Aristokraten feudoan, pobre titulua ugari

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Kirola egiteko ez, lanerako toki izan zen zarauztar gehienentzat Golf Kluba. Gerra urteetan ere, kadi lanetan aritu ziren orduan ume zirenak. Klubeko bazkideen neskame, morroi edo zerbitzari oroitzapenen bilduma hemen (*).

Alfontso XIII.a Espainiako erregea (zuriz erabat), 1916an, Zarautzen, moilatik herrirako bidean. KUTXA FOTOTEKA

Alfontso XIII.a Espainiako erregea (zuriz erabat), 1916an, Zarautzen. Moilan hartu zuen lur, eta herrirako bidean ikusmin handia sortu zuen. KUTXA FOTOTEKA

“Haien bizimodua zineman eta golfean zen. Herriko jendea ez zen sartzen golfera, haien feudoa zen. Denak desiatzen, kadi juteko hara lanera!”. Jose Agustin Etxabe Olaskoagak (1924-2011) aipagai zituen “haiek” aristokratak dira (KLIKATU HEMEN bideoa ikusteko). Kanpotik etorritako jende haundiarentzako enkarguak egiten eman zituen urteak. Enkarguz enkargu, bisitarien izen zerrenda luzea ikasi zuen (KLIKATU HEMEN), eta zarauztartzat zituen. Bakoitzak bere udako etxea zeukan (KLIKATU HEMEN), eta festak egin zaleak ziren.

Margaritak Sansimon egunero Narrosko jauregian herriko ume guztiei eman ohi zitzaien txokolatea eta Mendilautako txaletetako biztanleak zituen gogoan 1987an, Idoia Zurutuza bilobak grabatu zion elkarrizketan (KLIKATU HEMEN). 1911n jaio zen Margarita, bera jaiotzerako hasia zen Mendilautako txaleten eta jauregien ibilbidea.

Eta uraren bidetik etorri ziren txaletak eta jauregiak, Venancio Ameztiren arabera. Karmelitetako apaiza zen Amezti, eta Zarauzko historiaren kronista —egin zuen pasarte hautaketan eta kontaketan garbi utzi zuen frankisten aldeko bere jarrera— urte askoan. Hark idatzi zuen 1906ko abuztuaren 16an inauguratu zutela ur hoditeria berria, ura etxeetaraino eramateko adina presioarekin. Jose Gomez Acebo Cortinako markesa konturatu omen zen lehenik. Uda Zarautzen igaro ohi zuen, eta udalera jo zuen ura Mendilautara eraman zezatela eskatzera. Bera izan zen lehena jauregia eraikitzen. 1908an ireki zituen gaztelu itxurako eraikinaren ateak. Hurrengo urtean, Francisco Manuel Egañaren alabek beste bi etxe —Villa Emilia eta Mendilautxo— eraiki zituzten, Gomez Aceborenetik oso gertu, eta bertarainoko bidea egin zuten. 1940ko hamarkada bitartean, 33 etxe berri eraiki ziren Mendilautan.

Zarautzen egin zen lehen jauregia, Cortinako markesarena. 1908an ireki zituen ateak. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Mendilautan egin zen lehen jauregiak 1908an ireki zituen ateak. Irudian, Felipe Morenes Borghettoko markesaren Zarauzko ‘etxea’. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Santos Azpeitia Leundak ezagutu zituen halakoak. Iñurritza auzokoa zen. 1926an jaioa. Golf klubeko tenis kantxako pilotak jasotzen (KLIKATU HEMEN) eta golfistentzako kadi lanetan (KLIKATU HEMEN) aritua tailerrean lanean 16 bat urterekin hasi artean. Klub inguruko etxeetako nagusien golf anekdotak aletzen hasi, eta gerra garaian frankisten kontra borrokatu zen zarauztar bati gertatutakoa kontatzen du pasadan (KLIKATU HEMEN). Zarauztar dezenteri gertatu zitzaion gerra preso egin, herrira bueltatu eta berriro ere soldadu frontera bidaltzea, frankisten aginduetara. Gerra ostean ere kadi lanetan segitu zuen Azpeitiak. Sosak lortzeko bidea zuen, garai zailetan. Gehien, kadi txapelketetan irabazten zuen (KLIKATU HEMEN). Urtean behin jokatzen ziren halakoak.

Neskek, berriz, neskame lanak izaten zituzten aukeran dirudunen etxean. Aristokrata esku-luzeak ditu gogoan Karmele Elola Aranburuk (1924), eta Gran Hotelen egindako orduak (KLIKATU HEMEN). Maritxu Elosegik, berriz, “kosta beraiena zela ematen zuen” zioen, eta pelukera egin zenean orraztu zituen haietako batzuk (KLIKATU HEMEN).

