Antonio Usobiaga Zabala, desagerrarazia

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Frankistek herria hartu eta gutxira, bederatzi pertsona desagerrarazi zituzten gutxienez Zarauztik. Horietako bat, Usobiaga. Jeltzalea zen, eta Getariako hilerrian hil zuten. Alarguna eta alaba bat utzi zituen. Azken horrek oraindik ez daki aita non lurperatu zioten.

Antonio Usobiaga Zabala, Maria Larrañaga emaztearekin.

Antonio Usobiaga Zabala, Maria Larrañaga emaztearekin.

Manuelen eta Doloresen semea. Durangon (Bizkaia) jaioa. 33 urterekin Getariako hilerrian tiroz hila, 1936ko urriaren 3an. “Sin que se hiciera constar su defunción en el registro civil, por lo que se halla en tramitacion de expediente”, 1940ko martxoaren 26an Maria Larrañaga Manterola alargunari eman zioten agiri ofizial baten arabera. “Herentzia eskuratzeko, aita hil zela zioen ziurtagiria behar zuen. Horrela lortu zuen”. Arantza Usobiaga Larrañaga mintzo da. 1936ko irailaren 20an, matxinoen tropak Zarautzera sartu zirenean, urtebete bete berria zen, 1935eko irailaren 9an jaioa baita. “Inoiz ez dut jakin zergatik hil zuten aita. Bakarren batek esan zuen akatsez hil zutela. Baina hemen baziren jauntxoak halako lanetan ibili zirenak, eta gure aitaren bila joan ziren segituan. AEJkoa zen. Oraindik ere badauzkat batzokiko gerra aurreko akzioak. Igeltseroa zen; baineru eta alguazil ere aritu zen”. Narrosen eduki zuten preso eta Getarian hil zuten. Herritar askok errepikatzen du gauza bera: tiroa jo bai baina behar bezala ez, eta gau osoa egin omen zuen builaka hil aurretik. Bakarrak esan du: Anjel anaiaren bila hasi eta Antonio nahastuta eraman zutela. Kontua da Arantza aitarik gabe utzi zutela urtebete zuela. Amonak hazi zuen sei bat urte izan arte, Irusta baserrian. “Hemezortzi urte-edo nituela, hamaika dantza egindako Zarauzko plaza horretan jakin nuen Getariako mutil batzuek esandanire aita Getarian hil zutela. Geroago, beste batzuek esan izan didate herritik alde egitea aholkatu ziotela baina berak ezetz esan zuela, ezer txarrik ez zuela egin erantzun zuela. Amak sekula ez zigun ezer esan honetaz. Bizi guztirako isilarazi zuten. Ez dakit non lurperatu zuten aita”. Errepublika garaian Zarauzko alkate izandako Ignacio Aginagak eman zion aitaren heriotza agiria Arantzari, 21 urte zituenean. Getariako udal idazkaria zen orduan Aginaga. “Pixkanaka, oso pixkanaka jakin dut aitaren berri. Ez ziguten halako ezer esaten, noski. Eskolan, eskua altxatuta kantatzen genuen egunero. Zeharo isilarazi zuten jendea. Eta hitz egiteko aukera eman zutenerako, ondo adoktrinatuta zeukaten. Gerra bukatu zen eta ez zuten jendea menpean edukitzen bukatu. Eta gezurra besterik ez dute kontatu eskoletan! Orain, 76 urterekin, negar egiten dut amataz pentsatzen dudanean. Min ematen dit. Zenbat sufrimendu eta menpekotasun!”.

Maria Larrañaga, Antonio Usobiagarekin izan zuen Arantza alaba besoetan duela.

Maria Larrañaga, Antonio Usobiagarekin izan zuen Arantxa alaba besoetan duela. Alargundu gabe zuten artean.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s