Zarautz, egien postala

Amagoia Gurrutxagak 36ko gerrak herrian izan zuen eraginaren inguruko liburua aurkeztuko du gaur

NG2
[Testua eta argazkia: Ainara Lozano, Noticias de Gipuzkoa, 2013-05-31]

“FRANKISMOAK mirari bat lortu zuen: biktima askori gertatu zitzaiena merezi zutela sinestaraztea. Lotsarazi egin zituzten, beraiei egindako izugarrikeriak konta-tzeko ere, izugarrikeria horiek egin zituztenen mesedetan”. Foru Aldundiak, Euskal Memoria Fundazioak eta Zarauzko Udalak eskatuta, Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971) kazetariak 1936ko gerrak Zarautzen izan zuen ondorioez eta memoria hurbilaz liburua osatu du eta gaur, 19.00etan, Modelo aretoan aurkeztuko du. Zarauzko postalak, 36ko gerra izeneko obra egia ezagutarazteko pauso garrantzi-tsua da. Idazleak pasioz ireki du memoria berreskuratzeko bidea.

“Liburuaren portadan Zarauzko haurrak desfilatzen ageri dira gezurrezko fusilekin. Herrian bi fabrika zeuden agerraldi militarrentzako horrelako fusilak egiten zituztenak. Haur horiek gaur egun bizi dira eta horrek nola ez du gugan eraginik izango?”, galdetzen dio Gurrutxagak bere buruari. Edadetuen testigantzak jasotzen aritu da urte luzeetan eta ederki daki askok inori esan gabekoak ere kontatu dituztela: “Halakoxea da 36ko gerrak oraindik ere gaur egun gurean duen eragina”.

Beldurrarekin topo egin du liburua osatzeko bidean, zerbait kontatzean biktima askok izenik ez jartzeko eskatzean: “Maritxo izeneko pertsonaia asmatu nuen. Jendeak gauza asko esaten zizkidan, baina ez idazteko eskatzen zidan eta banekien egia zirela, askok errepikatzen zutelako. Jarri egin behar nituen. Orduan postalak idaztea bururatu zitzaidan, Maritxok kanpoan zuen senide bati Zarautzen gertatutako gauzak azaltzeko”. Aurkezpenean liburuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, testigan-tza batzuk proiektatuko dituzte eta Joseba Tapiak 1936ko gerraren inguruan sortutako abesti batzuk kantatuko ditu.

Errepublikatik frankismora

Aristokraten menpe

Liburua hiru ataletan dago sailkatua. Lehenengoak, Espainiako Errepublikan (1931-1936), Zarautz nolakoa zen azaltzen du. “Nekazaria zen batez ere, baina ordurako bazegoen erabaki politiko nabarmena turista herri bihurtzeko. Nagusi ziren karlistak eta euskal abertzaleak geroz eta indar handiagoa hartzen ari ziren. Ezkerreko indarrak ere hasi ziren agertzen, UGT kasu. Baina batez ere, karlista eta abertzaleen arteko lehia politikoa zegoen. Jainkoa eta Lege Zaharrak leloaren azpian bat egiten zuten biek. Aristokratak ziren herriko parte handienaren jabe eta elizak hezkuntzaren eta kontrol sozialaren eskumena zuen. Integrista zen”, adierazi du idazleak.

Bigarren atalean, 1936ko uztailaren 18an militarrak altxatu zireneko egunetik frankistak herrira sartu ziren arteko tartea kontatzen du. “Fronte Popularrarekin bat egin zuten indarrek herria kontrolatzea erabaki zuten. Agintean izan ziren abertzaleak, UGTkoak, sozialistak… irailaren 20ra arte. Uda zen eta herria aristokratez eta Espainiako elite politiko-militarreko kidez josita zegoen altxamendua gertatu zenean eta Zarautzek ez zuen bat egin altxatuekin. Gehienak eskuindarrak ziren eta beldurrak airean, ezkutatzen hasi ziren eta asko atxilotu zituzten”, azaldu du kazetariak. “Argentinako enbaxadore zen Garcia-Mansillak uda ari zen pasatzen Zarautzen eta lehen aldiz asilo-eskubidea ezarri zuen. Bere etxean Argentinako bandera zabaldu eta inor sartu ezin zitekeen gune diplomatikoan bihurtu zuen. Bertan ezkutatu zuten eskuineko jende hori, tartean herriko batzuk ere bai”, jakinarazi du. Irailaren 20an Zarauzko ehunka lagunek ihes egin zuten: “Karlisten kronista batek ere esan zuen ia hutsik geratu zela herria. Frankistek Beasainen izugarrizko hilketak egin zituzten eta Gipuzkoa osoan zabaldu zuten izua”.

