1936ko otsailaren 16a, karlisten azken hauteskunde porrot eguna

Amagoia Gurrutxaga Uranga

1936ko otsailaren 16a, hauteskunde orokor eguna izan zen Espainian. Baita Euskal Herrian ere. Hauteskunde haietan, aurrekoetan bezalaxe, abertzaleek gain hartu zieten karlistei Zarautzen. Azken horiek ez zeuden galera onartzeko prest, hala ere.

Karlistak herriko nagusi izatera ohituta zeuden, eta plaza eta tresna guztiak erabiltzeko prest zeuden beren nagusitasunari eusteko. Meliton Pagola herriko bikarioa -eta beste eliz-gizon eta emakume asko- lagun. Errepublika ezarri zenetik utzi zuten hori agerian. Alferrik, ordea. 1933ko azaroaren 19ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, esaterako, Pagolak pulpitutik esan zuen benetako katolikoek ezin zutela boza abertzaleen alde eman. Hauteskunde eguna heldu zenean, abertzaleak zain zeuden hark boza eman behar zuen tokian, eta txistuka eta oihuka hartu zuten. Tradizionalisten (karlisten) aldeko boz-papera astinduz erantzun zien bikarioak abertzaleei. Elizari eman ohi zion diru-laguntza emateari utziko ziola esan zuen zarauztar ugarik egun hartan. Hura ikusita, aristokrata batek 1.000 pezeta eman zizkion Pagolari. Diruak diru eta mezuak mezu, EAJko hautagaiek aurrea hartu zieten karlistei hauteskunde haietan. Lehen aldia zen Zarautzen. Jeltzaleek 827 boz bildu zituzten, eta karlistek 811. Izquierda Republicanak, berriz, 93 lortu zituen; sozialistek, 91; eta komunistek, 41.

1936ko otsailaren 12an La Constancia egunkari karlistako Zarauzko kronika, 16ko hauteskundeei begira.

1936ko otsailaren 12ko La Constancia egunkari karlistako Zarauzko kronika, 16ko hauteskundeei begira.

1936ko otsailaren 16ko hauteskunde atarikoak ere mugituak izan ziren herrian. “Maizterrei etxetik botatzeko mehatxuka, dendariei boikota egingo zietela esaka, horrela egin zuten beren propaganda monarkiko-tradizionalistek”, Juanita Etxabe Aldak Joxemiel Barandiarani 1937an Angelun (Lapurdi) kontatu zionez. Otsaileko hauteskunde haietara -eta martxoaren 1eko bigarren itzulira-, Madrildik ere ekarri omen zituzten neskameak-eta boza ematera. “Beraiek irabazten bazuten, batzokiak itxi eta abertzaleen jabetzak hartuko zituztela esaten zuten”. Candido Eizagirre Endaia Granadako dukearen administrariak honakoa ziotsoen abertzaleei hauteskunde bezperan, Etxaberen esanetan: “Bihartik aurrera bukatu dira harrokeriak: abertzaleak legez kanpo”.

La Constancia egunkari karlistan otsailaren 12an, Zarauztarrok, erne artikulua argitaratu zioten   Ignotus ezizeneko bati. Hemen artikuluaren hasiera, hitzez hitz:

La hiedra separatista está utilizando el hermoso jardín de nuestra querida tierra vasca. Desde el funesto pacto de San Sebastian, los separatistas no hacen más que dividir las relaciones cordiales que hemos mantenido siempre entre nuestros semejantes, el patrono con el obrero, el casero con su propietario y el pueblo con el clero; con sus propagandas inconsentibles en la prensa separatista, ya no hay paz, todo es odio, todo mentira, todo programa bolcheviqui, lo mismo en la sociedad civil que en la eclesiástica, no hay buena nada, pero sí mucho malestar, unidos los Sabinianos con los Prietistas el resultado tiene a la fuerza que ser un desastre y a eso vamos: si no atajamos el mal, si no extirpamos de raíz la maldita hiedra que todo lo estruja, dentro de pocos años, muy pocos, nuestra querida tierra que nos vio nacer, nuestro hermoso jardín vascongado, será un caos, un desorden, una miseria, un paraíso soviético (…)“.

Artikuluak artikulu, sermoiak sermoi eta mehatxuak mehatxu, hala ere, hauteskunde haietan ere abertzaleak izan ziren nagusi. Manuel Irujo, Rafael Pikabea, Telesforo Monzon eta Juan Antonio Irazusta jeltzaleek, guztira, 3.385 boto lortu zituzten otsailaren 16an; eta Eusko Langileen Alkartasuneko Jose Maria Lasartek 770. Antonio Pagoaga eta Ricardo Oreja Elosegi tradizionalistek, berriz, 1.848 eskuratu zituzten; eta eskuin espainiazaleko Juan Pablo Lojendiok (CEDA) eta Jose Mujikak (Renovacion Española), 1.840. Izquierda Republicanako Mariano Anso eta Luis Apraizek 384 boz lortu zituzten; Miguel Amilibia sozialistak 196; eta Jesus Larrañaga komunistak 184.

Halakoxea zen paisaia politikoa Zarautzen, bozekin lortu gabekoa armez eskuratzeko batzuen saioa hasi bezperan. Eta hauteskunde bezperako mehatxuak bete egin zituzten.

  • 1936ko otsailaren 16ko hauteskundeek izan zuten beste ondorio zuzen bat: Gerora Fronte Popularra osatuko zuten indarren izenean interbentore lanetan aritu ziren guztiak jazarri zituzten frankistek. Hiltzeraino jazarri ere, zenbaiten kasuan.
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s