Zarauzko hiltegia, Zarauzko hildakoak

Segidan, Euzkadi egunkariak 1937ko otsailaren 25ean Zarautzi buruz argitaratu zuen artikulua osorik itzulita. Izenburua: “Zarautzen hilketak eta desjabetzeak”. Azalpenak soberan daude (*):

1937ko otsailaren 25eko 'Euzkadi' egunkarian Zarautzi buruz argitaratutako artikulua.

1937ko otsailaren 25eko ‘Euzkadi’ egunkarian Zarautzi buruz argitaratutako artikulua.

Jakinekoa denez, Zarauztik 63 pertsona kanporatu zituzten, ume eta andre.

Kontatu dutenez, Zarauzko bi seme fusilatu dituzte. Jose Lacre [Lahore] bat: matxinoak herrira sartu orduko ustezko espia izateagatik atxilotu zuten. Donostiara eraman eta bertan hil zuten. Antonio Usabiaga [Usobiaga] da bestea, atxilotua izan eta sei ordura Getarian hila.

Fusilatu zituzten, baita ere: Cazon zelako bat, lau umeren aita eta Orioko zubiaren suntsiketan parte hartzea egotzi ziotena; eta Gervasio Oliden txoferra [Gervasio Olidenen txoferra hil zuten berez: Gregorio Diez], Getarian hila. Laurak bizi ziren Zarautzen.

Isidro Bergara zarauztarra ere desagertu egin da, ez da haren aztarrenik.

Beste pertsona batzuk ere fusilatu dituzte, Ondarretako kartzelatik aterata gehienak, baina ezezagunak ziren. Orio eta Zumaia bitarteko bidean fusilatzen zituzten. Gauez hiltzen zituzten eta Zarautzen lurperatzen zituzten edo Usurbilera eramaten. Fusilatu haietako bat Usurbilgo tren geltokiko nagusiaren semea da antza, eta han inguruko baserritarren bat bestea.

Guztira, milioi bat pezeta inguruko isunak ezarri dituzte, baserritarrei kendutakoa kontuan hartu gabe. Isun gehienak 1.000 pezeta ingurukoak ziren. Antonio Izagirreri 100.000 pezeta inguruko bat ezarri zioten. “‘gorrien’ lagun izateagatik” ezartzen ziren isunok.

Atxiloketa ugari egin zituzten, eta diru kopuru jakin bat kobratu ostean libre utzi zituzten gehienak. Egun Zarautzen zazpi gizon daude atxilotuta. Juan Pagola eta Luis Azpiazu apaizei 1.000na pezetako isuna ezarri diete.

Orain arte purpurina, aluminioa eta su-artifizialetarako polbora ekoizten zituzten fabrika batean, gerrarako polbora egiten dute egun.

Gainontzeko fabrikak, altzari ekoizleak gehienak, itxita daude; eta ez dago lanik.

Beldur, isiltasun eta salaketa giroa ezarrita dago. Taldeak galerazita daude, eta lagunek herri kanpoaldean hitz egin behar izaten dute elkarrekin.

Bizimodua txarra dago. Herritarren ordaintzen dute guztia, inkautazio, behartutako donazio  eta suskripzioen bitartez. Etxe guztietan ordainarazten da zerbait. Baserritarrak euren generoa debalde eramatera behartzen dituzte. Arruti etxetik 150.000 pezetako balioa zuten altzariak atera dituzte.

Zarauztik irtetea ezinezkoa da. Salbokonduktoa eskatzen dute, eta agiri hori ordaindu egin behar da.

Ez dago udatiar asko, altxamenduak bertan harrapatu zituen madrildarrak besterik ez.

Egun batean, Getariatik ekarritako fusil alemaniarrak banatu zituzten. Juan Luna Fernandez Flores [Juan Pruna Fernandez Flores zen berez ] da herriko komandantea, eta zazpi falangistak osatutako guardia bat dauka.

Haurrak eta emakumeak garbiketa lanak egitera behartzen dituzte.

Etxebizitzak hustuta daude eta altzari asko Nafarroara eraman dituzte.

Klase guztietako izugarrikerien arduraduna Gracia abizeneko Guardia Zibileko sargentua da.

29 emakume inguru atxilotu dituzte. Beste batzuk, gizonezkoak, behartuta daramatzate lanera.

Banco Guipuzcoanoko gerentearen alabari ilea moztu zioten. Ez zioten errizino olioa eman hartu zuen tratuarekin gaixotu egin zelako.

Kanporatuetako zenbait Donostian egonak dira. Irundik jotako eraso baten beldur omen dira han, eta 2.000 gizonekin areagotu dute babesa.

Erantsi dutenez, Zarauztik gauez fronteko zauritu asko pasatzen da. Loiolako kuartelen ondoko etxe batera eramaten omen dituzte. Etxea, ospitale bihurtuta, zaurituz betea ei dago.

Duela ez asko Frantziara 300 “falangista” pasatu omen dira. Gehienak, jazarriak eta hilak ez izatearren sartu omen ziren falangista.

(*) Zarautzen gaur arte etenik gabe heldu den memoria haria bat dator ia erabat artikuluarekin.

(**) Jose Lahorez ari da

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s