Depurazioak, udal funtzionario taldea ‘garbitzeko’

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Komandante militarraren aginduz Zarauztik dozenaka emakume eta haur kanporatzeari ekin zioten egun berean, 1937ko otsailaren 13an, hamasei udal funtzionariori buruzko “depurazio txostenak” egitea erabaki zuten udal plenoan, “Espainia salbatzeko Mugimendu aintzatetsuaren kontra” aritutakoak izan zitezkeela iritzita.

1937ko otsailaren 13ko udal plenoen akta liburuetan ez zuten aipatu ere egin zibil kanporaketa -senarra edo senideren bat errepublikaren kontrolpeko lurretan zeukaten herritarren zerrenda egiten lagundu zuten, ziur-, baina bai depurazio txostenak Marcelino Manterola Larrañaga eta Modesto Piquer Pera zinegotzien esku utzi zutela.

Udal funtzionario hauen depurazio txostena egin zuten: Juan Beristain Etxabe (idazkaria); Antonio Berazadi Urbe (diruzaina); Ramiro Goñi Argarate (mediku titularra); Enrique Gonzalez Arroitajauregi (musika bandako zuzendaria); Felipe Zubiaurre Manterola eta Migel Iruretagoiena Zubeldia (alguazilak); Jose Berazadi Elberdin eta Jose Urdangarin Barandiaran (gauzainak); Jose Mari Pagadizabal Iñarra eta Inazio Maria Agirre Arruti (kale garbitzaileak); Ramon Aranguren Egibar (ehorztailea); Alejo Elizondo Bengoetxea (zerga biltzailea); Francisco Juaristi Arostegi (hiltegiko arduraduna); Inazio Loinaz Bidaurre (Iñurritzako zelaiko eta pasoko arduraduna); Joxemari Eizagirre (lehen txistua); eta Eugenio Agirresarobe Etxezarreta (kale garbitzaile jubilatua). Hamasei guztira.

1937ko otsailaren 13ko Udal plenoaren akta. Bertan udal funtzionarioen depurazio txostenak egiten hastea eta txostenok egiteaz Marcelino Manterola eta Modesto Piquer (2. eta 3. orrietan) zinegotziak arduratuko zirela erabaki zuten

1937ko otsailaren 13ko Udal plenoaren akta. Ezkerrean, parte hartu zutenen izen-abizenak ageri dira

img019

1. puntuan, udal funtzionarioen depurazio txostenak egiten hastea erabaki zuten, eta txostenok nori egin zehaztu.

img020

3. puntuan, Marcelino Manterola Larrañaga eta Modesto Piquer Perari eman zieten txostenak egiteko ardura.

img022

Juan Beristain Etxabe idazkariari depurazio txostena egitea erabaki zutenez, Luis Urreztarazuk bete zituen “behin-behineko idazkari” lanak.

img021Udal funtzionario taldeko “gorri-separatista” guztiak kentzeko obsesioa, hala ere, ez zen berria. 1936ko irailaren 18an, Gipuzkoako gobernadore zibil Ramon Sierra Bustamantek bandoa jo zuen, “Estatuko, Aldundiko eta Udaletako funtzionarioek” jakin zezaten irailaren 21era arteko epea zutela beren buruak lantokian aurkezteko. Aurkezten ez zenak, etor zitezkeen ondorioak onartu beharko zituen. Aurkeztu ez zirenetako asko eta asko kargugabetu egin zituzten. Irailaren 20an hartu zuten frankistek herria, eta urriaren 24ko udal plenoko aktan jasota utzi zuten gerora depurazio txostena egingo zieten gehienak  —“todos aquellos empleados municipales a los que se pueda considerar simpatizantes con las ideas marxistas-separatistas”— kargugabetzeko erabakia.

Ordeko izendatu zituzten, “behin-behinean guztiak”: Alfonso Raimundo Basurko Lopez (udal idazkari); Jose Maria Azpeitia Manzisidor (hilerriko arduradun); Migel Arruti Arruti (zerga biltzaile); Benito Sarasua Burrutxaga (alguazil); Marcelino Amilibia Zubimendi  eta Antonio Lertxundi Lizarralde (gauzain); Santiago Etxeberria Balerdi eta Adrian Gonzalez-Txabarri (kale garbitzaile); Demetrio Kortajarena Muñoa (Iñurritzako zelaiaren eta hesolaren arduradun). Bi egun geroago, Lertxundi Lizarraldek uko egin zion gauzain karguari, eta Agustin Agoues Zubeldiari eman zioten horren ondorioz.

Azkenean, depurazio txostena egin zietenen artean Gonzalez Arroitajauregik, Alejo Elizondok, Jose Berazadik, Francisco Juaristik, Ignacio Maria Agirrek, Jose Migel Urdangarinek eta Jose Maria Pagadizabalek galdu zuten euren udal langile plaza. Felipe Zubiaurrek eta Migel Iruretagoienak, berriz, “apartatuak” izan ziren, lana utzi izanagatik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s