Aginte makila, golfaz harago

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Alfontso XIII.a erbesteratzearekin batera ezarri zen II. Errepublika Espainian. Errege hark inauguratu zuen Zarauzko golf zelaia 1916ko uztailaren 31n. Narrosko markesaren eta Lecerako dukearen ekimenez eta Zarauzko Udalaren babes osoz sortu zen proiektu hura. Haren inguruan eratu zen oligarka koadrila nabarmen lerratu zen 36ko udan —eta ondorengo urteetan— estatu kolpearen eta diktaduraren alde. Joko zelai politiko egokienaren bila, Francoren aginte makila (ere) aukeratu zuten pribilegio ekonomiko eta sozialei euste aldera.

Zarauzko hondartzaren bista, lehen planoan kanal inguruko Mendilauta ageri dela. Golfa egiteko zegoen artean. KUTXA FOTOTEKA

Zarauzko hondartzari begira, Golf Kluba, kanal inguruko Mendilautan. Txaleta, arbola multzoaren ondoan. KUTXA FOTOTEKA

1913ko martxoaren 14an, Donostiako udaletxean udal agintariak eta beste hainbat lagun elkartu ziren. Europako eliteen zaletasunei erreparatuta, zaldi lasterketak ikusteko eta poloan, tenisean eta golfean aritzeko aukera eskainiko zuen gune bat sortu nahi zuten. Turista dirudun britainiarrez beteak ziren Miarritze, Donibane Lohitzune eta Hendaiara inbidiaz begiratzen zuten, garaiko prentsan jasota geratu zenez. Ez ziren bakarrak, Zarauzko alkateak urte hartako irailean bisita egin baitzuen Donostiara, Zarauzko kanal inguruko Mendilauta sailean golf zelaia egiteko aukerari buruz hitz egiteko.

Zarauzko alkatea Donostiako Golf Kirol Elkarteko Jose Maria Aristeguietarekin elkartu zen 1913ko irailean. Aristeguieta arrantza ontzi jabea zen. Donostiako Club Nauticoren bultzatzaile nagusietako bat izan zen; Espainiako errege Alfontso XIII.aren segizioko kide gisa ageri ohi da Gipuzkoako orduko prentsaren arabera.

Aristeguietak Donostia inguruetan nahi zuten golf zelaiaren berri eman zion Zarauzko alkateari: 35 bat hektareatako zelaia egitea zen asmoa, baina hondar lurrik gabea behar zuen izan, eta arboladi bat ere bai. Zarauzko Udalak, hori entzundakoan, Miguel Uranga peritoa izendatu zuen Las Pondocas (Mendilautan, Iñurritzatik hondartzarako kanal ondoan) sailaren balioa tasatzeko eta tasazio horren berri Aristeguietari emateko, herrian golf zelai bat egin nahi zutela jakin zezan.

1914ko urtarrilean, Donostiako golf zelaia egiteko gune egokia Lasarten zegoela ebatzi zuen aditu talde batek. “Zelaiaren ustiaketarako, batzorde bat sortu behar da, eta jokoa ezagutuko duen ingeles bat bertako buru jarri”. Arrazoia, Donostiako proiektuaren sustatzaileen esanetan: “Obra atzerritarrentzako egingo delako, eta atzerritar horiek izan behar dutelako nagusi bertan, jakinekoa baita ingelesak independentzia nahi duela, eta ez bisitatzen duen herrialdeko jendearen menpe egotea”.

1914ko maiatzaren 26an sortu zuten Campo de Golf y Otros Deportes elkarte anonimoa, eta Leonardo Moyua Alzaga jarri zuten lehendakari. Rocaverdeko markesa zen, 1905etik 1909ra bitartean Donostiako alkate izana. 1914tik 1916ra alderdi liberaleko diputatu ere aritu zen Madrilen. Lasarteko golf zelaiko lehendabiziko nazioarteko lehiaketa 1915eko irailaren 30etik urriaren 8ra bitartean jokatu zuten. Ordurako, Lehen Mundu Gerra abian zen. Espainia neutrala zen, eta gerragatik beren aisialdiaz gozatu ezin ziren aristokrata eta bestelako dirudun atzerritarrentzako ihesleku izan nahi zuten.

