Hiltzera kondenatutakoaren gutunak

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Jose Alonso Muñoz urtarrilaren 8 batez jaio zen. Zarautz zuen bizitoki militarrak 1936ko uztailaren 18an matxinatu zirenean, Santoña frankisten esku geratu ostean hartu zuten preso. Epaiketa sumarisimoa egin zioten eta, 1938ko urtarrilaren 8an, 43 urte bete zituen egunean, Larrinagako kartzelan fusilatu zuten. Hiru gutun utzi zituen bere azken orduko desioen lekuko.

Jose Alonso Muñoz 1937ko azaroaren 11n kondenatu zuten hiltzera, Bilbon egin zioten epaiketa sumarisimoan. Haren delituak ziren, besteak beste, uztailaren 18ko altxamendu militarraren ostean Donostiak legezko agintarien esku jarrai zezan borrokatu izana, Zarauzko Fronte Popularraren aldeko agintearentzako lanean aritzea, “Jainkorik gabekoen sektakoa” eta UGTkoa izatea…

1938ko urtarrilaren 8an fusilatu zuten; bera hil baino lehenago hil zitzaion alaba eta alarguna eta semea utzi zituen: baita senideak eta burkideak ere. Guztiak izan zituen gogoan hil aurretik idatzi zituen gutunetan. Gutunok berak nahi zuen tokira helduko zirela ziurtatzeko, hainbat kopia eta enkargu prestatu zituzten Larrinagako kartzelan, kopia haietako batzuk dira ondokoak. Blas Zarauzen senideen bitartez lortutakoak dira, eta guztietan ageri da “es copia” (kopia da) esaldia. Segidan, gutunen itzulpenak:

1. Kartzelako lagunei

Lagun maite guztiok. Askatasuna eta Justiziaren alde egiteagatik hiltzera noanean idazten dizuet, gutun hauek txanpon-zorroarekin eta txiskeroarekin batera beren helmugara ailegarazi ditzazuen.

Fida zaitezte etorkizunarekin eta izan zaitezte gizon libreak, ez esklabo. Borroka zaitezte mundu hobeago bat eta Euzkadi libre bat!!!!, librea!!!!, lortzearren.

Besarkada estu bat zuen burkide eta lagunarengandik

Jose Alonso

Gora Errepublika!!! Gora Euzkadi Askatuta!!!

Larrinaga. 1938ko urtarrilaren 8an.

Besarkada handi bat nire pabilioiko denei

Jose Alonso Muñozen hil aurreko gutuna Larrinagako kartzelako burkideei.

Jose Alonso Muñozen hil aurreko gutuna Larrinagako kartzelako burkideei.

2. Senideei

Larrinagako kartzela. 1938ko urtarrilaren 8a

Anaia maiteok. Hiltzeko tenorean idazten dizuet, senide eta iloba guztiei, hamaikagarren aldiz nirekiko interesagatik eskerrik beroenak zuei helarazteko, zuei batez ere, alferrik bada ere —ikusi duzue emaitza zein izan den— zentzu guztietan nire alde egin duzuenagatik. Gauza bakarra daukat zuei esateko hiltzeko orduan: ahaleginak eta bi egin ditzazuela ezarri didaten orbanarekin nire izena ez dadin ohoregabetua suertatu.

Nire odola haien buru gainera eror dadila eta izan dezatela merezi duten akabera.

Eta izan zaiteztela ni baino zorionekoagoak, ikusten baituzue gutxienekoa dela hiltzea; nire emaztea eta seme gaixoa ez daitezela babesgabe gertatu, badut zuekin horretarako konfiantza.

Aldi berean, emaiozue nire emazteari hau. Tomasa gajoa!

Musu asko umeei eta zuek jaso ezazue besarkada bat gehiago ikusiko ez duzuen eta burua altxata hilgo den zuen anaiarengandik,

Pepe

Oharra: Geratzen zaizkidan objektuak gutun hau daramakizunak emango dizkizu, eta gutuna nire emazteari emango diozu txanpon-zorroarekin eta txiskeroarekin.

