Narrosko jauregia jazarpenaren erdigunean

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Jose Cebollero Garces komandanteak Agapito Iurrita Albisu izendatu zuen Zarauzko alkate 1936ko irailaren 21ean. Zinegotzi, berriz, hauek jarri zituen: Eduardo Esnal Agote, Marcelino Manterola Larrañaga, Modesto Piquer Pera, Juan de la Maza Gonzalez eta German Eizagirre Fort.

Pregoiz jakinarazi zituzten izendapenak, berehala hartu zuten kargua izendatuek. Esnalek eta Manterolak ez zuten lehen aldia lan haietan, altxamendu aurretik ere zinegotziak izanak baitziren, karlistekin. Marcelino Manterolaren zinegotzi aldia bereziki nabarmena izan zen, izugarrizko iskanbilak sortu baitzituen bere jokaerak 1932an. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarako Estatutu bateratu baten aldeko mugimenduaren garaian izan zen: Zarauzko Udala estatutu berriaren alde agertu zen udalbatzan nagusi ziren karlisten eta abertzaleen bozekin, eta Manterola Lizarrako (Nafarroa) batzarrera bidali zuten, estatutu berriaren aldeko boza eman zezan Zarauzko Udalaren izenean. 1932ko ekainaren 19an izan zen batzarra. Manterolak ez zuen bete jasotako agindua: estatutuaren kontra bozkatu zuen. Ekainaren 21ean, pleno berezia antolatu zuten herrian, eta liskarrak izan ziren, gazte abertzale mordoa pleno aretoa hartu eta Manterolaren aurkako protestan aritu baitzen. Pleno hartan bertan dimisioa eman zuen Manterolak. Hala ere, istiluak izan ziren udaletxetik irtetean.

Narrosko markesaren jauregia, Indalecio Ojangurenek egindako argazkian. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

Narrosko markesaren jauregia, Indalecio Ojangurenek egindako argazkian. GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA

1936ko irailaren 21ean, Manterolak istilurik gabe hartu zuen berriz zinegotzi kargua. Narrosko jauregian –Korralkua deitzen zioten zarauztarrek, garai batean markesek Del Corral abizena zutelako– ezarritako udaletxean ez zen ez abertzalerik, ez sozialistarik, ez bestelako errepublikanorik. Militarrak eta falangistak bai, komandantzia militarra ere egun eta toki berean ezarri baitzuten Errepublikaren alde altxatutakoen buruek.

Aparato militarra

Renoko Unibertsitateko (AEB Ameriketako Estatu Batuak) Huarte Jauregi Bildumako agiri baten arabera, Antonio Perez Lazaro Guardia Zibileko kapitainak ezarri zuen Narrosen komandantzia militarra. “Sortu zen unetik beretik, On Pablo Manso de Zuñiga infanteria komandantea komandantziara lotua da, eta Getariako komandante militar lanak ere bete izan ditu”. Agirian jasota dagoenez,  komandantzia lanean abiarazteko “boluntarioak” ugari izan ziren, eta ez herrikoak bakarrik, “nabarmentzekoa” izan zen-eta altxamenduak Zarautzen harrapatu zituen kanpotarren laguntzeko prestutasuna.

Guztiek zituzten gogoan bezperako irudiak. Zarauztik bandera zuriarekin abiatu ziren hiru automobilak –bat Aiara eta besteak Oriora-, esate baterako. Eta Perico Ansuategi eta beste hainbat falangista herrira arratseko zazpi eta erdiak aldera ailegatu zirenekoa. Parrokiara joan ziren zuzenean matxinoak, bertan otoitz egitera. Segidan, udaletxera. Hango areto nagusian bandera gorri-horia jarri zuten Viva España!, Viva Navarra!, Vivan los requetés y falangistas! eta antzeko oihuekin. Jarraian, eskuko eskailera batera igo eta udaletxeko eta Otamendi hoteleko fatxadetan euskaraz eta erderaz zeuden Errepublika Plazako bi plakak, mailukadaka puskatu zituzten. Jose Maria Agirre Egaña Lizardi-ren jaiotetxean ezarritako plaka ere txikituta geratu zen, eta baita idazle handiaren izena zeraman kalearena ere.

