Lapurreta lege

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Zarautz hartu orduko desagerrarazitako abertzale eta errepublikazaleak ez ziren ikustekoak. Gaueko segizioak ziren haiei eskainitakoak, baina ez ziren bakarrak. Ihes egin zuten askoren etxeak eta patrikak husteko irrikitan zeuden faxistak, eta errekisak, isunak eta lapurretak zaparradan heldu ziren.

Zarautzera 1936ko irailaren 20an sartu ziren faxistak, eta egun berean La Voz de España egunkariko artikulutxo batek iragartzen zuen etortzear zena: “Derrigorrezkoa eta legezkoa da euskal abertzaleei beren jabetzak inkautatzea. Beraiek eman digute eredua, Bilboko eskuindarrei beren fortunak kenduz. (…) Haien arrazoiak, ez da ahaztu behar, gureak ez bezalakoak dira. Haiek harrapaketa grina hutsagatik inkautatzen dute; guk egin beharragatik inkautatuko dugu. (…) Jabetzari begirunea zor zaio, bere misio kristaua betetzen duenean soilik. Beren kapitala Jainkoaren etsaien zerbitzura jartzen dutenak desjabetu egin behar dira. Gure katoliko kontzientzian, ez dago beste aukerarik”.

Irailaren 21ean, Gipuzkoako Inkautazio Batzordea osatu zuten, operatibo militarretarako interesgarriak izan zitezkeen lantoki eta industrien zerrenda egiteko. Estatu kolpearen aurka agertu ziren alderdi eta erakunde guztien egoitzak inkautatzea berehala etorriko zen. Zarautzen, udal idazkariak bete zituen inkautatutakoaren administradore lanak 1938ko martxoaren 2a arte, eta, behin hortik aurrera, Bernardino Izetak. Herrian inakutatutako eraikin nabarmenenen artean, Kale Nagusiko Zabalegi-enea aipatu behar da. Taberna zen tokian, Auxilio Social zelakoa kokatu zuten; eta lehendabiziko bizitzan, Falangeko Sindikatua. Bertako buru izan ziren, hurrenez hurren, Bonifacio illarramendi Odiozola eta Jose Maria Larrañaga Lonbide.

Zarauzko Batzokia berriz, 1937ko uztailaren 28an inkautatu zuen ofizialki Estatuak, baina ordurako hartua zuten herriko agintari frankistek. 1938ko ekainaren 15ean, eraikina Guardia Zibilaren kuartel bihurtzea eskatu zion Udalak estatuari. Bitartean, errekisatutako altzarien biltegitarako erabili zituzten Batzokiko behekaldea eta lehendabiziko bizitza. Gero, Auxilio Social ezarri zuten bertan. Hirugarren bizitzan, txapel-okerrak.

“Beti beldurrez ibili zen jendea hemen. Atxiloketak, errekisak, etxe miaketak, Bizkaira joan zirenen etxeen hustuketak… Herrietan beti izaten dira, bada, itxuragabeak, eta halakoxeak hartzen zituzten, kamioia atarietan utzi eta altzariak-eta jaisteko. Etxerik gabe uzten zuten jendea. Gauza tristeak ziren haiek”, Javier Aranbururen hitzetan.

Maria Olaskoagari etxetik kendu zizkioten gauzen zerrenda.

Maria Ostolazari etxetik kendu zizkioten gauzen zerrenda.

Etxeetatik ateratako altzariak-eta Arruti Hermanosen tailerrera eta handik behar zen lekuetara eramaten, eta hustutako etxeak betetzen hasi ziren. Renoko Unibertsitatean gordeta dauden Zarauzko komandantziako agirietan, esate baterako, altxamenduak Zarautzen harrapatu zituen udatiarren eta erregimen berriaren zerbitzarien eskaerak ageri dira, goi mailako altzariak, etxe egokiak eta beste lortzeko. “Gure aldameneko etxea inor gabe geratu zen, eta bateren batzuk ederki aprobetxatu ziren, nagusiak bueltatu zirenean hutsik topatu zuten eta! Gerra bukatu zenean, Orioko gainera soldaduak etorri ziren, eta hango kapitaina aldameneko etxe horretan egon zen”, Adoracion Zubiaurreren hitzetan.

