Karlisten armen bila

Amagoia Gurrutxaga Uranga

“Hainbat herritan antolatutako Gipuzkoako erreketeak prest zeuden altxamendu militarrarekin bat egiteko, eta egitura nabarmena izan zuten Zarautzen”. Apirilak 16 egun zituen. 1937 zen urtea. Bilbon sinatuta dago agiria, Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzak bertan zeukan artean egoitza. Zarautzez mintzo da, ordea.

Espainiako Memoria Historikoaren Agiritegian dago jasota hainbat zarauztar eskuindarren aurka Bilboko 3. instrukzio auzitegiak osatutako txostena: Causa N. 18 contra Juan Toledo Cortajarena y otros por rebelión. Sin terminar. PS-Santander_VD_T.P.Euzkadi, C.16, EXP: 6. 

Bilbon hainbat zarauztarren aurka egindako diligentziak.

Bilbon hainbat zarauztarren aurka egindako diligentziak.

Txosten horretan, 1936ko uztailaren 18ko matxinada ostean Zarautzen sortu zen giroa suma daiteke. Uztailaren 20rako, herriko Fronte Popularreko eta indar abertzaleetako kideek agintea hartua zuten Zarautzen, Defentsa Batzordea osatuta, eta jakin bazekitenez Zarauzko karlistek beren erreketeei trebakuntza militarra eskaintzen ibiliak zirela, arma bila hasi ziren. Bilaketa horretan, hainbat pertsona atxilotu eta galdekatu zituzten. Galdeketa horietako batzuetan atxilotuek egindako deklarazioak daude Bilboko auzitegietan egindako txostenean.

Alkate karlistaren ihesa

Zarauzko Defentsa Batzordea osatu eta egunetara, uztailaren 24an, Angel Urriza alkate karlista eta Pedro Zuzuarregi Lertxundi zinegotzia Andoainen atxilotu zituzten, nekazariz jantzita, Nafarroarako bidean. Ondarretako espetxera eraman zituzten preso.

Angel Urriza karlistaren deklarazioa. 1936ko uztailaren 18ko altxamendu egunean bera zegoen alkate Zarautzen.

Angel Urriza karlistaren deklarazioa. 1936ko uztailaren 18ko altxamendu egunean bera zegoen alkate Zarautzen.

Pedro eta Jose Mari Aristi Berazierto eta Marcelino Manterola Larrañaga Nafarroara alde eginak ziren. Haiek ez zituzten atxilotu. Gero eta agerikoagoa zen batzuk antolatuta zeudela eta altxamenduaren inguruko guztiaren berri zutela. Abuztuaren 2an, Joseba Zubimendi donostiarrak Zarautzera ekarri zituzten Urriza eta Zuzuarregi. Defentsa Batzordekoen aurrean deklaratu zuten. Armei buruz galdetu zieten behin eta berriz. Baita Jose Maria Endaia Berrondo, Juan Jose Aristi Isasti eta herriko errekete gazteak ere.

Ordena Publikorako Batzordeko Joxe Zinkunegi, Joseba Olabeaga eta Jesus Hernandezek egin zuten txostenaren arabera, eurek atxilotutako hemeretzi lagun epaitzea egoki litzateke. Estanislao Lekuona Alkorta zen haietako bat, uztailaren 19an diputatu abertzaleak zihoazen autoari tiro egiteko asmotan harrapatu zutelako, Zarauzko batzoki parean: “Pistola Justo Guridiren sail batera bota zuen. Hurrengo egunean, arma aurkitu genuen han. Txofer nafar batek emandako pistola baten jabe izana zela onartu zuen”.

Juan Jose Aristi Isasti, berriz, Zarauzko Errekete Elkarteko presidente eta Azpeitiko barrutiko koadroetako buru militarretrako bat zen Defentsa Batzordekoen esanetan. 11 pistola jaso omen zituen Ignacio Velazengandik. “Uztailaren 20an banatu zituen Zarauzko hainbat erreketeren artean, eta zer egin behar zuten esan zien. (..) Bere aurkako akusazio guztiak onartu zituen Donostiako Kursaalen [kartzela bihurtua zen]”. Aristi Zarauzko Zirkulu Tradizionalistako presidentea zen.

Eugenio Telleria Goikoetxearen deklarazioa.

