Konspirazioa

Amagoia Gurrutxaga Uranga

XIX. mendeko karlismoa Comunion Tradicionalista izenarekin sartu zen XX. mendeko 30eko hamarkadan. Espainiako II. Errepublika martxan jarri eta berehala, aurreko mendeko beren erakunde paramilitarra, Erreketea, berriz aktibatzea erabaki zuten. Horretarako, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Logroñoko (Errioxa, Espainia) ordezkariek hainbat bilera egin zituzten. Zarautzen bat.

Zarauzko Mixerikordia, 1916an, Indalecio Ojangurenen argazkian. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Zarauzko Mixerikordia, 1916an, Indalecio Ojangurenen argazkian. Bertan trebatu ziren neska gazte karlistak, ba omen zetorren gerrarako prest egoteko. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Leitzan (Nafarroa) izan zen erreketeak berregituratzeko lehen bilera, 1931ko ekainaren 14an, eta ondoren etorri ziren Azpeitikoa, Iruñekoa eta Zarauzkoa. Erlijio guneak-eta babesteko guardietarako antolatu ziren lehenik, behin indar armatuak berreskuratzea erabakita. Zarautzen, 1931ko maiatzaren 14an zabaldu zen sozialistak Donostiatik eta Eibartik etorriko zirela, frantziskotarren eta Santa Klarako konbentuei su ematera. Gaueko erretenak antolatu zituzten konbentuok zaintzeko. Abuztua arte gauero egin zuten guardia Zarauzko gazteek.

Errekete taldeak dekurietan osatu, eta taldeoi trebakuntza militarra ematen hasi ziren karlistak. Gobernu errepublikanoak debekatu egin zituen halako ikastaroak. Entrenamendu militarrarekin  susmorik piztu gabe segitzearren, Iruñeko erreketeek AET taldean (Agrupacion Escolar Tradicionalista) eman zuten izena. Jaime del Burgo Torres zen elkarte horretako presidentea eta, pixkanaka-pixkanaka, euren bilkurak publiko egiten eta propagandarako tresna bihurtzen hasi ziren. Del Burgo ezaguna zen Iruñean, 1930eko abenduaren 16ko greba egunean 40 erreketerekin atera baitzen kalera, ordena publikoa babestera. Del Burgo talde hartako burua zen, eta erreketeen pikete baten buru gisa gogoratzen dute iruindarrek, 1936ko altxamendu osteko lehen egunetan. Francisco Inza Goñik, esaterako, honela, Navarra, de la esperanza al terror. 1936 liburuan jasota dagoenez: “Gure aitak Francisco Inza Arbizu zuen izena eta interbentorea zen Vasconia bankoan. Errepublikanoa zen, eta horregatik depuratu zuten. Beti esaten zuen altxamenduko lehen egunean, Lozano deitzen zioten bat Aralar kaletik txistuka zihoala, gelditzeko esan ziotela udal zakurtegi parean. Iruñeko familia oso ezagun batekoa zen Lozano hura. Ematen duenez, ez zen aginduaz jabetu, eta txistuka segitu zuen Del Burgok tiroa jo eta bertan hil zuen arte. Gure aitak ikusi zuen hura. Lekuko gehiago ere bazen, eta Iruñean denek zekiten nork eta nola hil zuen Lozano”.

Jaime del Burgo Torres. Karlisten konspirazioan aritua eta jazartzaileen buruzagietako bat 1936ko altxamendu osteko Iruñean.

Jaime del Burgo Torres. Karlista. Erreketeen antolaketan aritua eta jazartzaileen buruzagietako bat 1936ko altxamendu osteko Iruñean.

Zarautzen ere, ez ziren geldirik egon. 1932an, herriko Zirkulu Tradizionalista eraiki zuten, San Frantzisko kalean. Errekete taldea 1933an sortu zen; abuztuan bedeinkatu zuten Ines Alberdik ordaindutako bandera. 1934ko uztailaren 27an, Zarauzko margariten -karlisten emakume taldea- bandera bedeinkatu zuten Zirkuluan. Urte bereko irailaren 5ean, Gipuzkoako Gobernadoreak hirugarren aldiz utzi zuen bertan behera AET herrian egitekoa zen ekitaldi bat.

Erreketeen kontzentrazioa Corellako (Nafarroa) zezen plazan, 1935ean.

Erreketeen kontzentrazioa Corellako (Nafarroa) zezen plazan, 1935eko ekainaren 2an.

Ordurako, Erreketeak egitura militarra zehaztuta zeukan, batailoien pareko bere indarrekin, tertzioekin. 1935 hasieran, jakinekoa zen Gipuzkoan gazte tradizionalistak instrukzio militarra jasotzen ari zirela. Erreketeko lau unitate sortu zituzten urte hartan (Donostian, Tolosan, Azpeitian eta Oñatin). Zarauzko gazte erreketeek ariketa militarrak eginak zituzten altxamendua gertatzerako, eta emakume tradizionalista batzuk erizaintza ikasten hasiak ziren Mixerikordia Etxean (gaur egun Santa Ana egoitza dagoeneko horretan). Gerra bazetorrela esaten zuten. Konspiratzaile ez, bat-bateko herri altxamendu bateko protagonista sentitzen ziren. Eta sentimendu hura gorpuzten eta armaz hornitzen aritu zirenen izenak eta izanak argitzen saiatu ziren errepublikaren aldekoak altxamendua gertatu zenean. Saio horren lekuko da Espainiako Memoria Historikoaren Agiritegian jasota dagoen txosten bat. Hainbat zarauztar eskuindarren aurkakoa da, Bilboko 3. instrukzio auzitegiak osatu zuen eta hau du izena: Causa N. 18 contra Juan Toledo Cortajarena y otros por rebelión. Sin terminar. PS-Santander_VD_T.P.Euzkadi, C.16, EXP: 6

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s