Lasarteko golf zelaia 1915ean inauguratu zuten. KUTXA FOTOTEKA

Lasarteko golf zelaian 1915eko irailaren 30etik urriaren 8ra bitartean jokatu zuten lehendabiziko nazioarteko txapelketa. KUTXA FOTOTEKA

Lasarteko golf zelaiak zelai, Narrosko markesak ere golfa nahi zuen Zarauzko bere lurretan. Francisco Javier Azlor de Aragon Idiakez zuen izena eta, Narrosko markesa izateaz gain, Granadako eta Villahermosako duke, Realgo eta Lunako konde eta Zolinako bizkonde ere bazen, besteak beste. Gipuzkoako lur jabe handiena zen mende hasiera hartan —Azpeitian bakarrik, 49 baserri eta 7 sailen jabe zen 1901ean—, eta bere jabetzen araberako itzala zeukan Madrilgo, Gipuzkoako eta Zarauzko erabakigune politiko eta ekonomikoetan. Bere nahiak betetzera ohituta zegoen, eta desio zuen golf zelaia egin ahal izateko, aditu talde bat ekarri zuen herrira 1915eko urrian, Mendilautako bere lurrak eta inguruak ikustera. 1915eko urriaren 23ko plenoan, markesari eskerrak ematea eta golf zelaia egiteko proiektua bultzatzea erabaki zuen udal batzak, “por entender que su creación ha de ser beneficiosa para los intereses del pueblo que se honra en administrar”. Pedro Gurrutxaga zen alkate; eta Manuel Maria Roteta, Victor Amilibia, Bernardino Izeta, Jose Bereziartua eta Severino de la Maza, zinegotziak. Markesak berehala erantzun zien, golf zelaia bultzatzea “herriaren aurrerapenaren alde nolabait egitea” zela esanez.

Urtea bukatzerako, Jaime Silva Campbell Lecerako dukeak idatziz jakinarazi zion Zarauzko Udalari Golf de Zarauz elkartea sortua zutela Madrilen, kirol hori Zarautzen sustatzeko. Bazen gutun hartan pasarte garrantzitsu bat: Granadako dukearen —Narrosko markesaren beste titulu bat— Mendilautako lur sailean egingo zuten golf zelaia, baina sail hura ez zenez “behar beste zabala” golfean aritzeko, sailaren ondoko lur publikoak “50 urterako” golf klubari uztea litzateke onena, lur uzte horrekin Zarautzek “onura izugarria” jasoko lukeelako. “Herrira kanpotik familia gehiago etorriko lirateke, batez ere ingelesak, eta horrek udalerri polit honen onerako eta aurrerapenerako abantaila ekonomikoak ekarriko lituzke”, Silvaren esanetan.

XIX. mendean Narrosko markesak gonbidatuta Zarautzera etortzen hasi zen Isabel Espainiako erreginaren garaitik errepikatzen ziren halako hitzak herrian; noblezia tituluekin batera eraikitako jabetzen eta zaletasunen kudeaketa interesatua herritar xeheei mesede egiteko asmoekin mozorrotuta agertzeko politika ez zen berria. Argi zegoen golf zelaia kanal ondoan eginez gero Narrosko markesak hondartzako mutur batean edukiko zuela bere jauregia, eta beste muturrean bere lurretan kokatutako kirol gune esklusiboa. Tartean, aristokrata eta burges andana hartzeko txalet, jauregi eta hotelak kokatuko ziren. Eta udal agintariak, zarauztar guztien lurrak hartu eta kanpoko zein bertako oligarken erabilera esklusiborako bideratzeko prest zeuden: urteko azken egunean, goizeko 11etan, bilkura berezia egin zuten udaletxean Lecerako dukearen mezua aztertzeko.

