Jose Alonso Muñoz, hiltzera kondenatua

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Militarrek epaituta eta hiltzera kondenatutako zarauztarrak sei izan ziren. Gehienak, Santander erortzearen ondorioz. Guztiak ziren ezkertiarrak. Denak fusilatu zituzten, bat izan ezik. Azken hori garrotez itota hil zuten.

Manuel eta Blasaren semea, Villar de Arnedon (Errioxa) jaioa. Tomasa Imaz errenteriarrarekin ezkondua, Consuelo (*) eta Jose Luis seme-alaben aita. Zarautzen bizi zen familiarekin. Tallista. 1937ko abuztuaren 26an aurkeztu zuen bere burua agintari militar matxinoen aurrean, Santanderren, hiria errenditu berritan. 42 urte zituen. Ez zeukan armarik.

Ferrolgo artxibo militarrean gordetzen duten epaiketa txostenaren arabera, Zarauzko Falange Española Tradicionalista y de las JONSeko buru Jose Maria Endaia izan zen lehena auzipetuaren aurkako informea sinatzen. Irailaren 10eko data dauka Endaiaren idatziak, eta bertan dio Jose Alonso Muñoz anarkista zela; 34ko urriko iraultza egunetan pertsonen aurkako sabotaietan “gehien nabarmendu zirenetako bat” izan zela, gero atxilotu ez bazuten ere; eta “Altxamendu Nazional Aintzatetsua gertatu berritan” boluntario aritu zela Donostia eskuratzeko borroketan. Behin Donostia hartuta, Zarautzera itzuli zen Alonso Muñoz, Falangekoaren arabera beti ere. “Lehen unetik aritu zen eskuineko jendea atxilotzen, etxeak errekisatzen eta balioko objektu guztiak lapurtzen. Hornidura Batzordeko kidea izan zen. 36ko abuztuaren 30ean, herri honetako San Sebastian bankuan 110.000 pezeta zeuzkan eskuineko pertsona bat kartzelatik atera zuen, beste batzuen laguntzarekin, eta Orioko gaineraino eraman zuten automobilean”. Dirutza ateratzeko agiria sinatzen ez bazuen, hil egingo zutela egin omen zioten mehatxu eskuindar hari Alonsok eta lagunek. “Pertsona arriskutsua da oso, eta ez oraingo ekintzengatik bakarrik, baizik eta urteak daramatzalako, bere ideia suntsitzaileei egin dien propagandarekin, herri honetako gazteriaren zati bat pozoitzen. Fronte gorritik jasotako berrien arabera, nazionalen artera pasatzeko prest zeuden guztien zaindari lanetan aritu da, atzetik hiltzeko”.

Auzipetuak berak beste bertsio bat eman zuen, irailaren 30ean epaimahai militarraren aurrean deklaratu zuenean: 1936ko uztailaren 18an Zarautzen zegoen, lanik gabe, eta bere burua boluntario aurkeztu zuen UGTn, “bizitzeko helburuarekin”. Erantsi zuenez, bi hilabete ziren sindikatu horretan afiliatu zela, eta bertatik hala aginduta hasi zen Hornidura Batzordean lanean, irailaren 20an Zarauztik alde egin zuten arte. “Egun hartan sartu zen UHP batailoian, miliziano soil gisa, eta abenduan Barakaldo batailoira aldatu zen. Azken horretan egon da soldadu, nazionalei bere burua Santanderren boluntario aurkeztu artean”.

Urriaren 5ean Santoñan frankistek egin zioten sailkapen fitxan, “anarkista” idatzi zuten haren joera politikoa ezartzeko atalean. Akusatuak beste galdeketa batean deklaratu zuenez, 1936ko urriaren 13an joan zen boluntario frontera; eta aurretik, Zarauzko Horniketa Batzordean aritu zen. Horregatik egin omen zituen Donostiarako bidaiak Defentsa Batzordea herrian nagusi izan zen garaian. “Donostiako kartzelatik inor ez zuela atera dio. UGTkoa da”.

Urriaren 23an, Tiburcio Legorburuk Falangekoaren oso antzeko txostena izenpetu zuen, Zarauzko Udalaren izenean. Aldaketa bakarra: Orioko gainera eramandako eskuindarrak 140.000 pezeta zeuzkan Zarauzko bankuan, dirutan eta pitxitan, eta ez 110.000. Gainerakoan, Alonso Muñozen jokaera “sadikoa” izan zen herria Fronte Popularreko eta EAJko kideen esku egon zen garaietan, Udalaren arabera beti ere. “Jainkorik gabekoetakoa zen”. Jose Alonso Muñozi 1937ko azaroaren 11n ezarri zioten heriotza zigorra. Frogatutzat jo zuten “34ko mugimendu iraultzailean nabarmendu zen anarkista eta UGTko afiliatua” Donostiako kuartel militarrak hartzeko borroketan aritu zela. Gainerako karguak: “Lan haiek bukatutakoan, Zarautzera itzuli eta Hornidura eta Ordena Publikorako Batzordeko kide egin zen. Etxeak eta balioko objektuak errekisatzen aritu zen; heriotza mehatxupean, dirua exijitu zien atxilotuei; eta borroka guneetatik alde egin nahi zutenen zaindari eta polizia lanetan aritu zen frontean. Pertsona arriskutsua da oso”. 1938ko urtarrilaren 8an fusilatu eta lurperatu zuten, Bilbon. “Matxinadarekin bat egiteagatik”. Benetako matxinoek hala ebatzita.

Handik hiru hilabete eskasera, beste epaiketa sumarisimo bat abiarazi zuten Alonsoren aurka, Bilbon. 1938ko apirilaren 2ko data dauka auzia abiarazteko agiriak. Bigarren horretarako ere txosten bana idatzi zuten Legorburu alkateak eta Endaia Falangeko buruak, hitzez hitz berdinak. Guardia Zibileko komandantearen (sinadura ulertezina dauka) eta inongo zigilurik gabe idatzi zuen informatzaile anonimo baten txostenak ere jaso zituzten Bilboko epaimahaikideek. Guztietan errepikatu zituzten Santoñako epaian agertzen ziren karguak. Informatzaile anonimoak ere, Alonsoren “pozoin lana” nabarmendu zuen. 1938ko azaroaren 16an utzi zuten bertan behera Jose Alonso Muñozen aurkako bigarren epaiketa. Ia urtebete zeraman Bilboko hilerrian lurperatuta.

(*) Consuelo Alonso Imaz aita baino lehenago hil zen. Frankistak Zarautzera sartzera zihoazela eta, amarekin eta anaiarekin Bilbora joan zen errefuxiatuta. Han eztarriko ebakuntza egiten ari zitzaizkiola, faxistek bonbardaketa hasi zuten, eta medikuek ezin izan zuten lana behar bezala bukatu. Blokeoaren ondorioz, gainera, ezin izan zizkioten eskuratu behar zituen botikak. Hala hil zen, aita baino lehenago.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s