Heliodoro Ramiro Blazquez, garrotez hila

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Militarrek epaituta eta hiltzera kondenatutako zarauztarrak sei izan ziren. Gehienak, Santander erortzearen ondorioz. Guztiak ziren ezkertiarrak. Ia denak fusilatu egin zituzten, baina bat garrotez itota hil zuten.

Franciscoren eta Casimiraren semea. 38 urte. Madrilen jaioa, 1923an auzipetua izan zen, emaztearen hilketa leporatuta. Kartzelatik irten zenean, Zarautzera aldatu zen bizitzera. Bernizatzailea. Beristainenean aritu zen lanean. 1931tik zen UGTkoa. Bertako idazkari ere izan zen 1935ean, eta Fronte Popularreko hautagaien apoderatua 1936ko otsailaren 12ko hauteskundeetan. 1937ko abuztuaren 26an atxilotu zuten Santanderren. Zarauzko Gerra komisarioa izan zen 1936ko irailaren 20an erreketeak herrira sartu ziren artean, eta ardura horrek pisu handia izan zuen bere aurkako epaiketan.

Zarauzko Guardia Zibilen etxetik urriaren 11ko datarekin bidalitako txostenaren arabera, Donostiako eta Azpeitiko barrutiko UGTko sailen arteko enlazea zen Ramiro, eta “aurrekari moral eta politiko ezin txarragoak” zituen pertsona. Kartzelan egona zen “1934ko urriko greba orokorrean beste batzuekin batera egin zituen mehatxuen ondorioz, preso egon zen”. Behin altxamendua gertatuta, eskuineko pertsonak “pasierara” eraman izana leporatzen zion Rafael Calleja Martin guardia zibilak sinatutako txosten hark. “Abuztuaren 30eko arratsaldeko sei eta erdietan, Valladolideko gizon bat mehatxatu zuten berak eta burkide batek, San Sebastian bankuan zituen 110.000 pezetak gaueko hamarretarako ziurtagiri bitartez ematen ez bazizkioten txakur bat balitz bezala hilko zutela esanda”. Honorio Mauraren eta Jose Maria Urkijoren heriotzaren erantzule “zuzen” jo zuen, gainera. “Baita herri honetako eskuindarren atxiloketen eta etxe hustuketena ere. (…) Ez du barkamenik merezi. Jokaera moral oso txarrekoa. Erlijioaren aurkakoa, aberriaren aurkakoa, Errusiaren aldekoa, eta Jainkorik gabeen sektaren maitalea oso. (…) Hemen dauzkagun albisteen arabera, Guillermo Torrijosen [buruzagi sozialista] idazkaria izan zen Santanderren”.

Auzipetuak, berriz, Honorio Mauraren eta Jose Maria Urkijoren eta beste eskuindarren atxiloketekin ez zuela zerikusirik deklaratu zuen urriaren 14an, jori Jose Zinkunegiren ardura zela. Maurarekin eta Urkijorekin gertatutakoaren berri jakiteko, Jose Leon Mitxelena Txapartegiri galdetzeko esan zuen, hark atxilotu eta eraman omen zituelako Zarauztik Donostiara. Guillermo Torrijosekin harremanik ez zuela eduki erantsi zuen. Urriaren 16ko deklarazioan, Valladolideko gizon bati mehatxu egin izana ukatu zuen erabat. Gerra komisario izan zen garaian, jendeari jaten eman eta errepideetako goardiak antolatzea beste ardurarik ez zuen izan, bere esanetan, eta ez zen inoiz Donostiako eta Azpeitiko barrutiko langileen arteko sindikatu-lotura lanetan aritu. Presoei dirua eskatzeari buruz, Gerardo Martinez Aramaiori eta Txomin Arrutiri galdetzeko esan zuen. Urriaren 28an, heriotza zigorra ezarri zioten, Zarauzko Goardia Zibilaren postutik bidalitako akusazio guztiak frogatutzat emanda.  1937ko abenduaren 15ean hil zuten, Bilbon, “garrote bidez itota”.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s