Irailak 20 hartako gaueko hamarrak aldera, 50-60 errekete eta falangista jaitsi ziren herrira Aiatik. Karmeliten komentu parean, Carmen Arozena Merikaetxebarriak eutsitako bandera gorri-hori baten azpitik pasatu ziren. Matxinoen bandera, hala ere, irailaren 21eko ordu txikietan loratu zen benetan Zarauzko balkoi eta leihoetan, goizeko zazpietan errekete zutabe bat ailegatuko zela zabaldu baitzen herrian. Parrokiako dorrearen puntan ere zapi gorri-horia jarri zuen erreke batek. Erreketeak Pagoetatik Zumaiara hartu zuten, ordea, etsaien atzetik, eta berrogeita hamarren bat erreketa eta falangista besterik ez ziren Zarautzera jaitsi.

Haiek joaterako, makinaria faxista abian zen. Logika militarra erregai, arerioa ezabatzea helburu, honako piezekin antolatu zuten jazarpenaen alfer-harria:

Idazkaritza: Joaquin Mena Sarasate katedratiko eta abokatuaren zuzendaritzapean.

Lege aholkularitza: Luis Lamana Lizarbe abokatuaren esku, komandantziako idazkari nagusi Mena Sarasaterekin batera. Abenduaren 25etik aurrera, Jose Maria Rueda Marin notario eta abokatua hasi zen lan horietan.

Herrilan zerbitzua: Manuel Lamana Lizarbe bide ingeniariaren agindupean jarri zen abian irailaren 24an, Luis anaia idazkari zuela. Altxerri gaineko trenbide zubia berreraikitzea izan zuen lanik garrantzitsuena.

Osasuna: Enciso, Francisco Agirresarobe eta Ignacio Arozena medikuak aritu ziren. Azken biak, herriko ospitalean urriaren 8tik.

Garraioak: Francisco Toda Diezma nagusi, eta Inocencio Garcia Rojo laguntzaile. Urriaren 5ean, Valladolidera itzuli ziren biak, eta Modesto de la Mazak bete zuen haien hutsunea. Azken hori Falangera lanera pasatu zenean, Luis Vela Hidalgok hartu zuen ardura, eta Jose Amilibiak segidan.

Errekisa eta isunak: Manuel Fernandezen ardurapean, azaroaren 5ean Leon Renteriak hartu zuen kargua.

Atxilotuak eta auzitegi kontuak: Ricardo San Miguel hasieran, Alfonso Basurkok segidan.

Salbokonduktoak: Francisco Urzelai, urriaren 5a arte. Jose Etxabe gero.

Mekanografoak: Leandro Arin eta Bonifacio Illarramendi, Falangerekin frontera joan ziren arte. Juana Lopez Aranbarri, Eufemia Piquer eta Maria Gloria Renteria.

Telefono zentsoreak: Jose Maria Rueda Marin, Jaime Laeyer, Angel Enciso, Jose Relaño, Miguel Arozena, Victor Agirre Etxeberria, Joaquin Sanz Bremon eta Jose Benito Narbaiza.

Irailaren 24an, Juan Pruna Fernandez Florezek hartu zuen komandante militar kargua. Azaroaren 6an, Rafael Barrio Salamancak ordezkatu zuen. 1937ko Martxoaren 3an hartu zuen komandante kargua Jose Maria Huarte Jauregik. 1939ko azaroaren 29an komandantzia itxi artean bete zuen lan hori.

Advertisements

One thought on “Narrosko jauregia jazarpenaren erdigunean

  1. Pingback-a: “Mendeku hartzen ibili ziren eta kristau onak zirela esaten zuten karlista haiek” | Zarauzko postalak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s