Rafael Andreu Mortro, hiltzera kondenatua

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Militarrek epaituta eta hiltzera kondenatutako zarauztarrak sei izan ziren. Gehienak, Santander erortzearen ondorioz. Guztiak ziren ezkertiarrak. Denak fusilatu zituzten, bat izan ezik. Azken hori garrotez itota hil zuten.

Lorenzoren eta Mariaren semea. Perellon (Tarragona) jaioa. Txoferra. UGTkoa. 37 urte zituen 1937ko urriaren 25ean, Gijonen atxilotu eta Bonifacio Illarramendi Odriozola falangista boluntario zarauztarrak aurkeztutako salaketaren ondorioz bere aurkako diligentziak hasi zituztenean. Illarramendi Gijonen zen, izan ere, Nafarroako Falangearen 3. zenturiarekin, eta Mortro ezagutu egin zuen. Illarramendiren esanetan, Zarautzen atxilotutako eskuindarrak garraiatzen aritu zen Mortro, Checa autoaren gidari gisa. “Oso oso arriskutsua (…) beti izan da UGTkoa”. Akusatua Bilboko Eskolapioetara bidali zuten aurrena, bertako kartzelara. Handik, Ondarretara ekarri zuten, Donostian hasi baizitzaizkion epaiketa sumarisimoa egiten. 1938ko apirilaren 16an Donostiako epaimahaiaren aurrean berriz deklaratu zuen Illarramendik: “Herrira heldu zen une beretik aritu zen marxismoaren alde lanean. Ordura arte herrian ez zen izan halakoekin lotutako erakunderik”.

Epaiketako txostenean enkausatuari idatzi zizkioten aurkako kargu nagusiak: “Muturreko ideiak ditu eta marxismoaren propagandista da. 1934ko Urriko iraultzan aktiboki hartu zuen parte. Gorrien aginte garaian, herriko checa-n aritu zen; Honorio Mauraren, Urkijoko eta Santillanako markesen eta Borghettoko markesaren semeen atxiloketetan parte hartu zuen. Bilbora jo zuen gero, eta Santanderrera, eta Gijonera, eta komandante gorri baten aginduetara aritu zen gerra parteak borroka guneetara eramaten. (…) Larriago egiten dute hau guztia, Estatuaren eta banakoen interesen aurka bere jardunarekin egindako kalteak”. Atxilotuak kartzelara eramaten-eta txofer lanetan aritzea, besterik ez zuela egin esan zuen akusatuak. Ez zuen ukatu UGTko kidetza eta 1934ko urriko grebaren ondorioz Guadalupeko gotorlekuan preso egon izana. Erantsi zuenez, bera ez zen aritu inoiz gorrien propaganda egiten. “Dioenez, lanik egin ahal ez izanagatik egin zuen greba, ez beste ezergatik, eta ez daki zergatik eraman zuten preso Guadalupeko gotorlekura”.

Ohi bezala, Zarauzko udaletxetik, Falangeko bulegotik eta Guardia Zibilaren komandantziatik bidali zituzten akusatuari buruzko informeak. Atxilotuta egon ziren zenbait eskuindarrek deklaratu zuten bere aurka. Bat zetozen guztiak: “Ideia aurreratuak zituen. Oso gorria zen”. Ez ziren ados jarri, baina, akusazioaren beste arlo batean: batzuek txofer soil gisa deskribatu zuten; besteek miaketetan-eta parte hartze zuzena izan zuela esan zuten. Txofertzea atxiloketetan parte hartzea zela ebatzi zuten epaileek. 1938ko uztailaren 28an, heriotza zigorra ezarri zioten. 1936 bukaera eta 1937 hasiera bitartean Zarauzko komandante militar izan zenak, Rafael Barrio Salamancak sinatu zuen epaia. 1939ko azaroaren 27an fusilatu zuten Donostian, Bidebietako zelaian, goizeko seietan. Polloeko hilerriko Karmengo Amaren kaleko 25. zenbakian lurperatu zuten.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s