Eugenio Telleria Goikoetxearen deklarazioa.

Jose Maria Xerica Egañaren deklarazioa.

Jose Maria Xerica Egañaren deklarazioa.

Eusebio Izeta Larrañagaen deklarazioa.

Eusebio Izeta Larrañagaren deklarazioa.

Manuel Beristainen deklarazioa.

Manuel Beristainen deklarazioa.

epaiketa13

Juan Zuzuarregi Zabaletaren deklarazioa.

epaiketa14

Francisco Juaristi Larrañaga ‘Pipe-kale’-ren deklarazioa.

epaiketa12

Lazaro Beristain Aizpuruaren deklarazioa

Jose Maria Endaiaren deklarazioa.

Jose Maria Endaiaren deklarazioa.

Vicente Eiazgirre Forten deklarazioa.

Vicente Eiazgirre Forten deklarazioa.

Manuel Beristain Zubeldiari hiru pistola aurkitu zizkioten. Zarauzko Gazteri Tradizionalisten ordezkari eta erreketeetako kabo zen. La Constancia egunkari integristako berri-emaile Francisco Juaristi Larrañaga Pipe-kale ere, konspirazio lanetan nahastuta ikusi zuten. “Zarauzko erreketen instruktore militarra. Jose Maria Endaiari hainbat gutun bidali zizkion, Pipe-kale sinadurarekin, erreketerako ekimenen eta erosketen berri emanez”.

Juaristik bidali zizkion gutunak ikusita, Jose Maria Endaia Berrondo erreketeak antolatzeko diruaren kudeatzailea zela ondorioztatu zuten. Horrez gain, karlisten artean itzal handiko gizona zela nabarmendu zuten. “Guardia zibilek eta milizianoek bilera susmagarri batean harrapatu zuten uztailaren 20an, Alameda hotelean”. Lehenagotik ere harrapatua zuten bertan halako bileretan. “Zeintzuk elkartzen ziren kontuan izanda”, bilerok altxamenduaren antolaketarekin lotuta egon zitezkeela uste zuten. “Pedro Aristi, Zarauzko erreketeen buru nagusi eta trafikatzailea”, bere etxean egon omen zen Nafarroara abiatu aurretik, “erreketeak matxinatzeko kontsigna jakinarazten”. Kontsigna hori El campo está lleno de orégano edo El viejo está bien ote zen, asmatu ezinda ibili ziren Defentsa Batzordekoak.

Angel Urrizari egindako galdeketetan, berriz, argi geratu omen zen Guardia Zibilari erreketeak eskaini zizkiola, altxamenduarekin bat egiteko laguntza nahi bazuten.

Zarauzko Defentsa Batzordeko Jesus Hernandez, Joseba Olabeaga eta Joxe Zinkunegik Bilbon, 1936ko abenduaren 31n, aurkeztutako txostena.

epaiketa18

epaiketa19

Zarauzko Defentsa Batzordeko Jesus Hernandez, Joseba Olabeaga eta Joxe Zinkunegik Bilbon, 1936ko abenduaren 31n, aurkeztutako txostena.

Juan Zuzuarregi Zabaleta, Mariano Beristain Zubeldia, Eugenio Telleria Goikoetxea, Migel Maria Xerica Egaña eta Lazaro Beristain Aizpurua erreketeek pistola bana jaso omen zuten Juan Mari Aristirengandik. Carlos Beristain Manterolak, berriz, bere pistola itsasora bota ei zuen. Salvador Aristi Arzalluz, Eusebio Izeta Larrañaga eta Jose Maria Xerica Egañak, Zarauzko gainerako erreketeek bezalaxe, tiro ariketak eginak ziren eta gutxieneko trebakuntza militarra jasoa zuten. Vicente Matia Acero eta Juan Toledo Kortajarena ere konspirazio lanetan nahastuta egoteagatik atxilotu zituzten.