NG1

Hirugarren atalak 1936tik gerokoak azaltzen ditu. Zarautzen ez zen fronterik egon, baina hala ere, arrazoi politikoengatik desagertuak izan ziren eta jazarpen makinaria “beldurgarria” ezarri zuten. “Batzuk zuzenean garbitu zituzten. Narros jauregian ezarri zuten kuartel militarra eta Frente Popularraren aldekoek, ihesean, su eman zioten Zarauzko udaletxeari. Matxinoen aldekoek Narrosko jauregian jarri zuten udaletxe berria ere. Botere militarra eta politikoa batera zeuden”, nabarmendu du. Jazarpen ekonomikoa ere izan zen, desjabetze basatiekin: “Narrosko komandantziko agirietan agertzen da herriko 74 eraikinen desjabetze zerrenda. Garai hartako egunkarietan ere azaltzen zen herria salbatzeko nork ematen zuen dirua eta opari gisa saltzen zuten, izugarrizko isunak zirenean. Lehen hilabetean 450.000 pezeta lortu zituzten, bati 60.000, beste bati 25.000 edo 10.000 eskatuz. Dirutza zen garai hartan”. Bilbo erori zenean, Zarau-tzera itzultzen hasi zen jendea eta Junta Carlista de Guerra botereguneak erabakitzen zuen lana nori eman eta isuna zeini ipini.

Gerra ofizialki 1939ko apirilaren 1ean amaitu bazen ere, egun hori iristean ehunka zarauztar zeuden kartzelan edo esklabo bezala langile batailoietan: “Zarauztar ugari erail zituzten. Bati garrote vil aplikatuta”. Ondoren, jazarpenak ere jarraitu zuen eta Franco Donostiara uda pasatzera etortzen zenean, adibidez, kartzelan sartzen zituzten batzuk. “Narrosko komandantzia 1939an itxi bazuten ere, pixka bat lehenago neska bat bortxatu zuten bertan. Eskerrak eman nahi dizkiot hori kontatu zidan emakumeari, inork ez baitzekien”. 1951ean izandako grebekin amai-tzen du liburua Gurrutxagak: “Ondoren etorriko ziren frankismoaren aurkako mugimenduen adierazle bat izan zen”.

Zauriak garbitzen hasteko

Biltzen jarraitzeko bloga

Gurrutxagak argi dauka 1936ko gerra ez zela 1939an amaitu: “Arerio politikoak akabatzen, jipoitzen, kartzelaratzen, zigortzen, umilia-tzen jarraitu zuten frankismoak iraun zuen bitartean eta isiltasuna ezarri zuten, gertatutakoa tabu bihurtuz, desmemoria eta ohore legeak onartzearekin batera. Horri esker Juan Paredes Manot Txikiri terrorista deitzen zaio XXI. mendean, Francoren diktadura garaian bezalaxe”. “Liburu hau ez da zauriak irekitzeko, kontrakoa baizik. Itxi ez den zauria ezin delako atzera ireki. Biktimei buruz hitz egiten hasi eta beraietaz ez direla ari sentitzen duten bakoitzean, zauria haragi bizitan jartzen zaie askori herri honetan. Inoiz itxi gabeko zauriak zornetan daude oraindik. Ordukoak hitz egiteko gaur egun ere dugun ezintasunak uzten du agerian hori. Zauriok garbitzen hasteko tresna izan nahi luke lan honek”, gaineratu du kazetariak. Liburua gaurko aurkezpenean salgai izango da hamabi eurotan eta astelehentik aurrera, Zarauzko liburudendetan eta Sanz Enean.

Baina paper, argazki eta testigantza ugari jasotzeko dago eta horregatik, kulturazarautz.org/zarautz1936 webgunea sortu dute, bizilagunen laguntzarekin materiala biltzeko. “45 urtetik beherakoek galde diezaietela etxeko edadetuei garai horretaz. Kristoren sorpresak hartuko dituzte. Gizarte terapia behar dugu”, aholkatu du idazleak.

NG3

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s