera, zer zuen hark? Abertzalea izatea. Pertsona ondratua eta ona zen oso”. Mari Karmen Agirre Egañarenak, Lizardiren arrebarenak dira hitzak. Erraz da erantzuten bere galdera: burua altxatzen ari zen euskal herriaren eta kulturaren ikur garrantzitsua zen Lizardi. Eta Espainia goratzen ez zuten ikurrak, buruak, herriak eta kulturak txikitu egin behar ziren.

Izenetik beretik. Laguntasuna kooperatiba La Amistad bihurtu zuten, eta Eguzki hotela Eguz. Miren Karmele Elola Aranburu “Mari Carmen” bihurtu zen eskolan eta denean. Eta Ander Alberdi Arregi “Andres” (KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO). Ez ziren bakarrak izan. Eta ez zen berez gauza berria. 1932an Zarauzko batzokiko presidenteak kexua agertu zuen herriko Erregistro Zibilean izen euskaldunak jartzeko arazoak zeudelako, eta izenak erdalduntzeko joera salatu zuen Zarauzko tren geltokiko buruak.

Zarauzko Euzko Etxeko (batzokiko) lehendakariaren gutuna, Zarautzen izen euskaldunak ezartzeko arazoak aipatuz.

Zarauzko Euzko Etxeko (batzokiko) lehendakariaren gutuna, Zarautzen izen euskaldunak ezartzeko arazoak aipatuz. EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA

Crescencio Elizondoren 1932ko otsailaren 5eko gutuna, seme-alabei izen euskaldunak erdaldundu zizkietela salatzeko.

Crescencio Elizondoren 1932ko otsailaren 5eko gutuna, seme-alabei izen euskaldunak erdaldundu zizkietela salatzeko. EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA

Arazo puntual ziruditenak sistematizatu egin ziren frankistekin. Elizan ere debekatu zuten euskara. Meliton Pagola bikarioari, esate baterako: herritik bota zuten altxamendua gertatu berritan, abertzaleek eta Fronte Popularreko indarrek Zarautzen sortutako Defentsa Batzordeak hala ebatzita, karlista sutsua zelako eta matxinoen alde zegoela uste zutelako. Behin frankistek Bilbo hartu ostean Bizkaitik bueltatu zenean, hasi zen meza beti bezala ematen —hau da, euskaraz—, eta Narrosko komandantziara deitu zuen Huarte Jauregi komandanteak, herrian zeuden udatiarrek keja egin zutelako.

Udatiarren kexua gauza bat zen, zigorra bestea. Villa Manuelan zeuden La Salleko hermanoak, esaterako, Zarauztik bidali zituzten, abertzaleegiak zirelako. Tartean zen Inazio Olabeaga. 1936ko azaroan, agur esan zien Zarauzko anaiei. Gerora idatzi zuen: “Nireak ez zuen politikarekin zerikusirik… Batzuek esan dute abertzalea nintzelako erbesteratu nindutela. Ez da egia. Nire auzia euskara zen eta halabeharrez alde egin behar izan nuen, nire superioreek horretara bultzatu nindutelako”. Espainiako orduko superioreetako baten agiriak, ordea, bestelakorik adierazten du: Valladolidetik 31 fraidek bidalitako gutun baten berri ematen du: “Gure barrutian badira, bentzututa ere Espainiako errealitatera makurtzen ez diren Anaia separatistak… erbestera itzazu… horietako batzuk fusiltuak izateko motiborik ere eman dute-eta… Ezin zaie utzi eskolan jarduten, zuzendari espainiar baten agindupean ez bada, eta Vasgoncadetatik urruti. Kontuan hartuko gaituzula espero dugu. Horrela ez bada agintari zibil eta akademikoengana jotzeko libre sentituko gara”.

Inazio Olabeaga, Villa Manuelako La Salleko eskolan, 1950ean. Bi aldiz bota zuten herritik: 1936an eta 1954ean.

Inazio Olabeaga, Villa Manuelako La Salleko eskolan, 1950ean. Bi aldiz bota zuten herritik: 1936an eta 1954ean.

