Jose Lahore Bilbao, desagerrarazia

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Frankistek herria hartu eta gutxira, bederatzi pertsona desagerrarazi zituzten gutxienez Zarauztik. Horietako bat, Lahore txoferra. Hernaniko hilerrian fusilatu zuten agiri batzuen arabera, Zarauzko Udaleko 1938ko errolda liburuan “bizitokiz aldatu” zela idatzi zuten. Ordurako, ondo hila zegoen.

Armandoren eta Susanaren semea. 1891n Elizondon (Nafarroa) jaioa. Txoferra ogibidez, aitak auto denda bat baitzeukan herrian. Senide guztiek zekiten gidatzen, autoa oso gutxi batzuentzako moduko luxua zen garaian. Ramiro Llamas epaile frankistari esker dakigu Ondarretako kartzelan eduki zutela, bera eta beste hamahiru preso libre uzteko agindua sinatu baitzuen. Libre utzi ez, ordea. Hernaniko hilerrira eraman eta bertan akabatu zuten, zerrendako beste hamahiruekin batera, 1936ko urriaren 18an. Hori da Mikel Aizpuru Murua historialariak koordinatutako 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak (Alberdania, 2007) liburuaren tesia. Jose Ariztimuño Olaso Aitzol apaiz euskaltzale eta abertzalea Lahorerekin batera utzi zuten “libre”, izan ere. Hernanin hiltzeko. Aizpururen ikerketa taldeak galdera egiten du liburuan: egun hartan Hernanin hildako guztiak urriaren 15ean eta itsasoan atxilotu ote zituzten, Aitzolekin batera, Galerna ontzian? Zenbait egileren arabera, Lahore bai. Historialari horien ustez, El Diario Vasco egunkariko kazetaria Lahoreri buruz ari zen urriaren 17an, Galerna ontziaren atxiloketari buruzko bere kronikan, hau idatzi zuenean: “Abiadore frantses bat ere bada, gure txoritxoetako bat ikusi orduko zorabiatu egiten diren horietakoa. Nazioarteko Sorospen Gorriko presidentea da”. Ez du ematen Diario Vasco-ko kazetaria Lahoreri buruz ari denik. Ez zen abiadorea, eta Zarautzen bertan atxilotu zutela diote bertakoek. Maria Etxabe Aldaik Lahore abizena aipatu zion Joxemiel Barandiarani 1937an, Zarautzen bertan atxilotu eta hildakoei buruz hitz egitean. Eusko Jaurlaritzaren 1939ko maiatzeko txosten baten arabera, Zarautzen Jose Lahore izeneko txofer bat exekutatu zuten matxinoek tropak herrira sartu zirenean. “51 urte. Ezkondua. Errepublikano federala”. Adinaren datua ez dago ondo, 45 urte baitzituen. “Zuzenbide aldaketak eragindako bajak” atalean, Zarauzko 1938ko errolda zuzenketan ageri da Jose Lahore Bilbao. Bertan dioenez, Hernaniko hilerrira ez, Azpeitira aldatu zen Demetria Jarne emaztearekin. Bizitzera. Jarne azpeitiarra zen, izan ere. Azpeitiko 1939ko errolda liburuan ez dira agertzen ez bata eta ez bestea. Azpeitiko Erregisro Zibilean ere, ez dugu aurkitu Lahorerik. Laureano Lahore Garciak badaki osabaren bat hil ziotela, “ez nizuke jakingo esaten zein”. Argazkitan ere ez omen du haren oroitzapenik. “Gerra, badakizu. Familia guztia desegin zen, batzuk alde batera eta besteak bestera. Gure aitak ez zuen ordukoari buruz hitz egin nahi izaten normalean”.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s