1916an, Zarauzko golf zelaiko txaleta atzean dela, tenis txapelketa jokatzen.

1916an, Zarauzko golf klubeko txaleta atzean dela, tenis txapelketa jokatzen. KUTXA FOTOTEKA

1916ko urtarrilaren 29an, Zarauzko Udalak onartu egin zuen lur publikoa golf klubaren esku uztea, lurrok ixtea —erabilera publikorako kanal ertzean Iñurritzatik hondartzara bitartean utzitako 4-5 metroko zerrenda bat izan ezik—, autoentzako bertarainoko bidea eta aparkalekua prestatzea eta ur horniketa ziurtatzea. Lecerako dukeak pozez hartu zuen erabakiaren berri. Ez alferrik, golf zelaiaren gastuen parte handi bat zarauztar guztien lepotik ordainduko zuten.

Halaxe sinatu zuten kontratua udal agintariek eta golf klubak, 1916ko otsailaren 22an. 20 urteko iraupenekoa zen eta 57.805 metro kuadrotako udal lur sailagatik 50 pezeta ordainduko zituen urtean elitearen elkarteak. Behin 20 urteko epea pasatuta alde biak kontratua luzatzeko prest baleude, hala utzi zuten zehaztuta, ezingo zuten 2.500 pezetatik gorako alokairua ezarri, eta luzapena beste 20 urtekoa izango litzateke. 104.980 metro koadro jarri zituen Narrosko markesak. Golf zelaiaren azaleraren %64,49. Trukean, 500 pezeta jasoko zituen urtero klubarengandik, 1916ko irailaren 12an sinatu zuten kontratuaren arabera. Udalak, berriz, azaleraren %35,51 jarri zituen, eta 50 pezeta eta hamaika gastu jasoko zituen ordainetan.

Viktoria Eugenia Espainiako erreginak inauguratu zuen Zarauzko golf kluba, 1916ko uztailaren 31n. KUTXA FOTOTEKA

Viktoria Eugenia Espainiako erreginak inauguratu zuen Zarauzko golf kluba, 1916ko uztailaren 31n. KUTXA FOTOTEKA

Handik bost hilabetetara, uztailaren 31n, Alfontso XIII.a Espainiako erregeak eta Viktoria Eugenia erreginak inauguratu zuten golf zelai berria. Handik aurrera, aristokraten eta burges dirudunen txaletak eta joan-etorriak ugaltzen hasi ziren, eta golf zelaiaren komenientziako lanak ordaintzen segitu zuen udalak. 1916ko azaroan, esaterako, Leandro Eizagirre medikuak laguntza eskatu zion udalari: Martiñeneko Jose Manuel Lizaso eta emaztea sukar tifoideoak jota zeuden, eta norbaitek haien buruak, aziendak eta umea zaindu behar zituen. Udalak ezinezkoa zela erantzun zion, aurrekontuan horretarako dirurik ez zitzaiola geratzen erantsita. Hori esan zuen egunean, udalbatzak 93,72 pezetako faktura ordaintzea onartu zuen, golf zelairako bidea egin zuten langileei ordaintzeko.

Golf klubekoentzat nahikoa ez, hala ere, hainbeste laguntza. Udalak 9.467 pezeta gastatu zituen ura golf zelairaino eramateko obretan. 1917ko martxoan, hala ere, uraren kontadorerik ez jartzeko eskatu zuen Lecerako dukeak. Golf zelaietan ur gastu ikaragarriak egiten dira, belarra behar bezala egon dadin, eta kluba urtero ur hoditeriaren gastuen %4,5 ordaintzeko prest agertu zen. Gastatutako ura ordaintzea baino askoz merkeago, beti ere. Udalak ez zuen proposamena onartu, baina 400 pezeta eman zizkion klubari “jasotako onura orokorren ordainetan”. Ez zen gutxi, klubak udalari alokairutan urtero 50 pezeta ordaintzen zizkiola kontuan hartuta. 1920an eskaera bera egin zuen golf klubeko lehendakariak. Berriz ere ukatu zioten.