Annappesera (Frantzia) bidali zuten. Imanol Murua Arregik frankistek ekarritako hermanoekin ikasi zuen. “Mutilek elkarren artean euskaraz hitz egiten genuen. Neskek gazteleraz, baita gurekin ere. La Sallen eta frantziskotarretan ere giroa dena gazteleraz zen. Irakasle gehienak aragonesak-eta ziren. Ni hemen egon nintzen azken urtean Inazio Olabeaga etorri zen”. Bueltan etorri zen Olabeaga euskaltzalea, bai. 1948an. La Salleko zuzendari egin zuten 1951n. “Euskalduna, abertzalea, euskaltzalea… dena aldatu zuen giroa. Horregatik bota zuten”, Imanol Muruaren oroitzapenetan. Arrazoia zeukan. Giro euskaltzalea bultzatzeagatik bota zuten, 1954ean. Gipuzkoako Gobernu Zibilean Zarauzko zuzendariaren aurkako salaketa serioak zeudela zioten, “nazionalista amorratua” izan eta ikasleak lerratzen saiatzen zelakoan.

Rosario Illarramendi Larrañagak irakasle erdaldun amorratuak ditu gogoan, faxistek boterea lortu orduko depuratutako maistren ordezkoak. “Neskek dena erderaz egiten genuen. Gerra ondoren, bai eskoletan bai Mixerikordian bai Txapelaunditan, maistra denak ziren navarras o aragonesas. Eta haiek dena erderaz”.

Euskaltzaletasuna separatista izatearekin lotzen zuen logikaren emaitza zen hura. Separatista izatea delitua zen garaian. Josu Alberdi Arregiren esanetan: “Umetan mutilek dena euskaraz egiten genuen gure artean. Eskolan ESTABA PROHIBIDO HABLAR EUSKARAZ. Emakumeak, berriz, euskaraz ez zuen egiten inork. Dena erdaraz egiten zuten. Gero aldatu zen hori. Baserritarren umeak izan dira hemen euskaraz ikasi ez dutenak. Eskolan eta soldadutzan hainbeste pasatu zituzten, ez zuten nahi beren umeei halakorik gertatzea”.

Ume euskaldun elebakarrek pasatzen zituztenen adibidea, Andoni Odriozolak ematen du: Flandriara ebakuatu zuten lau urterekin, zazpirekin bueltatu zen, euskara ahaztuta erabat, nederlandera bakarrik ahoan. Fraideetan eskolan hasi zenean, gorriak ikusi zituen: “Flamenkoa ahaztu, euskara ikasi eta gazteleraz estudiatu behar, hango atximurrak eta! Torturatu egiten ninduten. Zenbat makilkada hartu nuen!”.

Helduak ere zigortzen zituzten. Mertxe Arruti Abendibarren gurasoei, egun batean, sendagilearengana Donostiara joan, Kontxa ikustera hurreratu, eta 60.000 pezetako isuna jarri zieten. Euskaraz ari zirelako elkarren artean (KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO). Amari erdaraz hitz egiten hasi zenekoa ere gogoan du Arrutik, eta euskaraz hitz egiten zutenak gutxiesteko nesken arteko joera. Horrela pasatu zen euskara ama hizkuntza izatetik aita hizkuntza izatera, eskolatik etxeko sukalderaino. Kontzientziaren azken zokoraino.

Patxi Loiola Antzuolak, berriz, hau zioen gerra preso eta esklabo izan zen garaietaz: “Lau apaiz euskaraz hitz egiten ari zirelako… hurrengo egunean zilindroari tiratzen lanean, janik gabe. (…) Neuri ere paliza eman zidaten”. Guardia Zibilak kalean euskaraz hitz egiten entzunez gero egurra jaso zitekeela dio zarauztar edadetu ugarik.

Egurrak egur, herrian berriz pizten hasi zen euskal kultur mugimendua. Ander Alberdi Arregik zuzenean bizi izan zuen, txistua, dantza eta antzerkia akuilu hartuta. Zentsuraren mugak gainditzen asmatu zuten (KLIKATU HEMEN BIDEOA IKUSTEKO), atzera bidea egiten hasi ziren.

Gaztelania hemen berez zabaldu dela esaten zaigun garaiotan, euskararen zapalkuntza asmazio bat dela errepikatzen zaigunean, lotsa, isun, zigor, jipoi eta erbeste testigantzok datoz gogora. Eta kanta bat. Zarauztar batek, Imanol Urbietak egin du ezagun Euskal Herri osoan, aipatutako garaiok zuzenean ezagutu ostean.

Hala hasten da kantua:

Behin betiko, behin betiko…

Eta hala segitzen du:

(KLIKATU HEMEN OSORIK ENTZUTEKO)

(*) Testu honen handi-aurkiak Zarauzko Modelo aretoan entzun ziren 2014ko maiatzaren 15ean, ‘Euskara, ospeletik eguterara’ topaketen baitan. 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s