Zarauztar emakume askok, neskame lanetan bakarrik jaitsi ahal zuten plaiara. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Zarauztar emakume askok, neskame lanetan bakarrik jaitsi ahal zuten plaiara. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Imanol Murua Arregi (1935-2008) ere teniseko pilotak biltzen hasia Zarauzko Glof Klubean, 8 urte zituenean. Buruz ikasi zituen hango lexiko berezia (KLIKATU HEMEN) eta lanak. Ez zen berak hala nahita hasi lanean, ordea. Frankistek ama eta bi anaia herritik bidali zizkioten 1937ko otsailean, aita frontera joana zelako faxisten aurka borrokatzera. Gerra preso egin zuten gero aita; bi anaiak atzerrira ebakuatu zituzten; eta, aita kartzelatik herrira bueltatu zenean, lanerako baimena eman bai baina soldataren erdia kentzen zioten frankistek. Halaxe hasi zen glof klubean Imanol Murua (KLIKATU HEMEN), 8 urterekin, etxean sos batzuk lortuz lagundu ahal izateko.

Gosea ekarri zuen gerrak, izan ere. Frankisten iraultza ez zen justizia sozialaren aldekoa, eta desagerrarazi beharrean altxamenduarekin areagotutako pobrezia sailkatzen saiatu ziren udal agintari berriak. 1937ko urtarrilaren 30ean, udal batzak “herritar bat zorria baino pobreago” izendatzeko arauak izendatu zituen. Bost arau ziren guztira:

“1. Ziurtagiria eskatuko zaie pobrezia espedientea eskatzen duenaren senideen lantikoetako nagusiei, egunero zenbat irabazten duten jakiteko.

2. Senide guztien jornalak batu eta batuketa etxean bizi diren guztien artean zatituko da.

3. Zatiketa horren emaita 2 pezetatik beherakoa bada eskatzailearentzat, zorria baino pobreago gisa sailkatuko da.

4. Zatiketaren emaitza 2 eta 3 pezetaren artekoa bada, erdi-pobretzat joko litzateke eta udalak, kasuaren arabera, 75 eta 100 pezeta arteko laguntza emango lioke.

5. Zatiketaren emaitza 3 pezetatik gorakoa bada, dirudun gisa sailkatuko da eta udalak ez du inongo ardurarik izango”.

Erabaki hori hartu aurretik, Zarauzko Udalak urte hartan 270.000 pezetako aurrekontua izango zuela erabakia zuten zinegotziek. Eta segidan, Radio Aragonen Zarauzko hondartzari egindako propagandaren truke, 102,30 pezetako faktura onartu zuten. Benetako dirudunak zituzten amets. Eta dirudunak egon baziren. Horren erakusle, 1942ko abuztuaren 29an herrian egin zuten festa. Zurrumurrua aurreko egunetan zabaldu zen zarauztarren artean. Arrazionamenduaren ondorioz gutxi eta gaizki jaten zutenentzat hizpide izango ez zen, bada, Hohenloheko printze-printzesen festa?

Santillanako markes eta Infantadoko dukearen etxea.

Joaquin Arteaga Echague Santillanako markes eta Infantadoko dukearen etxea.

Batzuen esanetan, printze-printzesen ezkontza urtebetetzea goratzeko zen festa hura. Besteenean, Pimpinela alabaren urtebetetzea ospatzeko. Santillanako markesaren etxean ari ziren oporrak pasatzen hohenholetarrak, eta astebururako antolatu zuten jaia. Hiru musika talde kontratatu zituzten dantzaldirako, tartean Zarauzko banda. 1.500 pertsona omen ziren gonbidatuak eta zerbitzukoak juntatuta. Irina, arraia, denetariko jakiak eta edari mordoa erosi zituzten. 80 eta 100.000 pezeta artean gastatu ei zituzten festa antolatzaileek. Festa hasi baino ordu batzuk lehenago, ordea, abuztuaren 28ko arratsaldean, izugarrizko ekaitza lehertu zen. Harri puska handiak erori ziren tarteka, tximistak eta trumoiak nonahi izan ziren. Azkenean, Donostiatik etorritako aristokrata batzuk batu zitzaizkien Zarautzen zeudenei. 29ko goizeko 7etan baratxuri-zopa jan eta erretiratu omen ziren. Larunbata zen. Goseak segitu zuten pobre tituludun zarauztarrek.

(*) Artikulu honetan entzun eta ikusgai dauden pasarte guztiak ahotsak.org webetik ateratakoak dira.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s