Amagoia Gurrutxaga: «Francoren tropekin batera, beldur eta gose urteak iritsi ziren»


[ Argazkia eta elkarrizketa: Amaia Ventas. Urola Kostako Hitza, 2012-09-21].

1936an atzoko egunez sartu ziren Francoren tropak Zarautzen. Herria, eta, oro har, Euskal Herria markatu zuen gertakaria izan zen , hurrengo urteetan gosea, beldurra, kontrol soziala izan baitziren zarauztarren egunerokoa.

Amagoia Gurrutxaga Uranga (Matxibenta, 1971) Berria egunkariko kazetariak ondo ezagutzen du urte latz horietan Zarautzen gertatutakoa eta herritarrek bizitakoa, duela 10 urte gaiaren inguruan ikertzen hasi, eta artean liburu bat idazten ari baita.

Zer dela eta bururatu zitzaizun 1936kogerraren inguruko liburua idaztea?
Aspaldidanik interesatzen zait gai hau, egungo gizartean pisu eta eragin zuzena dutelako orduan eta ondorengo 40 urteetan gertatu ziren izugarrikeriek. Baita nagusitu zen eskuin muturreko pentsamenduak ere. Egizu kontu pentsamendu hori txiki-txikitatik irentsiz hazi dela gaur egungo euskal herritarren parte oso-oso handi bat. Baita frankismoaren kontra zeudenak ere. Nahita ere, oso zaila da barreneraino sarrarazitako hainbeste beldur, gezur eta lotsa sentitzeari uztea. Duela 10 bat urte Jon Benito lagunarekin hasi nintzen gai honi buruzko material idatzia biltzen eta elkarrizketak egiten. Hortxe geneuzkan gordeta, eta duela hilabete batzuk Euskal Memoria Fundaziokoek liburua idaztea proposatu zidaten.

Nondik lortu duzu liburua idazteko materiala?
Lehendik bildua genuena, Zarauzko Udalaren artxibategia, Renoko Unibertsitatean dagoen Huarte Jauregi bilduma, Irargi Agiritegia, Espainiako hainbat artxibategi, Ahotsak proiektuaren barruan herrian egindako elkarrizketak, garai hartako prentsa, hango eta hemengo lagunek pasatako paperak eta argazkiak, duela pare bat urte Zarautzen Bakeolakoek egin zuten bilketa laneko aleak. Material hori dut.

Une haiek bertatik bertara bizi zituen herritarren batekin hitz egiteko aukerarik izan al duzu?
Bai. Duela 10 urte elkarrizketatutako asko hilak dira egun, batzuk bizi dira oraindik, hitz egin dezaketen guztiek ez dute hitz egin nahi. Haiek ez dute gerra ahaztu. Galtzaileek, zeresanik ez. Ezin dute. Agintariek ahantzarazi, ezabatu egin nahi izan dituzte haien bizipenen arrastoak. Frankistek eta haien ondorengoek, euren gerra krimenen eta ondorengo izugarrikeriak gertatu zirenik ere ukatzen segitu ahal izateko. Trantsizio osteko agintariek, berriz, arduragabekeria lotsagarriagatik. Horren isla dira gai horri buruz ditugun legeak. Inpunitatea ezarri dute lege horiek. Justizia indarkeria politiko baten biktimei bakarrik zor zaiela esan nahi du lege horrek, eta hiltzaile-zapaltzaile askoren inpunitatea bedeinkatu du.

Liburua idazten ari zara. Zein puntutan zaude egun? Liburua amaitzeko datarik aurreikusi al duzu?
Informazioa biltzen, prozesatzen eta liburuaren hezurdura egin nahian nabil orain. Gauza asko dago, zein sartu eta zein ez erabakitzea da zailena. Kontaketa kronologiko bat ardatz hartuta, pasadizo eta testigantza adierazgarriak jostea da asmoa. Ea zer ateratzen den. Urtarrilarekin amaitu nahi nuke.