Jose Alonso Muñozek senideei hil aurretik idatzitako gutuna.

Jose Alonso Muñozek senideei hil aurretik idatzitako gutuna.

3. Emazteari eta semeari

Bilbo. Larrinagako kartzela, 1938ko urtarrilaren 8an

Emazte eta seme maiteok. Nork esan behar zigun guri idatziko nizuen lehen gutuna azkena izango zela, baina patuak hala izan dadin nahi izan du. Badakit zauritu egingo zaitudala, baina hainbeste eusteko gai izango zarela uste dut, gure semeagatik besterik ez bada ere. Kausa baten alde ematen dut bizia, ehun bizi banitu ehunak emango nituzke haren alde. Denok zoriontsu izatea eta ludian gorrotorik ez izatea dut amets, baina errealitatea ez da halakoa. Batzuk betiereko eeremuetara goratzen diren bitartean, besteak zapo antzo dabiltza, arrastaka, eta gizonei zerbitzeko ustean borrero lanetan dabiltza.

Gure seme koitaduak ez daki orain ezer gorrotoz eta herraz baina egunen batean gizonduko da, eta zuk bere aitaren humanitatearekiko maitasunean heziko duzunez, nik ez dut mendekurik amets, baina gure semea -berriro diot- gizon egingo denean, justizia egingo du. Zuk oso ondo dakizulako nork hiltzen nauen, nik bezain ondo ezagutzen dituzu. Horiek, beraz, lohitu egin nahi izan naute beren koldarkeriatik, berne maila moraletik oso gora nagoela pentsatu ere egin gabe. Gutun hau gorde ezazu gure semeak ni ulertzeko adina argitasun izan arte, hala nahi dut eta hala eskatzen dizut nire heriotza orduan. Memento hori heltzean, emaiozi leitzera, eta justizia! egingo du, ez mendekua, nire barruan ez baita gorrotorik sartzen.

Ondo dakizu zenbat maite izan zaitudan eta zu eta gure seme gaixoa zoriontsu egiteko borrokatu naizela. Zertarako errepikatzen hasi zugatik sentitzen nuen maitasun guztia… Barka iezadazu noiz edo noiz lainoren batek gure zoriontasuna lausotu badu, eta Jose Luis txikia askatasunean eta bestearekiko maitasunean hezi ezazu amore eman eta etsipenik gabe. Gerra hau bukatzean, ez dut uste babesgabe geratuko zarenik, Gobernua zuetaz arduratuko baita. Bien bitartean, ez zaitez mugitu zauden tokitik bertan ondo bazaude.

Txiskeroa eta txanpon zorroa bidaltzen dizkizut Jose Luisentzat, zure, umeen eta nire argazkiekin. Beste herentziarik ez diot uzten.

Marka da, 43 urte betetzeko egun berean hilgo naiz, ez egun bat lehenago, ez egun bat geroago. Propio egin ote duten? Tira, ez zaitut gehiago penatuko. Animo! Bizitzaren alde borrokatzera, ondo gogorra baita. Ez dut dudarik egiten, baina, gure semearen onerako aurre egin ahalko diozula egoerari, gure Consuelito gajoa garaiz hil ostean. Gaixo hark ezingo luke iraun, hain zen maitekorra eta samurra, hain maitea zuen aita. Koitadua! Ni bezain sentimentala zen.

Estu besarkatu eta asko musukatu Jose Luis. Eta goraintziak, maitasuna eta besarkadak zure amari eta ahizpei. Eta zuk, har ezazu beti gurtu izan zaituen eta burua ondo tente hilko den zure senar honen bihotza

Pepe

Jose Alonso Muñozen gutuna emazteari eta semeari. 1938ko urtarrilaren 8an, 43 urte bete zituen egunean datatuta dago.

Jose Alonso Muñozen gutuna emazteari eta semeari. 1938ko urtarrilaren 8an, 43 urte bete zituen (eta fusilatu zuten) egunean datatuta dago.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s