Konspiratzaileen lagun argentinarra

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Zarautzen 1936ko uztaileko estatu kolpea oso ondo prestatuta eta eliteek babestuta etorri zela baieztatzen duen agiri bat bada. Memoranduma da. Daniel Garcia Mansillak idatzi eta duela 75 urte aurkeztu zuen Argentinako Kanpo Harremanetarako Ministerioan, “1939ko apirila” data jarrita. Garcia Mansilla Argentinaren enbaxadorea zen Espainian, eta konspirazioaren eta Aiala etxean gertatu ziren hainbat mugimendu diplomatikoren berri eman zuen. Asilo eskubidea Europan erabili zen lehen tokietako bat izan zen Zarautz, izan ere, gizon hari esker.

Daniel Garcia Mansilla (1867-1957). Argentinaren enbaxadorea zen espainian eta 1936ko altxamendua gertatu zenean Zarautzen zegoen.

Daniel Garcia Mansilla (1867-1957). Argentinaren enbaxadorea zen Espainian eta 1936ko altxamendua gertatu zenean Zarautzen zegoen.

“1936ko iraultza baino askoz lehenago, Madrilen enbaxadan nengoelarik, jazarpen politiko kasuak balira asilo politikoa emateko prest ote nengokeen galdetu zidaten. Monarkia erortzean izan zen, infanteen jagole Vigon jeneralak [Juan Vigon Suero-Diaz] galdetu zidan, eta beste batzuek ere bai. 1936ko apirilaren, maiatzaren eta ekainean, berriz, familia askok galdetu zidan gauza bera. Guztiei erantzun nien jazarri politikoak babestu egingo nituela enbaxadan, edozein izanik ere sexua eta adina, edozein izanik ere tenorea, Montevideoko Itunaren eta Habanako Konbenioaren ildotik. (…) 1936ko uztailean, diplomatikoen multzoa Espainia iparraldeko probintzietara aldatu zenean —monarkiak finkatu eta errepublikak gorde zuen ohiturari jarraituz—, nire enbaxada Zarauzko kaskotik bi kilometrotara zegoen ezarria, etxe batean, uztailaren 17an egungo Iraultza Nazionalista hasi zenean. Lehen unetik galdetu zidaten han ere asilo eskubideari buruz, guztiei erantzun nien enbaxada irekita zegoela, argentinar erara, arrazoi politikoengatik arrisku larrian zegoela uste zuen ororentzako, baldin eta behin barrura sartuta kanpokoaldearekin ez zirela harremanetan sartuko agintzen bazidaten. Udaldi etxe bat enbaxada izan ote zitekeen ala ez, ez zen eztabaidatzeko kontua, diplomatikoen udako exodoa ofiziala baitzen erabat, eta horregatik zen Zarauzko nire etxea Madrilgo egoitza bezain enbaxada. Herria, itxura batean, lasai zegoen. Izaera sobietar garbiko Fronte Popularraren Gune bat sortu zen herrian, langilez eta herriko mediku batez [Joxe Zinkinegi] osatuta eta alkatea [Marcial Abruza] buru zutela. Horrez gain, Asturiasko bidean zihoazen automobilen eta kamioi blindatuen jarioa ez zen eteten. Miliziano, dinamitero eta bazter nahastaile armatuz beteak zihoazen ibilgailuok, Errusiako iraultzatik atereak ziruditen irudiak eskainiz. Gainontzean, egunerokoa normala zen”.

Bistan da: Daniel Garcia Mansillak ez zuen Errusiako iraultza maite. Bai, ordea, Espainiako militar eta laguntzaile matxinoena. Lozoyako markesaren Etxe Urdinean (Aiala etxea izenez ere ezaguna zen; egun Argiñano jatetxea dagoen inguruan zegoen) harrapatu zuen azken horien estatu kolpeak. Ingalaterrako, Frantziako eta Suediako enbaxadoreak ere Zarautzen zeuden egun haietan, eta berehala gehitu zitzaien Austriako kontsulatua. Argentinako enbaxadorea zen guztien buru, Espainian lan egiten zuten diplomatiko guztien dekanoa baitzen. Zarauzko haren enbaxadan gertatu zirenen bertsio propioa, Zarauzko benetako historia gerra hasieran txostenean jaso zuen.

Errusiako iraultzatik atereak ziruditen irudiak zekusan nonahi Garcia Mansillak, baina arriskuan ziruditen pertsonak, bere ustez, “gutxi” ziren. “Honorio Maura bat, akaso. Eskuineko diputatu aukeratu berri zuten eta ezkerrak iruzurrekin kendu zion izendapena. Pelayo Olazabal zen bestea. Cantillanako markesa eta karlista ezaguna zen. Enbaxadan babes hartu ahal izan zezaten, uztailaren 20an Argentinako bandera igo genuen. 23an, gauez sartu behar zuten biek”. Fronte Popularreko indarrek eta abertzaleek osatutako Defentsa Batzordeak, baina, atxilotu egin zituen, beste hainbat bezalaxe. Politika, gizarte edo ekonomia arloetan nabarmendutako inguruetako asko atxilotu zituzten. Mauraren emaztea, Sara Pieres, argentinarra zen izatez, eta 24an asiloa eskatu zuen enbaxadan, hiru seme-alabekin.

