Gregorio Diez Martinez, desagerrarazia

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Frankistek herria hartu eta gutxira, bederatzi pertsona desagerrarazi zituzten gutxienez Zarauztik. Horietako bat, Diez donostiarra. Gervasio Oliden abokatu zarauztarraren txoferra zen ogibidez; nagusia herrira etortzen zenean bera ere bai. Halaxe atxilotu eta desagerrarazi zuten, Zarautzen.

Gregorio Diez Martinez. Izatez Aritzaletakoa (Nafarroa) zen, baina Donostiako Gros auzoan bizi zen. Gervasio Oliden abokatu zarauztarraren txoferra zen. Azken horrek urtea Donostian egin ohi zuen, baina herrira ere etortzen zen, udan-eta. Nagusia Zarautzera zetorrenean, Diez ere bai. Manuel Etxaberen etxean, Agerretxon egin ohi zuen lo halakoetan. Jose Luis Jimenez Monrealen osaba zen Diez, gogoan du bere aitak nola esan zion behin osabari alde egitea izango zutela onena. Diezek ezetz, baina, ez zuelako ezer txarrik egin. “Donostian eraikin berean bizi ginen. Gu lehendabiziko solairuan; osaba-izebak eta lehengusuak hirugarrenean. Gure ama eta haren emaztea ahizpak ziren. Gure aitaren anaia bat Grosen hil berri zuen falangista batek, gorria izate hutsagatik, San Francisco kale erdian tiroa jota. Gure aita ere gorria zen”. Gregorio Diez ere bai, “eta horregatik esan zion gure aitak osabari alde egiteko garaia zela”.

Jimeneztarrek ihes egin zuten, baina Dieztarrek ez. Gervasio Olidenen txoferra Zarautzen atxilotu eta desagerrarazi zuten. Sabina Monreal bi seme-alabarekin eta senarrik gabe geratu zen egun batetik bestera. Familia handitu egin zitzaion, ordea, halako batean; Jose Luis Jimenezek kontatu du nola: “Donostiara bueltatzeko aukera izan genuenean itzuli, eta gure etxera ezin izan genuen sartu. Horrela, Zarautzen hil zuten osabaren alargunaren etxera joan ginen ama eta biok. Gela bat utzi ziguten. Bigarren amatzat izan dut beti izeko Sabina”. Bigarren ama horrek, ordea, “ez zuen inoiz ordukoaz hitz egin nahi izan”. Etxetik kanpo jakin ahal izan ditu Jimenezek dakizkien apurrak, beraz. “1953an etorri nintzen Zarautzera lanera. Salegi tabernan esan zidaten behin osaba Gregorio [Antonio] Usobiagarekin ikusi zutela azkenengoz, Getarian hil ote zuten. Ez dugu jakin inoiz non dagoen lurperatuta”. Diez zergatik hil ote zuten esatea ere, zail egiten zaio haren ilobari. “Olidenen autoa [Errepublikaren alde osatu zen Defentsa Batzordearentzako] zerbitzuren baterako erabili izanagatik salatu ote zuten entzun izan dut, baina ezin dizut esan”. Dakien gauza bakarra, izeko Sabinak ez zuela inoiz senarra desagerrarazi zioten herrira bueltatu nahi izan. “Zarautzera ezkondu nintzen, baina ezkontza-eta Azpeitian egin behar izan nituen, gure izekok eta lehengusu-lehengusinek ez zutelako herri hau zapaldu nahi”. Halaxe hil zitzaion bigarren ama Jimenezi, Zarautz sekula berriz zapaldu gabe.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s