1939an, agintari militarrek Zarauzko komandantzia itxi zutenean, inbentarioan jaso zuten “Armada Nazional Aintzatetsuak Zarauzko plaza askatzeko tenorean interbenitutako etxeen” zerrenda: Jose Atxukarrorena; Antonio Adarragarena; Ricardo Adarragarena; Jose Maria Aizpuruaren barberia; Mariano Aldalurren etxea; Francisco Alonsorena; Jose Alonsorena; Pascual Altablerena; Benjamin Alvarezena; Migel Amuskibarrena; Rafael Andreurena; Juan Aranbarrirena; Manuel Aranzabalen tailerra; Enrique Arrietaren etxea; Arruti anaien fabrika; Jose Azkargortaren etxea; Jose Aierdirena; Ponciano Baldellourena; Santiago Beristainena; Editorial Vascarena; Jose Txintxurretarena; Macario Cuevasena; Jose Chimpasa Irastorzarena; Fernando Txintxurretarena; Jesus Etxabarrirena; Enbil Hermanoseneko garajea; Pedro Arze Escuderoren etxea; Francisco Escuderorena; Jesus Fernandezena; Segundo Fernandezena; Gervasio Gabirondorena; Jose Caliriorena; Manuel Garciarena; Garrastazu eta Odriozolaren ebanisteria; Miguel Jimenoren etxea; Jacinto Miguelena; Euzko Nekazarien harategia; Larrañagaren semeen etxea; Jose Lasherasena; Pedro Lizaso eta senideena; Ignacio Lizundiarena; Eugenio Lopezena; Ceferino Luengorena; Candido Lunarena; Adelina Martinena; Eduardo Martinezena; Maria Martinezena; Faustino Galilearena; Demetrio Mendozarena; Tomas Moulianen garajea; Pedro Mujikaren etxea; Eugenio Ortiz de Zaraterena; Candido de Pazena; Jose Luis Quevedorena; Emilio Ramosena; Ignacio Ramosena; Emilio Rodriguezena; Jeronimo Rodriguezena; Jose Ramon Jararena; Leon Royorena; Luciano Rubiorena; Miguel San Sebastianena; Manuel Saroberena; Jose Ucarrena; Francisco Uralderena; Ramon Urangarena; Jose Maria Urbietarena; Jose Zabalegirena; azken horren taberna; Pablo Zimmermanen etxea; eta Felipe Zubiaurrerena. Eraikin guztion hileroko errenta Inkautazio Batzordeak kudeatzen zuen.

Banco Guipuzcoanoko agiria, Zarautzen inkautatutako higiezinek emandako irabazien kopurua emanez.

Banco Guipuzcoanoko agiria, Zarautzen inkautatutako higiezinen inguruan. RENOKO UNIBERTSITATEA

Aldi berean, isunak jartzen hasi ziren. Herria hartu eta berehalako epean, Espainiako Altxorrerako donatibo gisa agertzen ziren isunok prentsa ofizialean. Milaka eta milaka pezeta. 1937ko urtarrilean Ondareen Inkautazioetarako Gipuzkoako Batzordea sortu zenerako, makina bat diru bildua zuten Zarautzen. “Narrosko komandantzian 30.000 pezetako isuna jarri zioten gure aitari. Diru mordoa zen orduan hura”. Jon Koldobika Mendizabal Mendi margolariak gogoan du aitak komandanteari esan ziola ez zeukala hainbeste dirurik. Bankuan zenbat zeukan ere erakutsi omen zion. “Orduan, 30.000 pezetako isuna ezabatu eta beste paper bat egin zuen komendanteak. ‘Donación voluntaria al Glorioso Ejército Nacional: 1.500 pesetas’ idatzi zuen han. Semea frontera bidaltzea ere agindu zion. Nik 8-9 urte bakarrik nituenez, ordea, Getariarako bideko bigarren tunelean guardiak egitera bidali zuen aita”. Itxuraz boluntarioak ziren donazioak ez egitea zigorra jasotzeko aitzakia bihurtzen zen, bistan da. Eta donatiboak eskatzen eta inposatzen segitzeko makina asmatu zuten.

