Francok gerra egiteko modua aldatu zuenekoa

Amagoia Gurrutxaga Uranga

1939ko apirilaren 1ean, Francisco Franco Bahamonde jeneralak amaitutzat eman zuen gerra. Irratiz zabaldu zuten berria lehenik, Burgostik. Gaur 75 urte militar kolpistek zabaldutako mezuarekin, hala ere, ez zen bakea ezarri Francoren menpeko lurretan. Generalisimo-ak gerra fronteko lubakiak uztea erabaki zuen, baina diktadura ezarri zuen zoko guztietan. Hezkuntza, justizia, ekonomia, kontrol sozial sistema oso bat eraiki zuen, gerrako helburuei eutsi eta bere neurriko gizarte bat moldatzeko.

Gerra bukatu zela iragartzeko Francisco Francok idatzitako mezua. Entzuteko klikatu (hemen).

Gerra bukatu zela iragartzeko Francisco Francok idatzitako mezua. ENTZUTEKO, klikatu hemen.

“Ni bakarrik geratzen naiz bizirik. Gainerako guztiak hil egin dira edo fusilatu egin dituzte”. Zarauzko Defentsa Batzordeko komisarioez-eta ari zen Santiago Beristain. Eta ez zuen gezurrik esan. Jose Alonso Muñoz, Rafael Andreu Mortro, Joaquin Arruabarrena Mayoz, Gerardo Martinez Aramaio, Heliodoro Ramiro Blazquez eta Sebastian Txintxurreta Korta Iparraldeko Frontea eroritakoan harrapatu eta epaiketa sumarisimoa eginda akabatu zituzten frankistek. Gehienen aurkako karguak, Zarautzen atxiloketak egin izana eta atxilotuak mehatxuka eta bortizki tratatu izana. Checa kartela zeraman automobila gidatu edo erabili izana baten baino gehiagoren aurka argudiatu zuten. Exekutatu haien aldeko ekitaldi ofizialik ez zen izan, noski. Ezkutuan irentsi beharreko minak ziren haiek galtzaileen gertukoentzat. Memoriari ere gerra egin behar zitzaion, eta gerra denerako aitzakia zen.

Bilbon exekutatutakoen zerrendak prentsan jakinarazi ohi zituzten. Ondokoa 1937ko abenduaren 22an argitaratu zuten 'La Gaceta del Norte' egunkarian, eta hiru zarauztarrren izenak ageri dira bertan: Heliodoro Ramiro Blazquez (bigarren paragrafoan), Jose Joaquin Arruabarrena Mayoz (bosgarrenean) eta Sebastian Txintxurreta Korta (seigarrenean).

Bilbon exekutatutakoen zerrendak prentsan jakinarazi ohi zituzten. Goikoa, ‘Sentencias cumplidas’ izenburupean, 1937ko abenduaren 22an argitaratu zuten ‘La Gaceta del Norte’ egunkarian, eta hiru zarauztarrren izenak ageri dira bertan: Heliodoro Ramiro Blazquez (bigarren paragrafoan), Jose Joaquin Arruabarrena Mayoz (bosgarrenean) eta Sebastian Txintxurreta Korta (seigarrenean).

Hiltzeko zigorraren mehatxupean egon ziren beste zarauztar batzuk ere: Fernando Zubiñas Aizpurua, Jose Azkargorta Laborda, Bixente San Sebastian Izeta, Felipe Zubiaurre Manterola eta Pedro Mujika Landa, besteak beste. Azkenean, baina, zigorra apaldu egin zieten.

Jose Azkargorta Labordaren aurka bildutako agirietan, esate baterako, Zarauzko Falangeren izenean Jose Maria Endaiak idatzitakoak atentzioa deitzen du. “Herri honetako izugarria zen, beste bizpahiru lagunekin batera, eta bere zerbitzura zeukan autoak Checa U.H.P. zeraman idatzita hizki handiz eta gorriz. Oso arriskutsua da, zinismo ezohikoa dauka eta ez du barkamenik merezi”. 1938ko maiatzaren 21ean ezarri zioten heriotza zigorra. 1939ko urtarrilaren 28an jakinarazi zioten, 30 urteko kartzela zigorra emateko segidan. Burgosko kartzelara bidali zuten, eta handik preso-langileen masa gris bihurtu zen. Presoak arazo bihurtu baitziren erregimenarentzako, edozergatik jendea atxilotzeko eta epaiketa zain denbora luzez preso edukitzeko joeragatik. Eta jaten eman behar zitzaien denei. Noiz eta gerrako eta gerra osteko urte latzetan. Masa hartan, Batallón de Trabajadores, Batallón Disciplinario, Batallón de Recuperación eta antzeko goitizenak gauza beraren sinonimo ziren: Espainia frankistarentzako esklabo lanetan aritzeko zigorra.”Sardina zahar bat ematen ziguten egun osorako jaki bakar, abarketa zaharrak oinetan, Oiartzun inguruko bide haietan. Euliak bezala erortzen zen jendea, goseak, nekeak, gaitzak leher eginda”. Halakoak izan ziren Marcial Olaizola Iruretagoienaren elur arteko esklabo bizipenak.