Zarauzko golf klubean, 1921ean. Eskuinean, Jaime Silva Mitjans, Golf Klubeko presidentearen, Lecerako dukearen oinordekoa.

Zarauzko Golf Klubean, 1921ean. Eskuinean, Jaime Silva Mitjans, klubeko presidentearen, Lecerako dukearen oinordekoa.

1928ko urriaren 1ean, Udalak 500 pezeta eman zizkion zerbitzariz betetako txaletak eta automobilez betetako garajeak zituzten bazkideen elkarteari, klubak egin asmo zituen konponketa lanak ordaintzeko adina diru ez zeukala argudiatuta. Kasualitatea, Candido Eizagirre zegoen alkate Zarautzen orduan, eta Narrosko markesaren administradorea zen.

Ordurako hila zen kluba bultzatu zuen markesa, Marcelino semeak jaso zuen titulua oinordetzan. Marcelino Azlor Aragon Hurtado de Zaldivar Gipuzkoako lur eta landa etxe jabe handiena zen 1933an, hala dago jasota Madrilen, Desjabetzeko Moduko Jabetzen Erregistroan (RPE). Erregistro hori Espainiako II. Errepublikaren Nekazaritza Erreformaren eskutik etorri zen, estatuko lurjabe handienen pribilegioak ezabatu eta lurra banatzeko helburuz. RPEko agirien arabera, Narrosko markesak 1.234,77 hektarea zituen Gipuzkoan 1933an, Aia, Zarautz eta Zumaian. Haren arreba Concepcionek, berriz, 629,93 hektarea zeuzkan Aizarnazabal, Aia, Zestoa, Deba, Mutriku eta Zarautzen. Azken horrek, Luis Silva Carvajalekin ezkondu zenetik, Mirandako duke eta Uniongo konde tituluak erantsi zizkion bereei. Narrosko markesaren beste bi senideek ere jabetza asko zituzten herrialdean: Francisco Javierrek (Realgo kondea) 401 hektarea zituen Zestoan (ia udalerri osoa) eta Errezilen; eta Jose Antoniok beste 469 Azkoitia, Azpeitia eta Beizaman. Azken horrek Villahermosako eta Lunako duke tituluak zituen besteak beste, eta Espainia osoko hirugarren lurjabe handiena zen, 47.203 hektarearekin. Lau anai-arreben artean, Gipuzkoako 11 udalerritan banatutako 2.734,8 hektarea zituzten. Eta Narrosko markesak 6.737 hektarea zituen guztira. Beste anaiak, Francisco Javierrek, 5.142.

Zarautzen bazen lurjabe handi gehiagoren berri, hala ere. Joaquin Arteaga Echague (Infantadoko duke eta Santillanako markesa zen, besteak beste) Zarautzen erroldatuta zegoen, eta Gipuzkoako 443, 53 hektarea bereak ziren. 1901etik 1917ra bitartean egin ziren zortzi hauteskundeak irabazi eta Madrilgo diputatu kargua lortu zuen Zumaiako barrutitik. Hautagai bakarra bera izan zen, argi utziz eskualdean zeukan botere politikoa. Garai hartan, Gipuzkoako baserritarren %60 maizter ziren eta, horrek, botere ekonomikoaz gain, botere politiko handia ematen zien etxe eta lur jabe handiei. Guztira, Arteaga Echague 17.171 hektarearen jabe zen altxamendua gertatu baino 3 urte lehenago. Herenak, Madrilgoak.

