“Mendeku hartzen ibili ziren eta kristau onak zirela esaten zuten karlista haiek”

Frankistak Zarautzera sartu osteko giroa beldurrak, mendeku goseak eta moralitate itogarriak markatu zuten, Francisco Javier Aranburu Arangurenen gogoan.

Testigantza: Francisco Javier Aranburu Aranguren (1921-2006)

Data: 2005.

Iturria: Ahotsak ekimena. Elkarrizketatzaileak: Fernando Muniozguren eta Miren Zabaleta.

Hau herri apala izan da. Hemen bi alderdi ziren lehen politika aldetik: karlistak eta abertzaleak. Hona aristokrazia etortzen zen uda pasatzera, eta komertzioren bat zeukatenak-eta karlistak ziren. Aberatsen ipurdi-garbitzaileak. Gainontzekoak, berriz, abertzale aldera. Gero, politikan sartzen ez zirenak asko. Zarautz nekazari herri bat izan zen. (…) Gerra etorri zenean lanean hasia nintzen. Badakizu, zapaterian kontu-kontatzaileak izaten dira ba? Manuel Aranzabal Bombas Iturrekoa etorri zen eta gure aitari: “Antonio, berri txarrak dizkiagu! Afrika alde horretan hasi omen dituk tiroka eta!… Bai, militarren mobimientua izan behar dik!”.  Halaxe, hemen hasi ziren detentzioak eta kartzelak-eta. Gero, badakizu, gerra denboran hainbeste astakeria pasa zen!

Hemen Espainiako Gobernuaren aldekoak ez ziren. Hark abertzaleei laguntza eskatu zien, eta orduan hasi ziren gudari mutilei-eta deitzen eta halakoetan. Baina txarra izan zen. Atxiloketak-eta egin zituzten. Eta gero gerra etorri zen. Hemen milizianoak atxilotu ere egin zituzten eta fusilatu ere bai. (…) Miliziano bat eduki zuten plazan automobil batean atxilotuta, eta Untzain baserrikoek ikusi zuten paretara igota nola garbitu zuten [kanposantuan]. Jarri zutela paretean eta ra-ra-ra goitik behera. Gero, aireplanoa ere harrapatu zuten [Alfredo Espinosa Oribe Eusko Jaurlaritzako sailburua zihoan bertan], pilotua erosita. Hemen egundoko mobilizazioak izan ziren. “Aireplanoak hartu behar omen dik lur, kostan!” esaten zuten. Hala, pasatu zen eguna eta “ez duk azaldu!”. Nonbait, Biarritzetik Bilbora joan behar zuen. Pilotuak faltsukeria egin behar omen zuen, aberiatu zitzaiolako plantak, eta ilunarekin batera hemen dator abioi hori, Santa Barbara gainetik beheratzen beheratzen beheratzen, Borgettoko pareraino, eta han “¡manos arriba!” denek. (…) Sartu ziren hona eta beti beldurrez, atxiloketak, errekisak, etxe miaketak… Bizkai aldera joan zirenei etxeak hustu eta… Beti izaten dira ba herrian halako indeseable batzuk, eta haiek hartzen zituzten eta kamioiarekin joan etxe atarietara eta muebleak jaitsi eta etxerik gabe. Halako gauza tristeak ziren haiek. Halakoak egin zituzten. Egunkarietatik hartzen zen gerraren berri. Irratiak berriz gutxi ziren orduan. Orduko maila eta oraingoa ez dira berdinak. Irratia erosteko modua izanda ere, kontuz, horiek ere errekisatzen hasi ziren eta! Kendu egiten zituzten irratiak, bai, Radio Bilbao ederki aditzen zen-eta hemendik. “Hi, halako tokitara ailegatu omen dituk!” eta halakoak esaten ziren, eta etxean irratia sentituz gero, barrura sartu eta kendu egiten zuten.

(…) Hara, mendeku hartzen ibili ziren. Eta nik ez dakit… kristau onak zirela esaten zuten karlista haiek, baina niretzako ez ziren onak. Grina txarrekoak, mendekatzaileak ziren.

(…) Gerra ostean, batailoietan-eta harrapatu zituztenak kontzentrazio eremuetan-eta sartu zituzten. Han eguzkitik eguzkira lan eginarazi zieten. Gero, gainera, semearengana bisitan joan nahi baldin bazenuen, Narrosko jauregian egon zen komandantzia militarrera joan behar zenuen, semea ikustera joan nahi zenuela esatera. Salbokonduktoa emango zizuten ala ez. (…) Dena grina txarra zen, txarra. Donostiara joan behar bazenuen ere, komandantziara joan behar zenuen, salbokondukto bila. Han egoten zen militar bat, jaun eta jabe. Gero, han morroiak izaten zituen. Herrikoak, noski. “¿Se le puede dar a éste, si o no?”. Eta haiek: “Eson son de familia vasca, tal y cual”. Eta zuk jasotzen zenuen erantzuna: “Pues hoy no podrá ir”.

(…) Neskek mutilekin dantzan egiten bazuten, Mariaren Alaben kongregaziotik bota egiten zituzten. Hemen bikario gogorrak izan ziren. Don Meliton [Pagola] gogorra zen. Hark izena jarri zion filarmonikari infernuko hauspoa. Egundoko sermoi baldarrak egiten zituen. (…) Sotana azpian bizi behar zen mutil edo neska fina izateko. Pixka bat askatzen bazinen, kondenatuta gelditzen zinen infernurako.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s