Isilpetik ateratako postalak

BSQAP213 Folder I Pg. 17
[ Argazkiaren jabetza: Renoko Unibertsitatea, Nevada. Jose Maria Huarteren artxibotik ]

Zarautz urte osoan postaletan ezin ederragoa agertzen den herri horietakoa da. Zalantza askorik ez horretan. Postal politen atzean, ordea, errealitate gordina ageri ohi da beti. Begiratzen asmatzea da kontua. Postal bat, azken batean, noizbait norbaitek argazki batean betiko harrapatu duen lekua eta momentua besterik ez baita, baina badakigu gero dena ez dela hain polita. Lorerik ederrena arantza zorrotzenarekin batera ikus daiteke, masusta gozoena sasi arbatsuenetan hazi daiteke, gero postaletan loreak eta masustak soilik agertu arren, arantzak eta sasiak ezkutatuta.

Antzekoa da ahanzturaren gainean eraikitako jendartea. Zauri zaharrak ezin dira besterik gabe ahaztu, isildu, desagerrarazi. Historiak leiho asko ditu, eta ez da zilegia nahi direnak soilik zabalik uztea, iragan gordinena islatzen dutenak ezkutuan eta itxita mantentzen diren bitartean. Azken batean, historia faltsutzeko ahalegina besterik ez da hori. Herri honek, ukatua den heinean, gehiegi daki horri buruz.

Horregatik, Zarauzko Udalak, Euskal Memoria Fundazioarekin batera eta oroimena berreskuratzea ezinbestean egin beharreko ariketa dela iritzita, atzera begiratzea erabaki du. Noizbait zabaldu ziren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria ez ezik, beharrezkoa ere bada gertatu zena bilduta uztea. Batetik zarauztarrek pairatu behar izan zutena ezagutarazteko, eta bestetik altxamendu faxistaren biktimek dagokien aitortza izan dezaten.

Ildo horretan, orain arte ezkutatu dizkiguten postalek osatzen dute esku artean duzun liburua. Zarautzen eta zarauztarren iragan hurbila izan arren, erabat ezezagunak dira orrialde hauetan ageri diren postal gehienak. Kasu askotan beldurragatik isilpean geratu diren lekukotzak dira hainbat. Frankistek eta hauen oinordekoek idatzitako historia ofizialak baztertuak erabat.

Zarauztik gurasorik gabe erbestera ebakuatutako haurrak ezagutuko ditugu orrialde hauetan. Santa Klarako konbentua emakumeentzako kartzela bihurtuta aurkituko dugu. Narros, berriz, komandantzia militarra. Herriko haur milizietako kideak Munoako plazan desfilatzen ikusiko ditugu. Elizak, militarrek, udalak, hedabideek eta Zarauzko Gerra Batzorde Karlistak zuten harreman estua eta erantzukizuna ulertuko dugu. Eta horrela, bata bestearen atzetik, hainbat kontu, gertaera eta istorio lazgarri. Hamaika postal, orain arte kolorerik eta argirik ez zutenak. Ezezagunak genituenak.

Amagoia Ibanek egin duen lan ederrari esker, postal hauek ikusita eta irakurrita, hobeto ezagutuko dugu aurrerantzean Zarautz, gaur egun koloretsu ageri den arren, urte askoan arantza eta sasi artean egon den herria.

Gari Berasaluze
Kultura zinegotzia
Amagoia Gurrutxagaren ‘Zarauzko postalak. 1936ko gerra’ liburuaren hitzaurretik

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s