Gerardo Martinez Aramaio, hiltzera kondenatua

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Militarrek epaituta eta hiltzera kondenatutako zarauztarrak sei izan ziren. Gehienak, Santander erortzearen ondorioz. Guztiak ziren ezkertiarrak. Denak fusilatu zituzten, bat izan ezik. Azken hori garrotez itota hil zuten.

Antonioren eta Engraciaren semea, Gasteizen jaioa. Zarautzera familiarekin bizitzera etorria. Tallista. Uztailaren 18ko altxamendua gertatu zenean, Zarauzko Defentsa Batzordeko Ordena Publikorako sailean hasi zen lanean. 1937ko urriaren 30ean bere aurkako epaiketan deklaratu zuenez, “miaketa eta koltxoi eta manta errekisa zenbait egin zituen Zarautzen egon zen tartean, baina atxiloketarik ez”. Ordurako, urteak omen ziren UGTn baja emana zela, eta inongo alderdi politikotan ez omen zen afiliatu. Urtarril hasieran Barakaldo batailoian eman omen zuen izena, miliziano. Santander erori zenean, bere burua aurkeztu zuen agintari matxinoen aurrean.

Zarauzko Guardia Zibilaren postutik bidalitako oharraren arabera, aldiz, “eskuineko jendearen atxiloketan eta etxe hustuketan eta miaketetan” nabarmendu zen. “Oso arriskutsua, bere ideia aurreratuengatik”. Tiburcio Legorburu alkateak azaroaren 2an udaletxetik bidali zituen datuen arabera, “Alderdi Komunistako kide zen eta azken hauteskundeetan Fronte Popularraren aldeko boza eman zuen”. Altxamendua gertatu zenean, boluntario joan omen zen Donostia hartzeko borroketara. “Herrira itzuli zenean, Ordena Publikorako Batzordeko kide egin zen, eta parte hartu zuen eskuineko pertsonen atxiloketetan, errekisetan eta etxe hustuketetan. Oso-oso arriskutsua bere ideiengatik”. Irailaren 20an herritik alde egitean, joan nahi ez zutenei mehatxu egiten aritu omen zen. “Jokabide moral erdipurdikoa”. Bi egunen buruan, Legorburuk beste txosten bat bidali zuen Santoñara, datu berriak lortu zituela argudiatuta. “Herrian ez zen inongo alderdi politikokoa, baina bai Donostiako zelula komunistakoa. Azken hauteskundeetan Fronte Popularrari eman zion boza, bere amarekin batera. Donostia hartu osteko egunean Alderdi Komunista ordezkatu zuen herri honetan eta Ordena Publikorako Batzordean. (…) Honorio Maura eta Jose Maria Urkijo Donostiara eraman zituen, burkide bat lagun zuela. Herri Auzitegiko kidea, atxilotuen deklarazioetan egoten zen”. 1936ko irailaren 2an  Zulaika izeneko anarkista donostiarrarekin atxilotu bat Narrosko jauregiko sotoetara jaistea egotzi zion Legorburuk. Matxinoak herrira heltzear zirenean ezagun bati herritik ihes egiteko agindu izana ere bai. “Oso isila da. Oso arriskutsua ere bai, horrexegatik”.

Bere aurkako epaiketa sumarisimoan, azkenean, “matxinadarekin bat egitea” egotzi zioten Martinez Aramaiori, honakoak frogatutzat emanda: “Zarauzko komunista. Donostiako kuartelen asaltoan boluntario gisa parte hartu zuen, eta Zarauzko Ordena Publikoko Batzordeko kide egin zuten gero. Etxe hustuketan eta ordenako pertsonen atxiloketan aritu zen. Tropa nazionalak Zarautz konkistatzear zeudela, herria ebakuatzeari uko egiten zion oro mehatxatzen aritu zen. Oso arriskutsua da bere ideiengatik, eta Barakaldo Batailoiko miliziano boluntario egin zen”. Kargu horiengatik, eta “ekintzen larritasunagatik eta delitugilearen zitalkeriagatik”, 1938ko urtarrilaren 8an fusilatu zuten. Bilbon. Bertako hilerrian lurperatu zuten. 33 urte zeuzkan eta ezkongabea zen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s