Zarauztar askok ezagutu izan zituzten halako baldintzak. Animaliak bezala hartzen zituzten espetxeetan eta batailoi guneetan; goseak eta gaitzak bat egiten zuten; baldintza haien ondorioz hildakoak ere izan ziren: Simon Larrañaga Manterola, David Isart Olaskoaga, Antonio Zabalegi Gereka, Manuel Zabalegi Gereka, Jose Maria Elustondo Zulaika, Gotzon Zinkunegi Zabala, Manuel Gezalaga Pagola…

Halakoetatik bizirik ateratzea lortu zutenek, beste gerra bat hasi zuten etxerako bidea hartzeko.  Batzuek nahiago izan zuten ez bueltatzea. Erabat kontrolatutako gizarte batera etorri behar baitzuten, eta euren ideiak ukatuz bizi. Herritik alde egitearekin bat ogibidea galdu zutenak ere baziren. Felipe Zubiaurre Manterolak eta Migel Iruretagoiena Zubeldiak, esate baterako, alguazil lana galdu zuten. Ramon Markaide Sagasta, Florencio Berazategi, Jose Garabieta Aiestaran eta Francisco Atxega Chaconek, berriz, mikelete lana. Francisco Olabeaga Aldanondok, Anjel Sukia Rezabalek eta Ramon Uranga Aiestaranek, Banco Guipuzcoanoko lanpostuak galdu zituzten. Jose Zinkunegi Arrutik eta Ramiro Goñi Argaratek, mediku postuak.

Herrira itzultzeko baimena lortu ostean, lan egitekoa ere lortu beharra baitzegoen. Zarautzen, Bonifacio Illarramendi falangistari zegokion lanerako baimena banatzeko boterea. Herrian lanik hartzen utzi ez eta ogi bila beste norabaitera alde egin behar izan zuten, besteak beste: Candido Izeta Arrillaga, Domingo Arregi Iturzaeta, Buenaventura Arregi Iturzaeta, Blas Zarauz Lizarralde, Manuel Uria Amilibia, Juan Azkargorta Laborda, Anjel Azkargorta Laborda, Jose Maria Unanue Larrañaga, Fernando Zubiñas Aizpurua, Victor Beristain Etxabe, Jose Cruz Larrarte Gonzalez Etxabarri eta Jose Ugartemendia Labakak.

Espetxetik irten eta herrira bueltatu ziren batzuei, gainera, jipoia emanez egin zieten ongi-etorria, garbi eduki zezaten nora eta zein baldintzatan zetozen. Jose Ugartemendia Labaka, Guillermo Royo Ubera, Alfonso Insausti Izeta, Koldo Bergaretxe (eibartarra izatez) eta Jose Kruz Larrarte Gonzalez Etxabarriri, esate baterako. Zarauzko gudari beteranoek duela 35 bat urte egin zuten Behin betirako. Gehiago ez! txostenaren arabera, jipoitzaile lanetan aritu ziren ondoko zarauztarrak: Hilario Arzalluz Amendibar, Estanislao Lekuona Alkorta, Roke Beristain Lekube eta Salvador Aristi Arzalluz.

Blas Zarauz, Falangeko fitxerorako argazkiak aurkeztera behartuta kartzelatik herrira bueltatu orduko.

Blas Zarauz, Falangeko fitxerorako argazkiak aurkeztera behartuta kartzelatik herrira bueltatu orduko. Zarauzko orduko Falangeko buruzagi Jose Maria Endaiak sinatuta dago.

Jipoiez gain, aldiro Guardia Zibilaren kuartelera joan beharra, herritik irten ezina… Gerra galtzaileen aurkako jazarpena etengabekoa zen. Joxe Aierdi Beobide, Jose Alberdi Garate, Jose Leon Mitxelena Txapartegi, Ignacio Goenaga Eizagirre, Cruz San Sebastian Izeta… sarritan egon ziren atxilotuta, atxiloaldi bakoitzeko jaso ohi zuten txapel-okerren zartateko sorta. Gerra aspaldi bukatua izanik ere. Frankistek inoiz ez baitzuten gerra amaitutzat eman. Beren interesen arabera aldatu zuten gerra egiteko moldea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s