«Jazarrien umeek ere ezer ez dakite; frankismoaren lorpen handienetako bat horixe da»

36ko gerrak eta frankismoak Zarautzen utzitako minari buruz liburua egin du Gurrutxagak, lekukotasunak ardatz hartuta. Zauriek itxi gabe segitzen dutela uste du: «Terapia kolektibo bat behar du herri honek».

Garikoitz Goikoetxea
Berria, 2013-05-29

[Argazkia: Juan Carlos Ruiz, Argazki Press]

Galtzen ari da ohitura, baina urteetan postalak izan dira bidaien lekukotasunak emateko bide. Zarautzera (Gipuzkoa) joan ohi zirenek bazuten ohitura. 36ko gerran, ordea, hegoak moztu zizkieten. «Zentsura errazteko», agindu zieten argi idazteko, koderik gabe eta gutun azalak irekita. «Bestela, ez dugu igorriko», ohartarazi zieten postetxean. Zarauzko postalak. 36ko gerra liburuan bildu ditu gudak ekarri zituen ezinak Amagoia Gurrutxaga BERRIAko kazetariak (Matxinbenta, Gipuzkoa, 1971).

36ko gerraz eta frankismoaz ikerlan bat. Bonbardaketak jasan zituzten herrietakoak datoz burura. Badirudi beste herrietan ez zela ezer gertatu.

Kazetari lanagatik gerra garaiko testigantza mordoa entzun behar izan dut, eta gaia oso garrantzitsua iruditu izan zait beti. Zarautzen orain hamar bat urte hasi ginen testigantzak biltzen Jon Benito eta biok, gure kontura, ikusita jende hori gero eta zaharragoa zela eta galtzeko arriskua zegoela. Orain etorri da lana osatzeko aukera; zorretan nengoen elkarrizketatuekin. Bide horretan ohartu naiz gauza batzuk lehen aldiz ari zirela kontatzen, etxekoek ere ez zekizkitela. Gertatu izan zait nire adinekoei galdetu zerbait gerrari buruz, eta erantzutea Zarautzen ez zela ezer gertatu. Gezurra. Gutxienez bost lagun desagerrarazi zituzten, hainbat pertsona epaiketa guztiz sumarioetan zigortu eta hil —bat garrotez—, ehunka eta ehunka lagunek ihes egin zuten —karlistek zioten herri erdia joan zela—… Horien umeek ez dakite ezer. Horixe izan da frankismoaren lorpen handienetako bat.

Pedagogia lana egiteko dago, beraz?

Noski. Areago, esango nuke terapia kolektibo bat egin behar duela herri honek. Orain ari gara terapiaren parte bati buruz bolo-bolo, politikagintzan lehen lerroan dagoelako. Terapia hori ez da Franco hildakoan hasi. Heriotza politikoak Franco hil aurretik ere gertatu ziren hemen, eta 36ko altxamendu faxista horren adibide da, Zarautzen esaterako: ez zen frenterik egon, eta jendea garbitu egin zuten euren pentsamenduagatik.

Gehiengo abertzalea izanagatik ere, frankistek topatu zituzten aldekoak Zarautzen bertan, kontrol lanerako.

Frankismoa ezin da ulertu kolaborazionistarik gabe. Franco ez zen zaharrez hilko ez balitu aldeko asko eduki. Zarautzen, adibidez, errepublika ezarri zenean, karlistak ziren nagusi, eta gora ari ziren euskal abertzaleak —ezkerrak ez zeukan hainbeste indar—; 36ko altxamenduaren atarirako, euskal abertzaleak ziren indartsuenak. Aldaketa egina zen. Karlistak ziren kolaborazionistak, batez ere. Ordenaren izenean. Ez dakit hori sinesten zuten, baina ezkerreko ideiekin ordenaren gainbehera etorriko zela zabaldu zuten. Eta errepublika demokrazia zen berez, eta pribilegioak ezabatzea.

Turismo herria izan da Zarautz. Garai haietan ere Espainiatik jendea joaten zen. Zer eragin izan zuen horrek?

Altxamendua gertatu zenean, Zarautz kanpotarrez beteta zegoen, kanpotar dirudunez. Gehienak eskuindarrak ziren, matxinoen aldekoak. Zarautzen segitu behar izan zuten askok, euren jatorrizko tokiak frankistek menderatu arte. Kontrol lana egin zuten. Meliton Pagola parroko karlista salatu zuten, adibidez; elizetan sermoia euskaraz egitea galarazia zuten ordurako, baina hark, ordura arte bezala, euskaraz egiten jarraitu zuen. Kanpotarrek bost salaketa gutxienez ipini zizkioten.

Sinboloak ezabatzeaz asko hitz egin da azken urteetan. Alde horretatik, Zarauzko egoera zer-nolakoa da?

Monte Albertia izeneko etxe bat bada, Albertiako guduaren oroigarri. Baina ez dut uste alde horretatik gauza asko dagoenik. Pertsonak dira arrasto nabarmenena Zarautzen. Jazarrien memoria.

Eta badaukate hitz egiteko gogorik?

Batzuek bai, eta, gogoa baino gehiago, uste dut beharra daukatela. Irudipena daukat terapiaren beharra dutela. Alargundu zituzten emakumeek, adibidez, ezin izan zieten seme-alabei kontatu zer gertatu zen. Beste edozein tokitan traumaz arituko lirateke; herri honetan ez, zauriak irekitzeaz hitz egiten da. Harrigarria.

Hori diote sektore batzuek. Horrelakoekin zauriak irekitzea ez dela ona.

Zorionak eurei, zauriak itxita badituzte. Milaka pertsonak ez dute aukera eduki. Ez zaie aitortzen zer egin dieten, ez da mina aitortzen. Ez naiz ari barkamenaz. Egin zietena aitortzea nahi dute; jakin nahi dute zergatik eta nork. Eta gero eta zailagoa da jakitea.

Era horretako liburuek eta omenaldi ekitaldiek balio diete bide horretan?

Uste dut lasaitua ematen diela kontatzeak. Pertsonak birrinduta uzten dituztenean, beren buruari galdetzen diote zer egin duten gaizki, zer egin duten hori merezi izateko. Hori ere bultzatu da. Argi esan behar zaie ezetz, inork ez duela merezi gertatu zitzaiena.

Amnistia Legea kritikatu dute azkenaldian, egia jakitea zailtzen baitu.

Arazo bat daukagu. Juan Paredes Manot izeneko pertsona bat diktadore baten aurka borrokatu, hark hil terrorista ei zelako, eta gaur egun ere terrorista omen zelako debekatu egiten dira haren omenezko ekitaldiak. Zarautzen gertatu da hori. Arazo bat daukagu. Amnesian oinarritzen dira horrelakoak. Liburuan egia absoluturik ez dago, baina gezurrik ere ez.

Eta egia guztiak badaude liburuan?

Galtzaileen egia dago. Besteek idatzi zuten eurena. Herriz herri jaso zuten hildakoen zerrenda, desjabetuena, izandako kalteena… Zarautzen, adibidez, milioi erdi pezetan zenbatu zituzten kalteak, eta kantitate hori bera baino gehiago isunetan kobratu zuten iritsi eta urte erdi baino lehenago.

Lekukotasunak biltzen segitzeko, webgune hau jarri dute eskura: kulturazarautz.org/zarautz1936

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s