Otxandio erori da; Zarauzko lehen ‘martiria’ ere bai

Amagoia Gurrutxaga Uranga

1937ko martxoaren 31n, Emilio Mola jeneral matxinoaren tropek erasoari ekin zioten Arabako eta Gipuzkoako fronteetan. Apirilaren 4ean, Otxandio hartu zuten. Bizkaiko lehen herria zen hura erortzen.

Apirilaren 4ean bertan, ilunabarrean jaso zuten Otxandioren erorketaren berri Zarautzen. Narrosko komandantzian jaso zen albistea. Jose Maria Huarte Jauregi komandanteak berehala jo arazi zuen bandoa, manifestaziora deituz herritarrak. Narrosko jauregi parean berehala bildu zen jendea. Agintari militarrak (komandantea buru) eta zibilak ( Tiburcio Legorburu alkatea eta zinegotziak) eta musika banda  aurretik zirela abiatu zen manifestazioa, Oriamendi martxa, Falangeren ereserkia eta antzeko doinuen pausora eta Viva Franco!, Viva España!, Viva nuestro Valeroso Ejército! eta Viva Cristo Rey! oihu artean.

Zarauztar erreketeak Otxandio hartu zutenen artean zeuden. Anjel Eizagirre Artetxek bertan eman zuen bizia, Huarte komandanteak jendetzari esan zionez. Erantsi zuenez, gaueko hamarretan heltzekoa zen gorpua Gasteiztik, senideak bila joanak ziren jada hara. Gorpuari ongi-etorria egitera agertzeko eskatu zien Huartek entzuleei.

Gauean heldu zen gorpua, eta hala deskribatu zuen ailegaera matxinoen aldeko apaiz batek: “… Saliendo a recibirlo el cabildo parroquial, el comandante con su correspondiente séquito de requetés, pelayos con sus cornetas y tambores, falangistas de ambos sexos y flechas y margaritas y muchísimos zarauztarras. Una vez llegado dicho cadáver a la entrada del pueblo del lado de la carretera de Azpeitia, fue bajado del automóvil siendo tomado en hombros por varios requetés haciéndole guardia otros varios también requetés y conducido por un profundo y respetuoso silencio rodeado de toda aquella muchedumbre cantando el Miserere al Círculo Tradicionalista que está en la calle San Francisco y fue colocado en la sala de espectáculos de dicho círculo que se hallaba convertido en capilla ardiente. Los sacerdotes que asistieron a aquel fúnebre acto rezaron, haciendo guardia durante toda la noche los requetés y falangistas de esta localidad”. Hurrengo egunean eman zioten lurra Eizagirre Artetxeri. Gorpua Kanposantura eramateko bidea manifestazio bihurtu zen; karabineroak ere bertan izan ziren. “Había tanta gente que las dos hileras de hombres ocupaban todo el largo de la calle Nuestra Señora de Aránzazu. A la llegada a la parroquia se cantó el oficio de sepultura, y una vez terminado dicho oficio el señor comandante tomó la palabra para decir: ‘¡Fuerzas que estaís a mis órdenes, aquí teneís al valiente requeté zarauztarra Angel Eizagirre Artetxe!’. Y todos aquellos guardias civiles, carabineros, requetés y falangistas contestaron gritando: ‘¡Presente!’“.

Anjel Eizagirre erreketea izan zen militar matxinoen alde hildako lehendabiziko zarauztarra. RENOKO UNIBERTSITATEA

Anjel Eizagirre Artetxe erreketea izan zen militar matxinoen alde hildako lehendabiziko zarauztarra. RENOKO UNIBERTSITATEA

Horrela bihurtu zen Anjel Eizagirre Artetxe “Espainiaren aldeko Gurutzada Santuaren” Zarauzko lehendabiziko martiria. 32 urte zeuzkan. Lehendabiziko atxilotuetako bat izan zen 1936ko udan Zarautz Errepublikaren aldekoen Juntaren esku geratu zenean. Kanteroa ogibidez, Santa Marinako ermita egiten eta malekoiko obrak gidatzen aritu zen 1936ko otsaila eta uztaila artean. Karlista porrokatua. Errepublikaren aldekoen esku preso uztailaren 23tik irailaren 19ra arte egon zen. Irailaren 21erako Gipuzkoako Errekete Auxiliarrean izena emanda zegoen, eta Narrosko Komandantzian eta herriko kaleetan ibiltzen zen, txapel gorria soinean. Azaro hasieran, dozena bat gazte zarauztar hartu eta Azpeitiara joan zen instrukzio militarra jasotzera. Handik herrira itzuli zen hainbat herritako ehun bat gazterekin, instrukzioa hobetzera; segidan Bizkaiko frontera abiatu zen. Abenduan joan zen Arrasate, Bergara, Eibar, Markina frontera, San Ignacio Tertzioko sargentu mailarekin, eta han eman zuen negua, lubaki, tunel eta txabolak egiten soldaduentzako. Apirilaren 2an, tiroa jaso zuen buruan, Aretxabaletan borrokan ari zela.

Zarauzko komandantziak eta Udalak hileta elizkizunak eta ohore militar guztiak eskaini zizkioten. Baita haren atzetik  beren alde hil ziren guztiei ere. Beste aldeko hildakoak, berriz, existitu ere ez ziren egiten. Errepublikaren alde hildakoei ezin zitzaien elizkizunik eskaini. Ezta ageriko hilarririk ere. Frankistak bakarrik hilko balira bezala jokatzen zuten agintari militar eta zibilek, eta hildako beren maiteei negar egitea debekatuta zeukatenak derrigortuta zeuden besteren hildakoak gurtzera, zigortuko ez bazituzten. Besoa altxata Cara al sol kantatuz irentsi behar ziren malkoak “Espainia Berrian”. Alferrik ziren erruki eta gizalege eskaerak. Gurutzada hartan, arerioaren ezabaketa fisikoa eta sinbolikoa lege zen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s