'Albatros' torpedero nazian alde egin zuten Zarauztik hainbat eskuindarrek.

‘Albatros’ torpedero nazian alde egin zuten Zarauztik hainbat eskuindarrek.

“25ean, Zaragozako bi falangista gazte ezagun sartu ziren. Jose Antonio Primo de Riveraren burkideak ziren, Ansoategui zuten abizena. Berehalakoan onartu genituen. Baimen ofiziala emana zien Gobernuak bere aldeko guztiei anaiok akabatzeko, eta astebete zeramaten ihesean, mendiz eta kostaz. Herri osoa miatu zuten etxez etxe haien bila”. Uztailaren 28an, Pedro Caro Sobrosoko markesak babesa eskatu zuen enbaxadan. Uztailaren 29an, bertan hartu zuen ostatu Candido Arozena enpresariak, 24 urteko semarekin. Arozena aita eskualdea argitzen zuen argindar konpainiako gerentea zen. “Inguruotako tiranorik handienetako bat”, Blas Zarauzen esanetan. Emaztea eta beste sei seme-alabak enbaxadara eramateko baimena ere bazeukan, baina Zarauzko Defentsa Batzordekoek aurrea hartu eta etxean atxiki zituzten guztiak. Aitak eta seme batek bakarrik lortu zuten ihes egitea enbaxadara. “Seme zaharrena espetxera bidali zuten aitak ihes egin zuela jakin bezain pronto. Herrian zabaldu zenez, egurtu egin zuten aita non zegoen esan zezan”. Azkenean, Argentinaren enbaxadan zeudela jakin zuten errepublikazaleek, “lagun batzuen diskrezio falta baten ondorioz”, Garcia Mansillaren arabera. Etxe Urdina milizianoz inguratuta esnatu zen biharamunean. Tentsioa nagusitzen hasi zen enbaxada inguruan.

Abuztuaren 3an, Abruza alkatea Defentsa Batzordeko hainbat kiderekin eta Juan Antonio Irazusta Muñoa diputatu abertzalearekin batera hurreratu zen enbaxadara. Arozena etxera buelta zedin nahi zuten. Garcia Mansillak ezetz. Ameriketan erabilia zeukan asilo eskubidea Europan baliatu nahi zuen, eta horretarako enbaxadan eutsi behar zien asilatuei. Hurrengo egunean Defentsa Batzordearengana jo zuen, arozenatarrak eta gainerako asilatuak bere hilotzaren gainetik bakarrik atera ahal izango zituztela esatera. Abuztuaren 8an, FAIko anrkista talde bat heldu zen Etxe Urdinera Donostialdetik, bi autotan. “Pistola metrailatzaileekin eta eskuko bonbekin zetozen”, enbaxadorearen esanetan. Enbaxada ataria zaintzen ari ziren lau gazte abertzaleetako batek alkateari deitu zion, eta Defentsa Batzorde osoa agertu zen. Erasoa bertan behera utziarazi zuten, eta Argentinaren enbaxadoreak kexa ofiziala egin zuen gobernadorearen aurrean. Azken horrek, enbaxadan gordeta zeudenen asilo eskubidea onartu eta arozenatarrak eta gainerako asilatu guztiak atzerrira joateko atea ireki zuen.

Azkenean, Getarian atrakatuta zegoen Albatros torpedero alemanean joan ziren Baionara arozenatarrak. Abuztuaren 13an, Albatros Getariara bueltatu zen atzera, Austriako kontsulak —Wilhelm Gefaell ingeniaria— Alemania naziko Atzerri Ministerioan egindako gestioei esker. Albatros-ek Garcia Mansillak babestutakoak jaso eta atzerrira eraman zituen. Hala joan ziren Zarauztik Teresa Ozores Valdes (Arandako markesaren alaba) bere hiru umeekin; Maria Falco Romanako markesa eta Rosario Gurtubay Hijarko dukesa (Albako dukearen amaginarreba). Horrela ezarri zen asilo eskubidea 36ko gerran, Zarautzen.

Frankistek ez zuten ahaztekoa izan lagun argentinarra. Estatu kolpeak ekarri zuen gerra irabazi ostean, gogoan gorde zuten Garcia Mansillaren lana. 1940an, plaka bat ezarri zuten Aiala etxean harekiko esker ona azaltzeko. Gaur egun, ez plakarik ez Aiala etxerik ez dago zutik herrian.

Daniel Garcia Mansilla enbaxadore argentinarraren omenez Zarauzko Aiala etxean 1940an jarri zuten plaka.

Daniel Garcia Mansilla enbaxadore argentinarraren omenez Zarauzko Aiala etxean 1940an jarri zuten plaka.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s