Atxilotuek lehenik Zarautzen eman zuten deklarazioa. Segidan, Donostian; eta azkenik, Bilbon bertan, hara eraman baitzituzten errepublikaren aldekoek eurekin, frankistek aurrera egin ahala. Bilbon, Arantzazu-mendi ontzian eduki zituzten preso euretako asko. Batzuen eta besteen deklarazioak leituta, Luis Buenetxea Zarauzko erreketeen burua zela ikus daiteke, armak 1935eko azaroaren partituta zeuzkatela, Zuzuarregi eta Urriza Aiako baserri batean ezkutatu zirela uztailaren 20ko arrratsaldean herritik alde egin ostean, Alameda hoteleko handi-mandien bileretan Gillermo Vahl eta Agustin Unamunzaga ere egon ohi zirela; eta Getaraiarako bidean tiroketa egon zela eskuindarren eta miliziano batzuen artean.

Galdeketa bikarioari

Atxiloketez gaiz, miaketak ere ugaritu egin ziren herrian. Abuztuaren 3an, milizianoak frantziskotarren konbentura sartu ziren; 12an, Santa Klarakora; 27an, karmelitetara; 30ean, parrokiara… matxinoen aldeko armak toki haietan ere gorde zitzaketela pentsatzen zuten Defentsa Batzordekoek, eta halaxe jo zuten batera eta bestera. Parrokian, Joseba Olabeaga Basurko gazteak (Banco Guipuzcoanoko zuzendari abertzalearen semea) Meliton Pagola bikarioa galdekatu zuen. Bera bikarioaren eserlekuan eseri eta bikarioa gonbidatuentzakoan eserarazi zuen. 24 orduko epean herritik 50 kilometrotara egon behar zuela esan zion. Abuztuaren 31n, Pagola Urkiolan zegoen, baina Abadiñora joan zen berehala, eta Bilbora segidan. Karlistek inoiz ez zioten barkatuko Olabeagari bikarioarekin eta beste hainbatekin izandako jokaera lotsagabe hura.

Hala ere, konbentuak zaintzen aritu ziren Defentsa Batzordekoak. Balero Odriozola Roteta, Iñaki Lizundia Arregi, Jose Maria Unanue Larrañaga, Jose Gartxotenea Larrañaga, Sabin eta Jose Maria Berazadi Garate, Jose Antonio Iruretagoiena Beristain, Leandro Garrastazu Etxabe eta Inocencio, Pedro eta Dimas Epelde Etxabe aritu ziren lan horietan.

Zaintzak zaintza eta galdeketak galdeketa, Defentsa Batzordekoek ez zuten matxinoen armarik aurkitu inon. Ziur zeuden herriko karlistak bat eginik zeudela matxinoekin, armak gordeta zeuzkatela egokiera izan orduko atera ahal izateko. Ez zebiltzan oker, baina ez zuten armarik topatu. Irailaren 20ko iluntzean, Zigordia kaleko 7. zenbakiko etxetik atera zituzten karlistek aldez aurretik prestatuta zeuzkaten armak. Bi ganbaratan zeuden gordeta: Juliana Plantxadora Amilibia Manterolarenean eta Jose Linternero-Txikia Agirrezabalagarenean. Arma haiekin sinatu zuten herriko karlistek matxinadarekin zeukaten konpromisoa.

Advertisements

3 thoughts on “Karlisten armen bila

  1. Ai, ama! Nere aitona, Juanito Iruretagoiena, Zigordia kaleko 7an bizi zan (Batzokiya egontzan etxian) eta Loiola batalloian intzun burruka. Bere bizilagunak zezken armak ganbaran, beren etxian, ta beak jakin ez??? Linternero Txikiyak zezkan ixkutatuta, ostras… Bizitza guztiyan izan ditugu bizilagunak Linternero Txikiyanekuak. Harrigarriya ite zait bizilagunak hola alkarren kontra burrukan ibiltzia, alkar hiltzeko prest, inpaktantia.

    • Kaixo, Lide!

      Jende askok gogoratzen ditu iheslari haiek. Eta bai, aldamenekoa hiltzeko prest egote hori… halaxe gertatu zen. Zer pena aitonaren elkarrizketa hura galdu izana…

      • Ba bai, ehundoko pena daukat, lanarekin batera entregatu nuen zinta eta irakasleak galdu egin zuen, ez zidan bueltatu (ez nuen kopiarik egin, 19 urte nezkan orduan eta ez nitzan konturatu ze garrantzitsua zan aitonak kontatu ziana…). Kontatu zizkian gauza batzukin akordatzen naiz, baina 90 minutuko zinta beteta nekan bere kontakizunakin. Ze pena dakaten…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s