Huarte Jauregiren etorrera

Amagoia Gurrutxaga Uranga

1937ko martxoaren 4an, Jose Maria Huarte Jauregi artilleriako konplemento tenientea Zarauzko komandante militar egin zuten. Haren aurretik, Juan Pruna Fernandez Florezek (1936ko irailaren 24tik azaroaren 5era arte) eta Rafael Barrio Salamancak (azaroaren 5etik martxoaren 3ra bitartean) bete zuten kargu hori.

Juan Pruna Fernandez Florezekin, jazarpenaren aurpegirik gordinena erakutsi zuten frankistek, haren agintaldian gertatu baitziren Zarautzen hilketa, desagerketa, atxiloketa eta desjabetze bortitzenak. Rafael Barrio Salamancak, berriz, bere aurrekoak irekitako bidetik segitu zuen, jazarpen fisiko, politiko eta ekonomikoak ez baitzuen etenik izan.

Zarautzen herriko komandante militarrari buruz galdetuz gero, hala ere, inor gutxi akordatzen da Jose Maria Huarte Jauregiren aurrekoekin. Hark egin zuen denbora gehien karguan eta hark kudeatu zuen denbora luzeenez Narrosko jauregiko kontrol gunea. Zarautzera ailegatzen ziren kanpotarren segizioa, jasotzen zen postaren eta telefono komunikazioaren errebisioa eta eguneroko bizimoduaren jarraipen zehatza nahastu zituen koktel berean, beatokeria eta megalomania tanta batzuekin, beti kolaboratzeko prest zeuden herritar ugarien informazioa lagun. Meliton Pagola bikarioa bera ere ez zen libratu haren kontroletik.

Huarte moralaren eta Espainia Berriaren balioen zaindari gorena zen, izan ere. Egunero entzuten zuen meza, eta egunero jasotzen zuen herriko zelatarien eta salatarien txosten mordoa. Nazien parafernalia ekarri zuen Zarautzera, suziriekin argitutako gaueko segizioak antolatuz eta desfile erlijioso-militarrak aldiro bultzatuz. Maltako Ordenako zalduna zen, eta ordena horretako kapa jantzita agertu izan zen parrokiara.

Jose Maria Huarte Jauregi, Zarauzko komandante militarra, Ignacio Zuloaga margolariaren arabera. 1937koa da koadroa.

Jose Maria Huarte Jauregi, Ignacio Zuloaga margolariaren arabera. 1937koa da koadroa. Bertan, Maltako Ordenako zaldunen jantzia soinean duela ageri da Zarauzko komandante militarra.

Zarauzko komandante militar filonazi hura 1898an jaio zen, Iruñean, eta Nafarroako Artxibategi Nagusiko artxibozainen burua izan zen 1927tik 1936ra bitartean. Genealogia, heraldika eta noblezia arloetan zen aditua, eta, 1936ko uztaileko altxamendua gertatu zenean, matxinoen alde eman zuen izena. Ofizial gisa egin zuen gerra, eta Zarauztik Mutrikurainoko sektore militarreko buru gorena izan zen hiru urte eta erdiz.

Huarte Jauregik itxi zuen Narrosko komandantzia, behin gerra amaituta, Guardia Zibilaren postuko komandantea -Gabriel Garcia Perez sarjentua- agintari militar nagusi izendatuta.

Zarauztik joan zenean, milaka agiri eraman zituen berekin Huartek. Artxibozain senari ezin izan zion eutsi, eta bereak ez zituen dokumentuak gorde zituen urte luzez. Valdeterrazoko markes bihurtu lortu zen ezkontza bidez, eta ez zuen seme-alabarik utzi. Franco hil ostean, Huarterenagiritegia Bilboko liburu denda batek jarri zuen salgai. Renoko Unibertsitateko (Nevada, AEB) Euskal Ikerketen Zentroak erosi zuen. Zarautzen eta inguruotan frakismoak egindako bidearen lekuko zuzena da agiritegi hori (kontsultatzeko, klikatu hemen).

Huarteren komandante urteen lekukotza oso adierazgarri bat, berriz, Nafarroako Museoan dago. Ignacio Zuloaga margolariaren koadro bat da; 215×155 zentrimetro neurtzen ditu. 1937an emargotutakoa da, Zuloaga Zumaian eta Huarte Narrosen bizi zireneko garaian. Huarte Maltako Ordenaren zaldunez jantzita ageri da, nola ez. 150.000 euro ordainduta eskuratu zuen koadroa Nafarroako Museoak, 2007aren abenduan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s