Zarauzko lurren jabe ziren ere, besteak beste: Josefa Samaniego Errazu Muruako markesaren alarguna, Luisa Aragon Barroeta-Aldamar eta Jose Maria Lardizabal. Eta Zarautzen erroldatuta zeuden, besteak beste: Miguel Gomez Acebo Modet eta Maria Rosario Pombo Ibarra (Cortinako markesak); Jaime Gomez Acebo Modet eta Isabel Duque de Estrada (Deleitosako markesak); Felipe Morenes Garcia-Alesson eta Maria Nieves Medina Garvey (Borghettoko markesak); Manuel Carvajal Hurtado de Mendoza eta Maria Pilar Colon Aguilera (Aguilaguenteko markesak)…

Aristokratei maizterrek markatzen zieten boza, agirian ikus daitekeenez

Etxe eta lur jabeek maizterrei zer boto eman agintzen zieten, 1936ko agirian ikus daitekeenez. RENOKO UNIBERTSITATEA

Elkar hartzen zuten aristokratek beren nahiak gauzatzeko. Administradoreak zituzten horretarako bitartekari. RENOKO UNIBERTSITATEA

Elkar hartzen zuten aristokratek beren nahiak gauzatzeko. Administradoreak zituzten horretarako bitartekari. RENOKO UNIBERTSITATEA

Askok eta askok, itzal handia zuten estatu, herrialde, eskualde eta udalerri botere guneetan. Jabetza eta boterea eskutik helduta zebiltzan garaiotan, desjabetzeen eta errepublikaren kontrako jarrera aktiboa erakutsi zuten altxamendu aurretik. Golfean jokatzeari utzi gabe beti ere. Euren klase sozialari zegokion kirola zen. Eta nazioarteko aldizkarietako iragarkiak, golf klubean bertan jokatzen ziren txapelketetako garaikurrak… denetarik ordaintzen zuen Zarauzko Udalak.

Bertako eta kanpoko handiekiko hala jokatzen zuten udal agintari eta eragile nagusiek. Halaxe ulertzen zuten udatiarrek berek ere. Eta udatiarrez betea zegoen Zarautz altxamendua gertatu zenean. Frankistek herria hartu zutenean, Narrosko markes berriak —golf zelaia bultzatu zuenaren oinordekoak— gustura asko utzi zuen bere jauregia agintari militar eta zibil faxisten esku. Botere frankistaren bihotza Narrosen egon zen, gerra bukatu artean: Zarauzko sektore militarreko komandantzia bertan izan zen.

Bien bitartean, gerra osteko urteetan ere etortzen segitu zuten golfeko bezeroek. 40ko hamarkadako arrazionamendu eta gose urte gogorrenetan ere, Zarauzko Golf Klubean eta inguruko jauregietan festa eta txapelketa distiratsuak egiten segitu zuten.

1944ko martxoaren 29ko plenoaren aktako orrialdea.

1944ko martxoaren 29ko plenoaren aktako orrialdea. Azkenaurreko paragrafoan jasota utzi zuten itsasertzean Narrostik golferainoko tartea “gune berde” gisa utzi behar zela.

Hurrengo urteetan goitik behera itxuraldatzen joango zen Zarautzen, golf zelaiak bere eremu eta berdetasunari eusten segitu zuen. Baita urbanizazio basatienen urteetan ere. Bada aldatu den gauza bat, hala ere: Narrosko markesaren ondorenek aldatu egin nahi izan dute golf zelaiko beren lurrak alokatzeko kontratua. Epaitegietara ere jo dute, baina ez diete arrazoirik eman.

Bihar beteko dira lau hilabete, Zarauzko Udalak beste kontratu bat sinatu zuen Golf Klubarekin. Bertan dioenez, hemendik aurrera urtero 41.619,60 euroko errenta ordainduko dio klubak udalari. Lecerako dukeak sortutako elkarteak 2009an zeukan ordainduta azkenengoz errenta: 1,5 euro. Horixe, Zarauzko golf zelaiaren benetako zuloa. Eta ia mende batez joan da handitzen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s