“Liburu hau ez da zauriak berriz irekitzeko, kontrakoa baizik. Itxi ez den zauria ezin da atzera ireki”

Amagoia Gurrutxagak, Zarauzko postalak. 36ko gerra liburua aurkezteko prentsaurreko agerraldian, liburu hau osatzeko lanak egin ahala ateratzen joan den ondorioak nabarmendu zituen atzo. Honakoak, zehazki, hitzez hitz:

BSQAP215 Folder VI Pg. 16

36ko gerra ez zen 1939an amaitu, liburuetan hala idatzita egon arren. Arerio politikoak akabatzen, jipoitzen, kartzelaratzen, zigortzen, umiliatzen segitu zuten frankismoak iraun zuen bitartean. Eta isiltasuna ezarri zuten gero, gertatutakoaz hitz egitea tabu bihurtu eta desmemoria eta ohore legeak onartzearekin batera. Horri esker, Juan Paredes Manot Txiki-ri terrorista deitzen zaio XXI. mendean, Francoren diktadura garaian bezalaxe.

Liburu hau ez da zauriak berriz irekitzeko, kontrakoa baizik. Itxi ez den zauria ezin da atzera ireki. Eta biktimei buruz hitz egiten hasi eta euretaz ez direla ari sentitzen duten bakoitzean, zauria haragi bizitan jartzen zaie askori herri honetan. Inoiz itxi gabeko zauriak zornetan daude oraindik, ordukoak hitz egiteko gaur egun ere daukagun ezintasunak uzten du agerian hori. Zauriok garbitzen hasteko tresna izan nahi luke lan honek.

Hau ez da iraganari buruzko liburu bat, beraz. 1936ko uztailaren ondorengoek gure orainaldian utzitako marken norainokoaz ari da. Gure aurrekoek herentzian etxea, erlojua edo dena delakoa uzten digutenean etxe hori, erloju hori eta dena delako hori gure orainaldiko parte bihurtzen diren bezala, gure aurrekoek herentzian utzi diguten kultura sozial, politiko eta ekonomikoa ere gure orainaldiko parte nabarmena direlako. 45 urtetik gorako guztiak frankismo nazional-katolikoak hezitakoak dira gurean, batzuk frankismoaren aurka eta besteak alde, baina frankismoa beti erreferente zutela. Ezin ukatuko dugu, beraz, frankismoak oraintxe bertan gurean daukan pisua. 45 urtetik beherakoek ez dakite, ordea, zer gertatu zen. Militar faxisten eta haien aldekoen mesederako, egin zituzten guztiak ezjakintasunaren zigorgabetasunak estali dituelako.

Liburu hau ez da ezeren amaiera. Ez luke nahi, behintzat. Lan hau lehen aipatu dudan herentziaren paper guztiak ezagutzeko, irakurtzeko, gaurkotzeko saio xume bat da. Lanean hasteko abiapuntu bat. Paper mordoa dago oraindik aurkitzeko, testigantza mordoa jasotzeko. Herentzia hori denona da, denon artean osatu behar genuke. Gerra galtzaile batzuek, duela 35 urte, oso argi eduki zuten lan horren beharra. Jazarpenari buruz bildu ahal izan zuten informazio guztia bildu zuten, gehiago gerta ez zedin. Lan hari esker, diktaduraren norainokoa imajina dezakegu. Eta haien lana ere osatzeko dago oraindik.

Horregatik sortu dugu kulturazarautz.org/zarautz1936 webgunea, etxe partikularretan eduki ditzakezuen argazkiak, agiriak eta bestelako materialak bildu eta denon eskuragarri jarri ahal izateko. Gertatutakoaren benetako neurria hartu ahal izateko. Herrian bertan fronterik izan ez arren hainbeste hildako, preso, esklabo eta desjabetu utzi zituen garaiaren herentzia behar bezala kudeatzeko.

Bukatzeko, aholku bat: etxeko zaharrenei galde iezaiozue garai haietako bizipenei buruz. Istorio harrigarriak eta argigarriak entzun ditzakezue”.

Utzi iruzkina