Hilario Etxabe Aizpuruak, adibidez, kexa egin zuen 1940ko otsailaren 9an, Zarautz hartu berritan “inongo txostenik bete gabe” 10.000 pezetako isuna ordainarazi ziotelako, eta 1937ko irailaren 11n beste 60.000 pezetako isuna jarri ziotelako Iruñeko epaitegian, “ardura zibilengatik”. 8.000 pezetako isuna eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zizkioten. “Separatista” izateagatik. 1934tik Fronte Popularreko alderdietako edo euskal abertzaleetako kide izandako guztiak zigorgarri bihurtu ziren, izan ere, eta zigor horiek erabateko desjabetzeraino heldu ziren zenbaitetan. Epaiketa militarra nozitu zuen orori txostena egin zioten Inkautazio Batzordean, “ardura politikoak” kitatzearren.

Bilbon Zarauzko alkate kargua izan zuen Pedro Aspiazu Goiak, esaterako, 6 urte eta egun bateko inhabilitazio zigorra jaso zuen 1937ko abenduan. Libre utzi zuten, baina 100.000 pezetako isuna jarri zioten 1938ko maiatzean. 1941eko uztailean, 11.500 pezetatan utzi zioten.

Francisco de Sales Etxabe Zubimendiri 30.000 pezetako isuna jarri zion Zarauzko komandante militarrak 1936ko urriaren 26an. Mailegua eskatu zuen ordaindu ahal izateko. Gerora, 100.000ko isuna ezarri zioten, baina helegitea aurkeztu zuen. Hiru seme-alaba abertzaleen ideia berekoa izatea leporatu zioten, eta karlista ezaguna zela erantzun zuen hark.

multaberria1

Zarauzko Komandantzia Militarreko agiria, frankistek herria hartu berritan ezarri zituzten isunen zerrenda jasoz. RENOKO UNIBERTSITATEA

Zarauzko Komandantzia Militarreko agiria, frankistek herria hartu berritan ezarri zituzten isunen zerrenda jasoz. RENOKO UNIBERTSITATEA

Iruñeko Artxibategi Nagusian dauden agirien arabera, Jose Irastorza Añorgari, Dominika Beristain Etxaberi, Joseba Olabeaga Basurkori, Gerardo Martinez Aramaiori eta Jose Maria Txintxurreta Mitxelenari 100.000na pezetako zigorra ezarri zieten. Bernardino zelaia Gurrutxaga, Gillermo Eizagirre Aramendi eta Francisca Alokorta Larrañagari, 50.000na. Dozenaka herritarren aurkako txostenak ireki zituzten, matxinoen aurkako “matxinatze” lanetan izan omen zituzten ardurengatik. Ia denei, ez zeuzkaten dirutzak eskatu zizkieten.

Zarautz faxistek hartu artean Zarauzko Banco Guipuzcoanoko buru izan zen Francisco Olabeaga Aldanondori, 75.000 pezeta eskatu zizkioten. Atzerrira ihes egin, eta ez zuen ordaindu. Santiago Beristain Etxaberi, 8.000 pezetako isuna ezarri zioten 1941eko urtarrilaren 30ean. Horrez gain, herrira 10 urtean ez bueltatzeko aginduarekin zigortu zuten.

Ricardo Adarragari jabetza guztiak kendu zizkioten 1941eko azaroaren 15ean. Herrira 15 urtean bueltatzea ere galarazi zioten. “CNTko afiliatua” izateagatik, epaitu zutenen arabera. Eta “Fronte Popularrarentzako ibilgailuak errekisatzen eta armak banatzen, bere tabernan bilkurak egiten eta eskuindarrak atxilotzen” ibili izanagatik. Ordurako, estatu kolpea eman zutenek iraulia zuten erabat hizkuntza; Adarragaren eta beste hainbaten aurkako epaietan ikus daiteke. Hautesontzietan aukeratutako gobernuaren aurka altxatu zirenek, gerra irabazi ahala, “matxino” bihurtu zituzten legedia babesteagatik borrokatu zirenak, eta matxino legez zigortu zituzten.
Sebastian Txintxurreta Korta hala kondenatu zuten hiltzera. Baita hil ere. 100 pezetako isuna ezarri zioten gero. Ez zen gaizki ulertu baten ondorio izan. Epaian jasota utzi zuten, argi eta garbi, heriotza zigorrera kondentuta eta exekutatuta zeukatela ordurako. Matxinoek hildakoei ere ez zieten barkatzen, eta hala uler zedila nahi zuten.
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s