Bildu duzun informazioaren arabera, nola izan zen tropa frankistak Zarautza sartu zirenekoa?
Irailaren 20a zen. Herria erdi-hutsik zegoen, ehunka lagunek ospa egin baitzuten matxinoak etortzerako. Uztailaren 17an Francisco Franco eta beste militar espainiar batzuk altxatu zirenean, Zarautz gorriek eta abertzaleek osatutako batzorde batek kontrolatu zuen. Herriko gazte asko Loiolako (Azpeitia) kuartelera joan zen boluntario matxinoen aurka borrokatzekotan. Frankistak herrira heldu zirenean, karlistak ziren nagusi. Udatiar espainiarzale asko ere bazegoen, handi-jende dezente. Bandera gorri-horiz eta txapel gorriz bete zen herria. Ezer txarrik egin ez zutelakoan herritik alde egin ez zuten abertzaleak ere baziren. Horietako batzuek larrutik ordaindu zuten erabaki hori. Ile mozketa publikoak, atxiloketak, isunak, errekisak… etorri ziren. Batzuk fusilatu egin zituzten, zuzenean. Bada irudi bat, gerora finkatuko ziren obsesio eta jarrera zanpatzaileen isla egokia izan daitekeena. Xabier Lizardi poeta zarauztar handiari plaka bat jarria zioten bere jaiotetxean –egungo Cleri taberna inguruan zegoen etxe hura-, alkate karlista bat buru zuen Udalbatzaren erabakiz jarri zuten altxamendua gertatu baino denbora gutxi lehenago. Frankistak herrira sartu orduko, plaka hura mailuaz txiki-txiki egin, eta txalo artean ezabatu zuten. Halakoxea izan zen gerra haren zioa: kontrariotzat zeukaten oro txikitzea, eta haren arrastoak ezabatzea.

Herritarrek horren aurrean erantzun al zuten?
Esan dut lehen jende asko ihes eginda zegoela herritik, eta geratu zirenen artean karlistak nagusi ziren herrian. Berehala egin zuten bat militar matxinoek ezarritako agintariekin. Horretarako gordeta zeuzkaten armak ere atera zituzten. Falangista batzuk ere bazeuden, baina karlistak gehiago ziren askoz.

Zarauztarrak guda bezala, bi zatitan bananduta al zeuden, ala nagusiki alde batekoak ziren?
Karlisten eta abertzaleen artean banatuko nuke nik herria, batez ere. Gorriak ere bazeuden, baina askoz gutxiago. Matxinada izan aurreko azken hauteskundeetan abertzaleek irabazi zuten. Lehia politikoa lehenagotik zetorren. 1934ean, esaterako, Zarautzen izandako liskar bat hizpide izan zen Espainia, Katalunia eta Euskal Herrian. Abertzaleen eta udatiar espainiazaleen artean borroka izan zen abuztuko egun batean, udatiarrek bandera gorri-horia aurretik zutela manifestazioa egin eta udaletxeko balkoian bandera hori astinduz Viva España!-ka aritu ostean. Gazte abertzale batzuek jipoitu egin zituzten udaletxera joandako haiek, eta izugarrizko polemika izan zen. Udatiar askok esan zuen Zarautzera ez zela gehiago bueltatuko. Hori ez zen noilanahiko mehatxua, Zarautz ordurako aldatzen hasia baitzen turismo gehiago erakartzeko. Zarauzko Udaleko eta herriko agintari eskuindarrek udatiar aristokraten eta dirudunen alde egin ohi zuten, menpekotasun handiak zeuden haiekiko.

Tropak herrira sartu zirenean nola aldatu zen Zarauzko bizimodua?
Francoren tropekin batera gose eta beldur urteak etorri ziren. Agur faxista, Espainia inperialistaren ikurrak eta integrismo katoliko beltzena dotrina bihurtu ziren, kontrol soziala asko zorroztu zen. Horren guztiaren kontra mugimendu txikiena egiten zuena zapaldu beharreko labezomorroa zen. Euskara, euskaldun usaina zuen oro debekatu zuten. Narrosko jauregian ezarritako komandantzia militarra zen kontrol
horren bihotza, baina adar oso-oso garrantzitsuak zituen Udaletxean, Zirkulo Karlistan,
Parrokian, Falangeren egoitzan eta herriko eskoletan. Eta herritar askok kolaboratzen zuen
sare horrek behar bezala lan egin zezan, salatari gisa. Horrela hasi zen martxan lau hamarkadaz iraun zuen makinaria beldurgarria. Espainia Bat, Handi eta Librearen izenean egindako krimen eta izugarrikeria guztien arrastoak ezabatzeaz ederki asko arduratu ziren batzuk –oraindik ere segitzen dute-, oso ondo zekiten zertan ari ziren. Isiltasunaren legea ezarri zen. Batzuen isiltasuna inposatu zen, jakina. Giro horretan hazitako aiton-amonen eta gurasoen umeak gara gutako gehienok.

Herrian gaur egun horren aztarnarik geratzen al da?
Aztarna biziena biktimak eta haien senideak dira. Herri honetan, beste askotan bezala, beren hildakoen gorpuak non dauden jakin gabe segitzen dute batzuek. Arrazoi politikoengatik edo salaketa faltsuengatik exekutatutako, esklabo gisa lanean edukitako, txikitutako, umiliatutako, txirotutako… pertsonak eta haien gertukoenak gure artean bizi dira, min horrekin bizi dira. Justizia eskatzeko eskubiderik ez daukatela esaten zaie.

Urola Kostako Hitza, 2012-09-21

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s